GARA Euskal Herriko egunkaria

Kuotak


Bai, bat-batean, ohartu zen urteak zeramatzala euskarazko hitz bakarra ere entzun gabe. Inon, inoren ahotan, inolako egoeratan, inongo lekutan. Garai batean, bizilagunen batek zakurrari egiten ziona, eta okinak beti piztua zuen irratikoa: garai onak, inondik inora. Euskara jakin ez, baina euskara estimatzen zuenez eta euskara ikasi ez, baina interesa zuenez, gauza horiei erreparatzen zien. Batez ere, entzule ona izaki, gorabeherak-gorabehera, harro zioen bere bizitza osoan ez zuela pasa astebete, adibidez, euskal kantu baten pasarteren bat, airean, harrapatu gabe, euskarazko elkarrizketaren baten esaldi mutilaturen bat lapurtu gabe.

Baina okinak erretiroa hartu zuen, eta txakur-jabeak etxebizitza aldatu zuen; heltzear zegoen lehortearen lehen zeinuak. Gero eta zailago egin zitzaion euskararekin tupust egitea. Baina, euskara afizio zaila baino ez zuenez, ez zien kasu gehiegi egin seinaleei. Gaur, ez daki zergatik, oharkabean, ohartu da: sei urte, lau hilabete, 13 egun eta 8 ordu daramatza inoren ahotik euskara apurrik entzun gabe. Eta tristeziak areagotu egin du, dagoeneko, jasanezina egiten zaion isiltasuna.

Horregatik nago kuoten alde, erreparo guztiekin, baina alde. Komunikabide guztiei euskal ekoizpenen “kontsumo” kuota bat ezartzearen alde.