GARA Euskal Herriko egunkaria

Gazteei bideratutako aterpetxe bat eraikitzeko bidean da Hendaian


Hendaian, Santiago hotela hartu zuen eraikinean, gazteentzako ostatu bat eraikitzekoa da. Emlamani konpainiak establezimendu hau turismo iraunkorraren eragile bilakatu nahi du, egonaldia prezio eskuragarrian eskainiz, Kazeta.eus-ek jakitera eman duenez.

Eraikina, Gazte Aterpetxeen Federazio Batuari atxikia, bidegurutze estrategiko batean kokatua da, Donejakue bideko erromesei, naturazaleei eta bizikletazaleei begira. 2025eko martxoan irekitzea aurreikusia da, “Bihar urrun da” leloarekin.

Duela dozena bat urtetik itxia zen Santiago Hotela erosi zuen Emlamani enpresak. Herrian ez zen gazteentzako aterpetxerik, eta Ipar Euskal Herrian ere urria da gisa honetako zerbitzuen eskaintza, Alain Cazaux Emlamani enpresako nagusiaren erranetan.

Aterpetxea sasoiko etxebizitzen eskaintza osatzera dator, baina prezio baxuagoekin, Frederic Tranche Hendaiako Herriko Etxeko auzapezordeak azaldu zuenez. «Biziki inportantea da berregina izanen den establezimendu batean ostatu hartzea proposatzea, geltokiko auzotik hurbil eta herriko politika orokor baten parte izanki», agertu zuen.

80 OHE

Akitania Berria eskualdeak 250.000 euro eman dizkio enpresari hotela eraldatzen laguntzeko. Eraikinak «biziz betea» izateko bokazioa du, Cazauxek zehaztu zuenez. Hain zuzen, lotarako 80 leku izanen ditu, lau estaitan banatuak, eta konpromiso ekologikoarekin bat egingo du proiektuak, haren erranetan.