Nahitaezkoa al da lanera joatea arrisku egoeretan?
Valentzia eta DANAk gehien kaltetutako aldeak lotzen dituen pasabidea laguntzera joaten diren boluntarioen etengabeko fluxua da. Hala eta guztiz, langile batzuk hasi dira kontrako noranzkoan doazen errepideak zeharkatzen: L’Horta Sud herriko bizilagunak dira, atzo berriz ere lanean hasi zirenak. Batzuk, behartuta, eta beste batzuk, dirua behar dutelako bizirauteko.
Mundu guztiak gogoratzen du helikopteroz erreskatatu zuten Mercadonako banaketa furgoneta bateko gidaria. Supermerkatu batean, hainbat pertsonak gertatutakoa aurpegiratu zioten ondoren Juan Roigi. Mercadonako presidenteak “gilipollas” deitu zien. Egoera horren aurrean, askok galdetzen dute ea nahitaezkoa den lanera joatea arrisku egoera horietan.
LANERA EZ JOATEKO ARRAZOIAK
«Zure segurtasuna arriskuan badago, ez joan lanera», adierazi zuen atzo Lan Ministerio espainolak. Hala, Yolanda Diazek esan zuen lau kasutan lanera ez joatea justifikatuko duen araudia lantzen ari dela.
Horren arabera, lanera ez joatea justifikatuta egongo da, lekualdatzeak langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan jar dezakeenean edo kaltetutako eremuak erreskatatzeko eta berreskuratzeko lanak oztopatzen dituenean, betiere telelana ezinezkoa bada.
Langileek desagertutako senideen egoera kudeatu behar dutenean edo haien heriotzaz arduratu behar dutenean ere justifikatuta egongo da.
Gainera, etxebizitzak galtzearen ondorioz lanera joateko prest ez badaude, joan gabe geratu ahal izango dira.
Azkenik, ikastetxeak, egoitzak edo, oro har, zerbitzu publikoak ixtearen ondorioz, senideak zaintzeko premiei aurre egin behar badiete, lanera ez joatea ahal izango dute.
Lan Ministerioak aurreratu zuenez, debekatuta egongo da DANA dela eta bere lanpostuetara joan ez diren langileak kaleratzea, hau da, baliogabetzat joko dira kaleratze horiek.
AURREKO ARAUDIA
Araudia berria da, eta DANAk sortutako ezohiko egoerari erantzuten dio. Hala ere, euri jasen arriskuagatik lanera ez joatea ere aurretiazko legeak babesten du. Zehazki, 4/2023 Errege Lege Dekretuak baldintza klimatologiko txarretarako jarraibideak jasotzen ditu. «Diazek atera zuen dekretua da hori, egoera kritikoen aurrean lana debekatzeko. Madrilen beroak jota hil zen kaleko garbitzaile baten kasuaren ondoren atera zuen», azaldu du Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak.
Zehazki, kanpoan lan egiten duten langileak babestea jasotzen da dekretuan, eta ordutegia egokitu edo murrizteko betebeharra ezartzen da, baita lanik ez egitekoa ere, langileen osasuna bermatu ezin den egoeretan.
Dekretuak jasotzen du lanaldi aldaketa horiek nahitaezkoak direla, Aemetek edo erakunde autonomikoek alerta laranja edo gorria ematen dutenean edozein fenomeno klimatologikori buruz.
«Baina guk uste dugu hori gertatu aurretik babes neurriak hartu behar ditugula beti. Horretarako, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak bi artikulu eskaintzen dizkigu», dio Iriartek. Lehenengoa 44. artikulua da, eta adierazten du Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileak bisita bat egin behar duela jarduera geldiarazteko, berehalako arriskuagatik.
Era beran, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak aukera ematen die enpresei, «berehalako arrisku larria» izanez gero, berehala neurriak hartzeko, langileek beren jarduera eten edo lantokia utz dezaten.
Hala ere, lege horren 21.2 artikuluak langileek beren kabuz, enpresaren oharrik gabe, jarduera eteteko eta uzteko duten eskubidea babesten du, beren bizitzarako edo osasunerako arrisku larria dagoela uste dutenean.
Enpresak neurririk hartzen ez badu, baina langileen ordezkariak badaude, horiek, kideen gehiengoz, arrisku horren eraginpeko langileen jarduera geldiaraztea erabaki ahal izango dute.
ZERGATIK ARAUDI BERRI BAT?
«Lege honek langileen eskaerak idatziz egitea eskatzen du, batzordearen bozketa aurreikusten du... laburbilduz, oso gutxi erabiltzen da, eta ez da alerta egoeretarako erabiltzen, makina baten erabilera, adibidez, arriskutsua izan daitekeenean baizik», nabarmendu du LABeko kideak.
Halaber, Iriartek adierazi du gobernuek ez dutela legea betearazteko gaitasunik. Ikuskatzaile baten bisita behar da, «eta Gipuzkoan, adibidez, 12 daude; Nafarroan, 10. Badakite ez dutela zigorrik jasoko eta horregatik ikusi genuen Mercadonaren langilea furgonetan», adierazi du.
Gainera, aditu askok diote prebentzio sistemak, merkantilismoaren ikuspegitik eraikiak, egoera honetan ez duela balio izan langileen osasun interesak babesteko, eta errealitate klimatikoaren aurrean legea egokitu beharko dela uste dute, langileak babestearren.