25 OCT. 2024 AZKEN PUNTUA Probabilitatea Iker IBARLUZEA Meteorologoa Eguraldia zientzia ez-zehatza da eta hori garbi ikusten dugu egunero iragarpenak egiten ibiltzen garenok. Zer esan nahi dut ez-zehatza dela esatean? Bada, iragartzen duguna edozein momentutan alda daitekeela, labur esanda. Eguraldia iragartzeko garaian meteorologook probabilitatean oinarritzen gara. Eguraldi iragarpena osatzen duten parametro ezberdinak aztertzen dira, mapak begiratu, datuak apuntatu eta interpretazio bat eman. Azken puntu horretan datza probabilitatea, interpretazio bat ematean. Nahiz eta eredu meteorologikoek gauza bat esan, ondoren haizeak, geografiak edo dena delakoak ereduek diotena alda dezakete; horregatik, iragarpenak emateko garaian batzuetan «dezake» hitza irakur dezakegu. Atmosfera oso kaotikoa da eta parametro baten azken uneko aldaketak egindako lan eta iragarpen osoa pikutara bidal dezake. Horregatik da hain zaila eguraldi iragarpen bat zehatz asmatzea, nahiz eta bakar batzuei erraza dela iruditu. Askotan egun bateko tarteaz ematen den iragarpena kamuts bilaka liteke; beraz, pentsa ezazue 5 egun edo gehiagoko tarteaz eginikoak. Horregatik ez dira fidagarriak epe luzera iragarpena ematen duten app horiek. Hala ere, zientzia ez-zehatz izate horrek xarma ematen dio meteorologiari. Horregatik gustatzen zait hainbeste.