06 NOV. 2024 PILOTA Hirugarren finalaren «konfirmazioa» nahi dute Jakak eta Etxeberriak arazorik gabe aukeratu zituzten larunbaterako pilotak. Baikokoak Aspeko nafarra jo zuen faboritotzat, baina honek ez zuen zama hori bere bizkarrean hartu nahi izan. Peio Etxeberriak eta Erik Jakak gustura amaitu zuten saskian aurkitutakoarekin. (Idoia ZABALETA | FOKU) Jon ORMAZABAL Kirol ibilbidearen etapa desberdinetan dauden arren, Erik Jakak eta Peio Etxeberriak haien palmareseko hirugarren finala jomugan dute larunbat honetan Iruñeko Labriten. Biek jarraian jokatu zituzten jokatutako biak, pandemiaren garaiko buruz buruko biak Jakak 2020an, biak Jokin Altunaren aurka, eta kantxa osoko txapela jantzi zuen pronostikoen aurka. Ultzamarrak gertuago ditu jokatutako biak, iazko kaiolakoa eta Binakakoa bere kasuan. Zenotzekoak Lau eta Erdikoa galdu zuen amezketarraren aurka eta Binakakoa irabazi, ordea, Zabaleta lagun, Altuna eta Martijari. Iaz finaletik tanto bakarrera geratu zen lizartzarra eta, freskura puntu bat berreskuratuta, aurten orduko arantzatxoa ateratzeko modua izan dezake. Lau urte geroago, Baikoko elastikoarekin jokatuko lukeen lehena litzateke Jakarentzat eta onenen artean leku bat duela berresteko erarik onena litzateke beretzat. «Edozein jokamolde izanda ere, finalerdietan egotea sekula ez da erraza eta niretzat oso garrantzitsua da, niri buruz gauza onak esaten ditu. Agian bada ni hemen errebotez nagoela usteko duenik, Artolaren aurka jokatzerik izan ez nuen partida horrengatik; baina nik ere gauzak ondo egin nituen jokatu behar izan nuen partida horretan -Zubizarretari 22-6 irabazi zion-, eta tanteoari esker sailkatu nintzen», adierazi zuen material aukeraketan. Zenbakiek ere ondo hitz egiten dute Jakak azken urteetan lortutako erregulartasunaren inguruan. Izan ere, azken bost edizioetatik hirutan gainditu du final laurdenetako mugarri hori. LAUGARRENA JARRAIAN Horretan puntu bat goitik egon da Etxeberria azkenaldian, aurtengoa laugarren aldia baitu jarraian lau onenen artean, nahiz eta azken langa hori iaz bakarrik gainditu zuen. Horiek horrela, Jakak ultzamarraren bizkar jarri du faboritoaren zama, larunbatera begira. «Faboritoena betikoa da, izen batek irten behar badu, berea irtengo da, noski, normala den bezala, ibilbide luzeagoa daramalako azkenaldian finalerdietan eta aurtengo txapelketan eman duen mailagatik». Nafarraren arrapostua: «Ez diot horri bueltarik ematen. Azkenean, hemen larunbatean zerotik hasiko gara eta 22ra heltzen dena izango da finalean. Horretan bakarrik pentsatzen dut». Zuzen erantzun zion gaiari, aparteko garrantzirik eman nahi izan gabe. «Beti esaten dut gauza bera, oso aurkari arriskutsua da, bere jokoa ateratzen badu oso oldarkorra da eta arerio oso zaila. Saiatu behar dut nire jokoa egiten. Lortzen badut, garaipenaren borroka horretan egoteko modua izango dut», gaineratu zuen Aspeko aurrelari nafarrak, aurkariaren dohainen inguruan galdetuta. Jakaren diskurtsoa ere antzekoa izan zen alor honetan, eta ultzamarra goraipatu zuen. «Partida oso zaila izango da, berak erritmo handia jartzen baitio partidari. Gero, defentsa handiko mutila da baita ere, eta berari tanto egitea ez da erraza izaten. Baina nik ere nire armak aprobetxatzen saiatu beharra daukat. Hori egiteko gai banaiz, edonori irabazteko gai naizela badakit, nahiz eta, era berean, gauzak ondo eginda ere, batzuetan ezin izaten den irabazi. Dena den, konfiantzaz nago, eta 22ra heltzeko prest». Labriterako dagoeneko ez da sarrerarik geratzen eta pilotek ere ez dute, printzipioz behintzat, aitzakiarik izango, bi pilotariek gustura amaitu baitzuten saskian aurkitutakoarekin. IKUSMINAFinalerdiek sekulako ikusmina piztu dute. Labriterako dagoeneko ez da sarrerarik geratzen. Astelenarako 46 geratzen ziren atzo arratsaldean, denak 55 eurokoak, hauetariko 18 kantxako errebotean.