Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LOS WILLIAMS

Futbolaz harago doan kontakizuna

Raul de la Fuente zinemagile nafarrak gizonezkoen Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lana osatu du.

Bi urtez ibili da jokalarien atzetik, Qatarko Munduko Txapelketan parte hartu zutenetik Eurokopara arte. Narrazioa osatzeko, familiaren artxibo pertsonala eta Iñakiren, Nicoren eta amaren arteko bideodei eta ahots oharrak ere erabili dituzte, iraganeko hainbat gertakari antzeztu dituzte eta elkarrizketak egin dizkie williamstarrei, baita haurtzaroko lagunei eta zaleei ere.

Lanak arima futbolzalea duen arren, futbolaz harago doan istorio bat du oinarri, protagonisten ibilbidean garrantzitsuak izan diren zenbait gatazkaren bidez gerturatzen baita horien bizitzara; migrazioari, identitateari, familiari eta arrazakeriari buruzko kontakizuna da.

Osagaiak erakargarriak izanik ere, ezinbestekoa zen guztiari forma eta zentzua ematea; Amaia Remirezek ezin hobeto egituratu du materiala gidoi organiko eta bizi baten bidez.

Afrikaren eta Euskal Herriaren arteko istorioen, testigantzen eta irudien dantza honetan, musikak ere pisu nabarmena du: Mikel Salasek nahasketa ausarta eta polita osatu du. Txalaparta eta irrintziekin batera, Sierra Leonako Chennor Bah musikarien rap doinuak bikainki uztartu ditu. Zenbait abestirekin ere elikatu du soinu banda nagusia: Nina Simoneren “Sinnerman” kantaren unea bereziki indartsua iruditu zait.

Futbolaren alde ilunak ezagutzen ditugu, baina behar den moduan erabiliz gero bozgorailu garrantzitsua izan daiteke: migrazioa edota arrazakeria bezalako gaiei ikusgarritasuna emateko, adibidez. Raul De la Fuentek Williams anaien erreferentzialtasuna baliatu du horretarako.