06 NOV. 2024 Manuel Lekuona Saria, «karamelu bat» Juan Mari Beltran musikariarentzat Euskal Herriko musikaren arloan ondarea ikertzen, sustatzen eta zabaltzen burututako lanari gorazarre egiteko, Eusko Ikaskuntzak 2024ko Manuel Lekuona Saria Juan Mari Beltrani emango dio. Ibilbide oso baten aitortza izan da saria, musikariaren ustez. Transmisioak duen garrantzia berebizikoa izan da donostiarrarentzat. Gaztetatik hasi zen ia galduta zeuden musika tresnak grabatzen, eta orain haurrekin konektatzeak hunkitu egiten du. Manuel Lekuona Saria udaberrian jasoko du Juan Mari Beltranek. (Jagoba MATEROLA | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA «Karamelu bat, benetan gozoa», horixe izan da Juan Mari Beltranentzat Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Atzo ezagutzera eman zuten lau hautagaien artetik Beltranek eskuratu zuela saria. Musika interpretatzaile, ikertzaile, sustatzaile eta irakasleak udaberrian jasoko du saria. Epaimahaiak adierazi zuenez, Beltranek egindako dibulgazio lana txalotu nahi izan dute sariarekin: «Bere lana dibulgazio multidimentsionala izan da, txikitik unibertsalera joan da. Izan ere, instrumentu familia desberdinak Europako ingurune kulturalean barneratzen eta kokatzen laguntzen du». Gainera, azaldu zuen ondareari «abangoardiako itxura» ematen asmatu duela eta «prestigiorik gabeko» musika tresnei errekonozimendua eman zaiola. Beltranek atzo egindako adierazpenetan esan zuen bera saritzearekin batera bere ibilbidea saritu dutela, eta berekin ibilitakoak gogoratu zituen: «Bidea ez dut bakarrik egin. Jende asko izan dut inguruan, eta niretzat saria izan da aukera izatea horretan guztian ibiltzeko». Hastapenak gogoratuz, kontatu zuen nola 1967an lankide batekin batera magnetofonoarekin joan zen maskarada bat ikustera eta grabatzera: «19 urteko gazte hark magnetonoa zeukan eta gizon haiek grabatzen zituen. Orain gizon hau joaten da kamerarekin Bakaikura, gazteek zortzikoa nola egiten duten grabatzera». 2002. urtean Soinuenea Herri Musikaren Txokoak ateak ireki zituen Oiartzunen. «Soinuenea egindako ibilbidearen azken geltokia izan da. Hor dugun topagunea, biltegia, artxiboa, erakusketa. Kontzertuak antolatzen ditugu. Herri musika eskola bertan dugu... Ibilbidearen errematea izan da, eta beste alde batetik abiapuntua izango da hemendik aurrera», adierazi zuen Beltranek. «Museo bizia» dela nabarmendu zuen, eta jendea bertan elkartzeko eta eztabaidarako gune izateari garrantzia ematen diola. TRANSMISIOAN, KATEBEGI Duela mende erdi baino gehiagotik, Beltranek musika ondarea berreskuratzen, zaintzen eta transmititzen lan egiten du, bai alderdi materialean, bai ez-materialean. Batetik, desagertzeko bidean zeuden musika tresna tradizionalak berreskuratu, eguneratu eta belaunaldi berriei ezagutzera ematea ahalbidetu du. Bestetik, euskal herri errepertorioko konposizioak berreskuratu eta zabaldu ditu, bertako testuinguruen eta kultur erabileren azterketarekin batera. Transmisioan eragile handia izan dira, beraz, Beltran bera eta Soinuenea Herri Musikaren Txokoa. Azaldu zuen eskola izan dela transmisioaren eremu nagusi beretzat, baina baita museoko bisita gidatu bakoitza, ematen dituzten kontzertu didaktikoak edo kalean musika jotzen ari direnean gertatutakoak ere: «Transmisioa ematen da kale bueltan jotzen ari zarenean. Eta, kalean jotzen ari zarela, bat-batean etortzen zaizu ume bat esanez alboka ikasi nahi duela, eta bere gurasoak nahiago zutela pianoa edo akordeoia edo biolina jo. Ba ez, hark alboka nahi du. Zuk transmititu egin duzu». Musika eskolan edo bisita gidatuetan haurren interesa ikusirik zer sentitzen duen galdetuta, emozionatu egiten dela aitortu zuen Beltranek eta aurrera egiteko indarrez bete: «Beteta sentitzen naiz. Nola da posible hauek, Play Stationarekin ari direnak, bat-batean emozionatu egiten direla intxaur batekin egiten duzun txepetxa batekin, edota emozionatzen direla gurekin bisita gidatua egiten duenarekin txalaparta jotzen? Guretzat hori sari bat da». SARIAEUSKO IKASKUNTZAK 1983AN SORTU ZUEN MANUEL LEKUONA SARIA, EUSKAL KULTURAREN ALDE LAN EGIN DUTEN PERTSONAK GORATZEKO HELBURUZ.