07 NOV. 2024 AZKEN PUNTUA Kudeaketa morala Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Al meu país la pluja no sap ploure. O plou poc o plou massa. Si plou poc és la sequera. Si plou massa és la catástrofe». Horrela dio egunotan sarri gogoratu den Raimonen kantuak. «Qui portarà la pluja a escola? Qui li dirà com s’ha de ploure?», jarraitzen du abestiak. Baina euriari ezin zaio euria egiten irakatsi; guk ordea, euriteen aurrean nola jokatu jakiteko protokoloak beharko genituzke. Udan, lehortea zela-eta, igerilekurik izan ez duen Castellóko herri txiki batean bizi da ahizpa. Egunotan, inoizko euri gehien egin du eta, zorionez kalte pertsonalik izan ez badute ere, beldurra eta ezinegona nagusi izan dira. Auto barruan hildakoen ikara ezin irudika daiteke. Kapitalismoaren berezko sinboloa da kotxe baten jabe izatea eta hargatik, kapitalismoak aginduta lanera jo behar zutelako, autoa leku segurura eraman nahi zuten hamaika bizitza galdu dira urak harrapatuta. Eta hau guztia, zientziari muzin eginez, kapitalismoaren aurpegirik krudelena bezala, aldaketa klimatikoa ukatzen duten mandatari psikopatek abisurik eman ez zutelako. Akaso, ez da oraindik unea desastrearen kudeaketa politikoaz aritzeko eta aurrerago aztertu beharko dira jazotako akatsak, gabeziak eta zabarkeriak. Argi dagoena, baina, gertatutakoaren kudeaketa moral krudel eta negargarria da.