04 NOV. 2024 Lagundu edo ez Surflari ernegatua Duela 38 urte surf egiten hasi nintzenetik ez dakit zenbat jenderi lagundu diodan itsasotik irteten. Haietako askok laguntza merezi zuten, beste askok ziur aski ez. Adibidez, korrontetik irteten lagundu diedan pertsonen zerrendan, nik dakidala gutxienez polizia bat dago, eta nire printzipioen arabera halako bati laguntza ukatu beharko nioke, inoiz ez baitut haiekin esperientzia onik izan, baina kontua da, unea iristen denean, laguntza behar duen norbait ikusten badut lagundu egiten diodala. Ziur aski moral kristauak eta jaso dugun ondare kulturalak izango dute eraginik, baina itsasoan larri ikusten dudan norbaiti laguntzen badiot, batez ere, inozo hutsa naizelako da. Duela zenbait egun Parlementian ari nintzen surf egiten, Bidarte eta Getaria artean dagoen Lapurdiko olatu zoragarrian. Ura zikin zegoen, etenik gabe bi egunez euria egin ostean ateri zen lehen eguna baitzen. Olatuak nahiko handiak ziren, baina haizea egokia zen. Dena ondo. Urautsira arraunean nindoala surflari bat goitik behera erortzen zen ikusi nuen. Grazia egin zidan, moral kristauak ez baititu berezko erreakzioak zikiratzen. Norbait bizikletatik erortzen ikustea bezala da, lehenik barregura dugu eta gero barregura izan dugula ukatzen saiatzen gara. Badira besteei barre egitea egozten dietenak ere; kontuz horiekin, beren ama ere salduko lukete. Kontua da bi minutu geroago hogei urte inguruko mutila laguntza eske ari zela, erorketan txikota hautsi eta taula galdu baitzuen. Hasieran ez ikusiarena egin nuen, nire inguruan zeuden beste hogei surflariek bezala, gero beste surflariei begiratu nien, agerikoa zen denek entzuten zituztela mutikoaren orroak. Azkenean, urautsia gurutzatu eta mutilaren bila joan nintzen. Ez zen gehiegi saiatu igeri egiten eta laguntza azkarregi eskatu zuela iruditu zitzaidan, baina beldur zen eta sorostea merezi zuela pentsatu nuen. Taularen gainean jarri eta bere ipurdia nire aurpegian nuela arraun egiten hasi nintzen olatuak lehertzen ziren eremurantz. Ubidean, alegia olatuak lehertzen ez ziren gunean, gainontzeko surflari guztiak guri begira ikusi nituen. Helburua olatu batek azpian atzeman eta aparrekin pixkanaka ur-ertzera gerturatzea zen. «Gaizki pasako dugu, baina aterako gara» esan nion frantsesez. «Papa, papa,...», oihuka hasi zen. Harritu nintzen, gurean muturreko egoeretan amarekin gogoratzeko ohitura baitugu. Olatu handi bat gerturatu zenean taulatik bota nuen eta itzulipurdika metro dezente egin genituen ur azpian. Hurrengo olatuekin gauza bera egin genuen, aparrak txikiagoak ziren lekura iritsi ginen arte. Nahiz eta nekatu, mutila agurtu eta ubidera abiatu nintzen surf egiten jarraitzeko. Orduan beste surflari batekin gurutzatu nintzen, apar batean zetorren etzanda, lasai-lasai, eta ez zidan kasurik egin. Mutiko hark laguntza eskatzen zuenean nire ondoan zegon surflaria zen. Alegia, lagundu nion mutikoaren aita. Frantsesa. Helburua olatuek azpian atzeman eta pixkanaka ur-ertzera gerturatzea zen. «Gaizki pasako dugu, baina aterako gara», esan nion frantsesez. «Papa, papa...», oihuka hasi zen.