30 OCT. 2024 Osakidetzako biltegietarako Lakuaren plana salatu dute langileek Hurrengo urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden Osakidetzako 42 biltegiak itxi eta Iurretako eraikin berrian zentralizatu nahi du zerbitzu osoa Lakuak. Langileak plan honen aurka agertu dira, mugimendu pribatizatzailea dela egotzita. «Osasun sistema publikoari emandako kolpe zuzen bat da hau», gaitzetsi dute. Osakidetzako biltegietako langileen mobilizazioa, Donostiako Ospitalearen aurrean. (GARA) GARA DONOSTIA Osakidetzako biltegietako langileen ordezkariek agerraldia egin zuten astelehenean Donostiako Ospitalearen aurrean, Osasun Sailak erakunde publikoaren biltegi sare osoa «pribatizatzeko egin nahi duen planaren» berri eman eta salatzeko. Gaur egun lan arlo ezberdinetako 180 profesionalek baino gehiagok osatzen dute Osakidetzako biltegien lantaldea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden 42 biltegietatik ospitale, anbulatorio, egoitza edo presondegien sare osoa hornitzen dutenek materiala eskatu, jaso, biltegiratu eta banatzen dute. Azaldu zutenez, «zenbait urtez inbertsio eta hobekuntzarik egin gabe egon ondoren», aurreko zuzendaritzak Osakidetzaren Plataforma Logistiko Berria izeneko plana osatu eta onartu zuen, «eragile eta profesionalen inolako parte hartzerik gabe». 2023ko apirilaren 3an Osasun Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenaren ondoren, biltegi hauek EITBk Iurretan erabiltzen zituen instalakuntza zaharretan kokatu nahi dituzte, dena zentralizaturik. Plataforma berria eraiki ondorengo zortzi urteetan, dauden biltegi guztiak pixkanaka ordezkatu eta itxi egingo dituzte, langileek salatzen dutenez, «180 lanpostu publiko baino gehiago airean utziz eta zentro eta lurralde bakoitzari benetako autonomia eta autosufizientzia ukatuz». «Hau guztia garraio pribatu bidez egingo litzateke eta, kasu batzuetan, gainera, enpresa pribatu kudeatzaile hau izango da Iurretatik bidalitako materiala ospitaleetan bertan unitate edo kokapen zehatzetaraino eramatearen arduraduna. Sistema berria eraiki, hornitu eta martxan jartzea enpresa pribatuen ardura izango da oso-osorik. Modu honetan, aurretik dagoen enplegu publikoaren kalterako izango den egitura pribatu berria sortuz eta zergadunengandik 128 milioi euro baino gehiago poltsikoratuz», salatu izan dute langileek. ALDAKETAK BAI, BAINA EZ HAUEK Langileek onartu dute gaur egungo sistemak aldaketak behar dituela, baina ez dute onartzen Osasun Sailaren plana. «Inork ez du zalantzan jartzen, hainbat urteetako utzikeriaren ondoren, osasunarekin lotutako materiala bezalako aspektu estrategiko batean inbertitzea beharrezkoa dela. Ez du zentzurik, gaur egun gertatzen den bezala, egitura berekoak izanik, Osakidetza osatzen duten zentro ezberdinek, modu bateratuan ordez, leku bakoitzean zenbateko desberdinak negoziatu eta ordaintzea hornitzaile berdin baten materiala beragatik. Ezta ere Osakidetzaren barruan material berdin batek nomenklatura edo kodifikazio desberdinak izatea. Baina horretarako eta planteatzen diren bestelako hobekuntzak aurrera eramateko, ez da beharrezkoa hedatu nahi den proiektua garatu edo zentralizatzea», azaldu zuten Donostian egindako agerraldian. Horrez gain, langileek informazio falta salatu dute: «Urte eta erdi baino gehiagoko ziurgabetasunaren ondoren, langileok zehaztasunik gabeko eta kontraesanez beteriko informazioa besterik ez dugu lortu arduradunen aldetik». Horregatik, oraingo proiektua «berehala gelditzea, biltegiratze beharrak modu komunean aztertzea, eta eragileekin adostutako plan berri bat garatzea» eskatu dute. «Osasun sistema publikoari emandako kolpe zuzen bat da hau. Ez da gure borroka, herritar guztiona baizik. Belaunaldiz belaunaldi ahalegin handiz lortu eta kudeatu diren funtsezko baliabideak eremu publikoan mantentzearen erronka da hau. Herritar gisa modu berdinean eragiten digun erronka, alegia», ohartarazi dute. Hau dela-eta, EAEko biltegi guztiek dinamika bateratu bati ekin diote, proiektua geldiarazten saiatzeko. Osakidetzako langile guztiei, gizarte eragile eta herritarrei urriaren 30etik aurrera 11.00etan ospitale gehienetan asteazkenero egingo dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin dute. ALDAKETAIurretan zentro berria eraiki ondoko zortzi urteetan, gaur dauden 42 biltegiak pixkanaka ordezkatu eta itxi egingo dituzte. Langileek salatu dute modu horretan 180 lanpostu publiko baino gehiago airean utzi eta zentro eta lurralde bakoitzari benetako autonomia eta autosufizientzia ukatuko zaiela.