30 OCT. 2024 YO, ADICTO Lan txundigarria eta oso zintzoa Gaizka IZAGIRRE HERNANI Izen bereko liburu arrakastatsuaren egokitzapena da. Egilearen benetako gainditze istorioa azaltzen du: hainbat urte eman zituen alkoholarekiko, drogekiko eta sexuarekiko adikzioaren espiral autosuntsitzailean murgilduta. Javier Ginerren errehabilitazio prozesua eta drogekiko mendekotasuna gainditzeko borroka ditu ardatz telesailak, baina, testigantza pertsonal arrunta izateaz harago, adikzioaren izaeraren azterketa sakona eta latza egiten du. Lan txundigarria eta zintzoa da, eta gaiari modu ausart eta gordinean heltzen dio. Kementsua izan behar da norberaren miseriak, zauriak eta sekretuak modu hain zintzoan eta basatian azaltzeko, eta Ginerrek hala egiten du. Estigmaz inguratuta egon ohi den arazo bat desmitifikatzeko eta gizatiartzeko erakusten duen adorea itzela iruditu zait. Modu gordin eta gardenean azaltzen du dena, eta horrek gure pertzepzio eta aurreiritzien inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu. Egitura narratiboa, eta gidoia oro har, telesailaren alderdirik sendoenetakoak dira. Maisuki egituratuta dago guztia, protagonistaren une intimo zein emozionalak drogamenpekotasunaren ondorio sozial eta psikologikoei buruzko azterketa zabalagoekin ezin hobeto orekatu dituzte. Oriol Pla aktoreak egiten duen lana ikaragarria da, ezin deskribatuzkoa; bidaia emozional eta katartiko harrigarri hau haren eskutik egingo dugu. Barrea, negarra, haserrea... emozioen zurrunbilo batean sartu eta erraietatik irtendako antzezpena egiten du. «Pailazoa, gogaikarria eta histrionikoa naiz, harroa, ahoberoa eta friboloa. Nondik hasten da norberaren bizitzaren erretratua?». Protagonistaren beraren offeko ahotsaren bidez murgilduko gara istorioan. Iluntasunetik argitasunera doan tunel batetik eramango gaituen proposamena da, eta miseria intimoak (eta kolektiboak) modu basati bezain zintzoan azaleratzen ditu. Arrastoa uzten duen lana.