01 NOV. 2024 IRUNGO HARRERA SAREA IHS, sei urte begiak irekita eta itxiturak zartatzen Sei urte dira Irungo Harrera Sareak begiak ireki eta muga denen bistan jarri zuela. Sarean ari diren hiru boluntarioek, Amets Arzallus, Itziar Gomez eta Malen Garmendiak, denbora horretan egin duten lanaren berri eman zuten Donostian, eta begiak soilik ez, minak min, bihotzak ere irekitzeko beharra nabarmendu zuten. Malen Garmendia, Amets Arzallus eta Itziar Gomez, Donostian eman zuten hitzaldian. (Jon URBE | FOKU) Maddi TXINTXURRETA Euskal Herriaren hegoa eta iparra lotzen dituzten bideetan mugak agertzen eta desagertzen dira, segun eta nor den, nolakoa den, batetik bestera igaro nahi duena. Irundik Hendaiara joan-etorrian ez dute jendarmezko murrurik aurkitu, salbuespenak salbuespen, euskaldun zuriek, baina batez ere 2018az geroztik, ikusi zuten beste gorputz batzuek bazutela hor muga bat, hain desberdina Melillako hesien eta Mediterraneoko olatuen aldean, eta hain antzekoa, aldi berean. Orduan hasi zen Irungo Harrera Sarearen (IHS) bidea. Goldatu elkarte memorialistak antolatutako “Atzoko eta gaurko erbesteratze eta migrazioak” zikloaren barruan, Amets Arzallus, Itziar Gomez eta Malen Garmendia IHSko kideek Bidaso inguruan 2018tik egiten duten lanaren kontakizuna zabaldu zuten Donostiako Okendo Kultur Etxean joan den asteartean. Urte hartako udaren hasieran hasi zen talde bat batzen, ikusita bazela denbora bat Irungo Renferen tren geltokira migranteak iristen hasi zirela (trenez ez, autobusez baizik, bertan gelditzen baitira). Egunak joan eta egunak etorri, instituzioek egoera bideratzeko jarrerarik ez zutela ohartuta, kezkak eta galderak sortu zitzaizkion hainbat pertsonari; besteak beste, orduan SOS Arrazakerian zebilen Itziar Gomezi. Sorreratik hartu du parte Irungo elkartasun sarean, eta hasierako uneak gogoratu zituen Donostiako hitzaldian. Abiapuntua afari bat izan zen. Sinplea, baina sinbolikoki indartsua: herriko jendearen laguntzarekin, Afrikatik Europarako bidaia zeharbideetan ezkutatuta egitera behartuta izan ziren horiek Irun erdiguneko San Juan plazan elkartu ziren otordua egitera, udara hasierako gau batez. Afari soil horrek antolatzaileek espero ez zuten arreta mediatikoa izan zuen eta, geroztik, «bat-bateko antolatze bat suertatu zen», oroitu zuen Gomezek. Hastapenetan, bidean ziren pertsonen oinarrizko beharrak asetzea izan zen IHSren zeregin nagusia, batik bat, otorduak eskaintzea. Baina ibilian ikasten joan dira sarean parte hartzen duten boluntarioak eta, hala, euri egun batek, adibidez, arropa aproposa falta zutela ikusarazi zien, eta hala sortu zen arropategia, jendearen dohaintzekin nahiz militanteen erosketekin hornitzen dutena. Arropategiaren helburua, baina, ez da soilik hotzerako jantzi egokiak banatzea. Kontatu zutenez, Europara iristean -Gurutze Gorriko zentro batera edo itsas portu batera, adibidez-, jantzi bat ematen zaie, «kasik uniforme bat». Eta uniforme horrek bidea zaildu dezake, Poliziak begi-kolpe batez ikusten baitu jantzita daraman pertsona migrantea dela. Halaber, Hendaia aldera Santiago zubia igarotzea ez da erraza -zazpi pertsona hil dira ibaiko uretan itota, eta beste hiru heriotza eragin ditu 2018tik muga politiken zorrozteak Euskal Herrian-, hainbat bider atzera botatzen baitituzte jendarme frantsesek, eta huts bakoitzeko gau bat eman behar dute Irunen. 2018ko udan ez zuten lolekurik, eta Lakaxita gaztetxean atondu zuten eremu bat boluntarioek; olana bat eta lastaira batzuk. «Hasieran, iruditzen zitzaigun ondo artatuta zeudela: olana bat, koltxoiak, jana. Baina konturatu ginen hori ez zela modua eta erabaki genuen Lakaxitatik ateratzea», kontatu zuen Gomezek. Ahal bezala moldatu ziren IHSko kideak gazte afrikarrei -gehienak mutil gazteak direla zehaztu zuten, baina emakume «asko» ezagutu dituztela esan zuten, sarri haurrekin edo haurdun- loleku duinagoak eskaintzeko, ez gutxitan, boluntarioen etxeak zabalduz edo ostatua ordainduz. Baina garbi zuten, beren lana, laguntza praktikoa emateaz gain, politikoki eragitea ere bazela. Hala, arreta postua San Juan plazara mugituz eta handik eraginez, Gomezek sarearen lorpen handienetako gisa definitzen duena iritsiko zen: Gurutze Gorriaren aterpetxea, hiru egunez -batzuetan bost egunez ere bai, ongi azaltzen ez diren salbuespenezko kasuetan- ostatu har dezaten. MUGEN MUTAZIOAK Hori gertatu baino lehen iritsi zen Amets Arzallus IHSra, 2018ko uda amaieran, arreta zentroa artean Lakaxitan zela. Baina atzerago egin zuen denboran, azaltzeko zerk eraman zuen sarera, 1990eko hamarkadaraino. «Hendaiarra naiz, muga ertzean bizi izan naiz beti, ez bada ertz batean, bestean. Lehen mugak bazuen halako gorputz bat, traba zen hara eta hona ibiltzen ginen familiontzat, baina nik 10 urte inguru nituela sortu omen zen Schengen [Europako barne mugetan kontrolik gabeko eremu bat ezartzeko baldintzak eta bermeak ezarri zituen hitzarmena]. Gero muga aldatzen joan zen, eta euskalduna ez zen norbaiten begietatik mugak zer arrisku eta zer traba sor zitzakeen ohartzen hasi nintzen 2018an. Geltokian bai, baina mugaren inguruan ere gero eta jende gehiago agertzen hasi zen, askotan noraezean. Irun edo Behobian bazaude beste aldera begira, ikusten dituzu, batzuetan erdi-ezkutuan, besteetan polizia-furgoneta baten ondoan harrapatuta…», errepasatu zuen. Bereziki asaldatu zuen eszena bat kontatzera pausatu zen. Bertso-afari batetik bueltan zen, autoz, goizaldeko 2.00ak aldera. «Euri giroa zen -ekarri zuen akordura-. Dozena bat pertsona oinez ikusi nuen autobidean, motxila txikiekin. Momentuan ezin erreakzionatu, baina buruan bueltaka gelditu zitzaidan eszena hori. Nire gorputzak esan zuen: zer egin dezaket? Horrela hurbildu nintzen IHSra». Malen Garmendiak ere aitortu zuen inoiz ez zuela ikusi Bidasokoa «muga fisiko bezala». «2018an konturatu nintzen bazela muga bat pertsona arrazializatuentzat. Gurutzatzen saiatzen direnean, itzularazten dituzte Irun aldera. Haiekin hitz egin ondoren, konturatzen zara beraien imajinarioan badutela muga fisikoaren ideia, hesi bat, edo itsaso bat. Ez daude ohituta zubiak ikustera. Kostatzen zaie ulertzea: zein da arazoa? Muga psikologikoa deitzen diogu Irungoari, inpotentzia handiz bizi baitute. Saiatu, eta itzularazi, behin eta berriro. Hildakoak egon dira eta, berez, nork esango luke muga hori gurutzatzea arriskutsua dela? Bada, bai», azaldu zuen. Ez dute konplexurik esateko, eta aldarrikatzeko, baietz, IHSren lanetako bat dela -beste askoren artean- pertsona migranteei muga pasatzen laguntzea, nahiz eta sareko kideek badakiten arriskutsua izan daitekeela: zazpi pertsona epaiketaren zain daude, migrante batzuek beren bidea egin zezaten laguntzeagatik. «Laguntza kriminalizatzen ari dira eta, agian, IHSra hurbiltzeko pauso bat emateko prest zena atzera botako du horrek. Baina guk badakigu elkartasuna ez dela delitua», adierazi zuen Gomezek. Tren geltokitik abiatu eta muga-ertzak ikuskatzeaz arduratzen den lantaldera batu zen Arzallus. «Itzulia egin eta gero bileratxo bat egiten da muga zeharkatu nahi eta behar duenari informazioa emateko. Bide luze eta zaila izan dute, askotan mugak zeharkatu dituzte norbaiten eskutik eta asko ordainduta, eta badakigu gure muga, gaur egun, oinez edo garraio publikoz zeharkatu daitekeela. Donostiatik Topoa iristen da Hendaiara, Hondarribitik doan barkua turistaz betea ikusten dut nik, Irundik Urruñara autobusa dago. Zer gutxiago, behar horrekin, eta jakinda jendea baliatu daitekeela behar horretaz diru asko egiteko, arrisku hori hartu gabe muga pasatzeko informazioa ematea baino?», agertu zuen bertsolariak. Bidean laguntzeko baliabideak eskaintzeaz gain, Arzallusek gaineratu zuen IHSko boluntarioek badutela beste «oinarrizko beharrizan bat» asetzeko beharra, zailagoa agian, baina jana eta lolekua bezain garrantzitsua, bere ustez. «Iristen diren gehienak urteetako bidea egitetik datoz; ondoen iritsi denak oso baldintza gogorrak pasatu ditu. Oinarrizko beharrizan bat da, beraz: jarri ondoan eta maitasun edo goxotasun pixka bat eskaini. Gizatasun pixka bat eskaini, bere autoestimua hain zartatuta dakarren pertsonari. Keinu hori ospitalea non dagoen erakustea bezain garrantzitsua dela uste dut. Muga pasatzeko antsietatez datoz, eta ez da erraza atseden har dezaten, baina garrantzitsua da. Ez gara ari bulego batean informazioa jasotzeko zain dagoen jendearekin, zauriturik, puskatuta dagoen jendearekin baizik», esan zuen. %99,9REN HAUTUA Egun, 40-45 pertsonak parte hartzen du IHSn. Halere, elkartasun sarea «amaraun bat» da, Itziar Gomezek esan zuenez, Irundik landa ere bada jende ugari antolatuta; besteak beste, Hendaian, bidean diren pertsonei Baionara iristen laguntzeaz arduratzen direnak. Baiona baita Hendaiara iristea lortu dutenen lehen helmuga garrantzitsuena, bertako aterpetxeak baduelako «halako berme bat», Arzallusen hitzetan, eta, beraz, bertan «har dezakete arnasa». «Komeria handiena», baina, Irundik Baionara iristeko bidea dela ohartarazi zuen. Berez, Estatu frantsesera igarotzeak asiloa eskatzeko eskubidea galtzea dakar, Europako legediak zehazten baitu migrazio prozesuan ari den pertsonak zapaltzen duen lehen estatu europarrean soilik eska dezakeela babes hori. Asilo eskubidea, beraz, Irunen galtzen da, Europara Estatu espainiarretik iristen diren askoren kasuan. Hori jakin arren, «%99,9k muga igaro nahi dute», argitu zuten hizlariek. Aukera horren alde egiteko arrazoiak askotarikoak izan daitezkeela azaldu zuten: batzuk kolonia frantsesetatik datozelako eta, beraz, hizkuntza menperatzen dutelako; beste batzuek, agian, senide edo lagun bat dute Estatu frantsesean. Baina erabakia argia da: IHSak 40.000 pertsona inguru ezagutu ditu sei urteko ibilbidean, eta horietatik Hegoaldean gelditu eta asiloa eskatzea erabaki dutenak 40 baino gutxiago direla zehaztu zuten. Mugen politikak gogortuko badira ere, «pertsona hauek ez dute beraien bidean etsiko, behar eta desio horietan jarraituko dute», baieztatu zuen Garmendiak. Egoerak iraun bitartean -iraungo du, besteak beste, Gobernu frantsesak berriki iragarri duelako sei hilabetez berrartuko dituela mugetako kontrol iraunkorrak- elkartasuna josten segitzeko asmoz da IHS, eskuak zabal eta begiak erne, migrazioarena ez dadin ulertu «distantziara dagoen ideia abstraktu baten gisan», Arzallusek esan zuenez. Eta mina eman behar badu, eman dezala: «Minak aberasten gaitu. Minak organikoagoa izan behar du, gu ere humanizatu gaitezen. Bestela, iragazgaitz izaten jarraituko dugu, nola migrazioarekin, hala hango eta hemengo gerrekin», esan zuen. Gomez: «Laguntza kriminalizatzen ari dira eta, agian, IHSra hurbiltzeko pausoa emateko prest zena atzera botako du horrek. Baina guk badakigu elkartasuna ez dela delitua» Arzallus: «Zer gutxiago, behar horrekin, eta jakinda jendea baliatu daitekeela behar horretaz diru asko egiteko, arriskua hartu gabe muga pasatzeko informazioa ematea baino?»