30 OCT. 2024 «Botere handi batek»: superheroiak eta euskal gatazka, komikian txirikordatuta Ikastolen Elkarteko “Xabiroi” komiki aldizkariak bilduma berri bat aurkeztu zuen atzo, “Botere handi batek” izenekoa. Iban Zalduak eta Julen Ribasek elkarlanean osatutako lanean superheroiak eta euskal gatazka dira hari nagusiak. Baina ez da historia liburu bat, istorioa da sorkuntzaren motorra eta helmuga. Iban Zaldua, Julen Ribas eta Nekane Artola, Donostiako atzoko aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU) AMAGOIA MUJIKA DONOSTIA Armada espainolak laborategi ezkutu bat zeukan Bardean 1960ko hamarkada amaieratik. Han esperimentuak egiten ari ziren, gizaki arruntei superbotereak emateko. 1975ean, Franco hil zenean, nahasmena nagusitu zen laborategian eta supergizaki horiek ihes egin zuten. Gehienak Euskal Herrian bertan kokatu ziren eta, denborarekin, euskal gatazkarekin endredatzen hasi ziren. Horixe da “Xabiroi” komiki aldizkariaren bilduma berriaren abiapuntua. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko komiki aldizkaria da “Xabiroi”. 2025ean 20 urte beteko ditu eta dagoeneko uzta oparoa osatu du: 73 aldizkari ale eta 18 bilduma. Azkena, hain justu, “Botere handi batek”, atzo Donostian aurkeztu zutena. Iban Zalduak eta Julen Ribasek ondu dute lan hori. Aldizkarian atalka argitaratu dute 2021. urteaz geroztik eta orain bildumaren zelofan paperez aurkeztu dute. Zalduak esandakoaren arabera, «gaia serioa da. Planteatzen du superheroien sarrera bat euskal gatazkan 1970eko hamarkada erdialdetik 1990eko hamarkadaren bukaerara arte. Baina ez da historia edo kronika liburu bat, ez du asmorik errelatoaren borrokan mugarri bat izateko, ez zuzenean behintzat. Ez du helburu gisa ekarpen bat egitea euskal gatazkaren konponketan. Gure helburua abenturazko komikiaren arloan lan on bat egitea da, Marvelek egiten zuenaren bidetik; pertsonaiak mundu errealaren antza zeukan batean kokatzen zituen. Gure komikian mundu paraleloa gurearen antzekoa da, eta saiatzen gara esploratzen zein bilakaera izango lukeen gure gatazkak, superbotereak dituzten izaki batzuek zeharkatuko balute. Euskal Herriaren historia alternatibo bat sortzen da eta, ondorioz, literarioa. Finean, zertaz ari dira superheroien komikiak: justiziaz -eta hori lortzeko bide diferenteez eta batzuetan aski kontraesankorrez-; aukerez -historiak bide desberdin bat hartzeko aukerez-; erantzukizunaz -zerbait egitearen eta ezer ez egitearen arteko aldeez-; biolentziaz eta biolentziaren albo kalteez; biktimez eta biktimarioez. Euskal gatazka hizpide dugunean, horri buruz aritzen gara». Adin tarte zabalari begirakoa da lana: «Komiki bat da, 14 urteko atsoek eta agureek eta 80 urteko neska-mutilek irakur dezakete». UZTA OPAROAIkastolen Elkarteko proiektua da «Xabiroi» komiki aldizkaria. 20 urte betetzear, uzta oparoa osatu du; 73 aldizkari ale eta 18 bilduma. Bildumetan berria da Iban Zalduak eta Julen Ribasek elkarlanean josi dutena. Euskal Herrian kokatuta dago, 1970eko hamarkada erdialdetik 1990eko amaierara.