I. ESPARZA-GUIMON
SENPERE
Entrevue
LOU ELIZAGOYEN
Senpereko gazte boluntarioa

«Ura igo zen eta sarerik ez zen, ezin genuen laguntza galdetu»

Lou Elizagoyen senpertarra azaroaren 4an itzuli da Vilamarxant herritik. Azken egunetan Valentzia (Herrialde Katalanak) gogor kolpatu duen uholdea nola bizi izan duen kontatu du 23 urteko gazteak Kazeta atarian.

(Guillaume FAUVEAU)

Urriaren 20an abiatu zen Lou Elizagoyen boluntario gisa Europako elkartasun taldearekin misio humanitario bat egitera. Hamabi nazionalitate desberdineko gazteak elkartu ziren Les Rodanes izeneko Vilamarxanteko parke naturalean. Bertan ostatu hartuta, Interpreta Natura elkartea laguntzea zen helburua, naturagunea zainduz eta kudeatuz. «Misio ttipiak» garatzea zen plana, baina urriaren 29an uholdeak etorri ziren.

NOLA BIZI IZAN DITUZUE VALENTZIAKO UHOLDEAK?

Babes zibileko deiak jaso genituen, uholdeen gauean bertan, beraz, kezkatzen hasi nintzen. Gainera, egunean zehar gurekin zen arduraduna ez zen gurekin gauetan, beraz, bakarrik ginen. Ura igotzen ikusi genuen, orkatiletan genuen eta hor piztu zitzaidan benetan kezka: sarerik ez zen, ezin genuen laguntza galdetu gauzak larritzen baziren. Beharrik, aski fite igotzen gelditu zen ura... Nire zakuak egin eta prest utzi nituen leku batean. Paperak nire gainean hartu nituen baita ere, badaezpada. Baina gau horretan ez nintzen konturatu zenbaterainokoak ziren uholdeak. Hurrengo egunean, berriz bizilagunarengana joan ginenean, hor pentsatu nuen: ok, hau larria da.

BIHARAMUNA ETA ONDOKO EGUNAK NOLA IGARO DIRA?

Biharamuna harrigarria zen. Aterpetxea garbitu behar izan genuen. Nahiz eta kalteak pixka bat mugatu genituen bezperatik altzariak salbatuz. Lokatza zegoen nonahi. Garbiketa bukatu eta auzokidea ikustera joan ginen. Bere etxea 500 metrora bakarrik zen, baina han sarraskia zen benetan. Ura gerri mailaraino igo zen, beheko solairu osoa suntsitua zen. Parketa guztiz joana, altzari guziak botatzekoak… Izugarri eskertu zigun esku kolpea.

Beste bizilagun batzuk laguntzera ere joan ginen ondotik, horma bat guztiz iraulita zutelako etxean. Ahal genuena kendu genuen. Astea horrela bukatu dugu, ahal bezala laguntzen, nahiz eta ez zen elkartearen karietara.

ZUEK ZINETEN HERRIAN ARAZO LARRIAK IZAN DITUZTE.

Ura moztua genuen denok, baina ur bidoiak ekarri zizkiguten. Baina gero ez dut gehiegi ikusi herriaren egoera, asteburuan baizik izan nintzelako bertan. Hala ere, agerian zen nondik pasatu zen ura. Arrokarte erraldoiak baziren bidean, nahiz eta traktoreek fite tapatu zituzten. Supermerkatuak huts-hutsak ziren. Edonola ere, sarerik gabe nengoenez, eta denbora gutirekin ibili naizenez, han eta hemen laguntzen, etxera sartu arte ez naiz guziz konturatu.

SARTU BERRI ZARA SENPERERA. ZER ONDORIO ATERA DITUZU?

Aste berezia izan da, baina ez naiz batere damu. Ez ginen egon ez momentu onean, ezta leku onean ere, gure misioa bete ahal izateko, hori ziur da. Alta, taldeko guziek ahal genuena egin genuen, ahal genuen gisara lagundu genuen, eta horrela izan behar zela argi dut. Gauza anitz ikasi ditut, nire bizitzan beste inoiz ikasiko ez nituenak.