26 OCT. 2024 Han da hemen II Estibaliz EZKERRA Literatura kritikaria Astra Uncetak armak ekoizten jarraitzen du, Astra Defense S.A. izenpean eta Suitzatik orain, 1997an Gernikako fabrikak ateak itxi eta italiar enpresari batek patenteak erosi zizkionetik. Gernikako hiru lantegiek ateak ireki baino lehenagotik ere armak ekoizten ziren Euskal Herrian, eta oraindik ere hala da. Harrotasunez egin ere, Euskal Herriak armagintzaren historiari egindako eta egiteko dituen ekarpenak ospatzen baitituzte erakunde publikoek, hemengoek zein Espainiakoek; ikus bestela Madrilen estatuko enpresa armagileei egin zieten harrera. Arma horiek, ordea, nonbaiten erabiliak izan, izaten ari eta izango dira. Bai, han da hemen. Inplikazioa modu gordinean azaltzen du armagintzak. Badira inplikazio modu sotilagoak, ordea; nazionalismo txepel baten aldarri moduan aurkezten diren negozioak (Israelek okupaturiko lurraldeetarako CAF egiten ari den tranbia) zein puntako teknologiaren ekoizpena, esaterako. Hortxe dugu sateliteak egiten dituen Satlantis Microsats, adibidez; bere burua “Gerra Hotz berri honetan Mendebaldearen alde” diharduen enpresa gisa azaltzen duen enpresak bi egoitza ditu, bata Bizkaian eta bestea AEBetako Floridan. Bigarren horretako zuzendariak ibilbide “oparoa” egina dauka AEBetako Armadan. Atera kontuak. Sateliteez ari garela, ezin ahaztu Elon Musken konpainiari esker espaziora bidalitako Lur-1.