01 NOV. 2024 Entrevue «Amets hegalariak»: mugitzen gaituen bata bertzeaganako maitasuna Betidaniko lau lagun dira, bi bikote osatu dituztenak, besta batean gozatzen. Samur kontatzen da beren arteko maitasunak nola laguntzen dien jipoi batetik, «bullying»-etik edota suizidiotik ateratzen. Lekeitioko Zine Bileran hautatua izateaz gain, familia txiki bat sortzea lortu du Arrate Fernandez Itxasok «Amets hegalariak» bere film laburrean. Lantaldea gogotsu dago pelikula plaza, lorategi zein kultur etxeetan erakusteko. Filmeko protagonistek modarekin, musikarekin eta dantzarekin partekatzen dituzte beren arteko bilkurak. (AMETS HEGALARIAK) MAIDER IANTZI GOIENETXE Lekeitioko Zine Bileran eman dute berriki Arrate Fernandez Itxasoren “Amets hegalariak”. Arkaitz Gartziandia aktoreak dioenez, galderak sortzen dituen film laburra da -Zer dago honen atzean? Zergatik hau?-. Koadro bat da, pintzelkada aunitz dituena -Zer harreman mota daukat? Eduki nezake bertze bat? Minak eraman nazake nire buruaz bertze egitera?-. Zuzendari eta ekoizleak (Andoain-Donostia, 1973) gauza bitxi bat lortu du: «Entseguak egitea. Horri esker, egun gutxian familia txiki bat sortu dugu», adierazi du Unaxen papera egiten duen antzezleak. Betiko lau lagun dira, orain bi bikote ere badirenak. Garazi (Amaia Irazabal) dantzaria da; Maitane (Amaia Ruiz de Galarreta), ardogilea; Mikel (Jon Plazaola), nekazaria; eta Unax, diziplina anitzeko artista. Orbain batzuk sortuko zaizkie izan dituzten harremanen ondorioz. Konplizitate eta lotura handia dute beren artean eta horrek lagunduko die jipoi batetik, suizidiotik edota bullyingetik ateratzen. «Halako gaiak pil-pilean daude eta begirada jarri nahi izan diet, hortik ateratzeko modua badagoela ikusarazteko eta hezkidetzaren bidez laguntzeko», agertu du zuzendariak. Ametsak erabili dituzte. «Ametsak ez ditugu bakarrik gauez egiten, eguneroko ideiak, desioak, gertakizunak hor daude, iritsi eta hegan doaz, eta datozkigunean nola bizitzen ditugu?». Istorio gordina da, baina maitasunez betea. Komedia, akzioa eta tragedia ditu, bizitza bera kontatzea baita helburua. «Dena ez da arrosaz betea, arantzekin ere tartekatzen da. Baina askotan ez gara horietaz mintzatzen. Ez gaude afektiboki prestatuta, ez zaigu eredurik ematen: zer egin, nola tratatu hala dagoen pertsona? Denak du irtenbidea, baina horretarako jende atsegin eta egokiaz inguratuta egon behar duzu». Hori dena samur kontatzeko giltza aktoreak izan dira. Hurbil eta goxo egin dute lan. «Jonek egiten du aizkolariarena, eta oso modernoa eta irekia da. Oso preziatua. Amaia mahasti baten jabea da, ardurak hartu behar ditu. Mobbing-a jasaten du». Desfile bat ere agertzen da, tartean dauden zailtasunak ikusarazteko. ZORIONEKO Arkaitz Gartziandia (Errenteria-Hernani, 1983) «zorioneko» sentitzen da. “Desagertuta” telesailean eta “El Sacamantecas” pelikulan ari da, bertzeak bertze. Gehienbat Euskal Herrian egiten du lan, antzerkian. «Unax oso irekia da, jakin-nahi handia duena, artista guztiek bezalaxe. Alde horretatik, oso erraza izan da bera jorratzea. Kirolaria ere bada, ni bezala». «Gure gizartean oso argi etiketatzen dugu: heterosexuala, homosexuala, bikotea izatea, ezkonduta egotea... Badira etiketak kode bezala funtzionatzen dutenak, eta bada beste zerbait mugitzen gaituena: benetako maitasuna, batak besteari izan diezaiokeguna. Bada mundu arrazionala, eta bada arima, maitasuna». Pelikula hortik ikusten du. «Arrate elementu bat balitz, haizea litzateke. Ameslaria da, oso baikorra, ez da ixten eta jolasteko prest dago», definitu du. Aldarri bat ere egin du: «ETB1en bultza zezaketen gehiago kalitatezko fikzioa, ze oso jende ona dago. Herri apustua falta da». JAUZIPerlak eta Olimpia musika taldeek hartu dute parte filmean. Eta Andoaingo irudi eskolako ikasleentzat zubi izan da amesten zuten lanean jarraitzeko. «Arlo guztietakoek jauzi bat egin dute».