07 NOV. 2024 Musikaren kantzelazioak Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea Ondorengo hitzetakoren bat aukeratu zezaketen: bertan behera utzi, indargabetu, ezeztatu, baliogabetu… Baina ez. Bizardunak taldeak birari jarri dion izena: “Azken iraina, kantzelatzen gaituzuen arte”. Aner Peritz Euzkitzek, bestalde, “Kantzelazioa, zatoz, mese” iritzi artikulua idatzi du. Biak urriaren 17an argitaratu ziren. Bizardunek agian aurreikusi dute bota dituzten irainek ekarriko dietela biraren kantzelazioa. Aner Peritz erreguka baino agintera-exijentzia batekin dator (zatoz), nahiz eta “mese” leungarria erantsi dion. Anerren artikuluak komunitate feministan eta ez-bitarrean jarraipen handia izan du. Atzo kamiseta bila nenbilen armairuan. Niki-meta baten azpiko aldean Gatibu taldearen hirugarren diskoari dagokion -diseinuagatik diot- ‘kami’-a ikusi nuenean ez nuela berriro jantziko pentsatu nuen, ezta lotarako edo etxe barruan ibiltzeko ere. Kantzelatu diot erabilera, baina kantzelatuko ote nituzke agur-kontzertuak diskriminazioaren inguruan esandakoagatik? Ez. Nahi duena joango da emanaldietara, libreki. Dena den, kontzertu bat antolatu beharko banu, hamaika talde daudenez, besteren bat aukeratuko nuke. Antzekoa gertatuko litzaidake Raimundo El Canasterorekin. Ados nago Anerrekin; hamabost gizonezko espresuki talde bat egiteko batzen direnean aukera guztiak dituzte hizkuntza matxista erabiltzeko euren artean eta bide guztiek homofobiarako norabidea izan dezakete. Musika ez aurritu, musika aurrindu.