GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
EIDER MENDOZa
Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Elkarrekin gobernatu arren, PSEk eta EAJk ez dute berea alde batera uzten»

Gipuzkoara begira jarri eta herrialdearen egoeraz hitz egin zuen atzo Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan. Erabakitzeko eskubidearen inguruan galdetzean nabarmendu zuen bidea «eskutik helduta» egin behar dela, eta horretarako alderdi politikoen arteko «konfiantza» behar dela.

(Jon URBE | FOKU)

Erabakitzeko eskubidearen edo estatusaren inguruan mozioa adostu zuten EH Bilduk eta EAJk irailean eta foru aldundiei eskatu zieten horretan lan egin zezatela. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez, hori da «egin beharreko bidea».

«Gure herriak eskubide batzuk ditu, eta horiek gauzatzeko bide bat egin behar da. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ekarpena egingo du. Baina hori eskutik helduta egin beharra daukagu», azaldu zuen NAIZ Irratiko elkarrizketan. Azken ideia horren harira, nabarmendu zuen alderdi politikoen artean «konfiantza» behar izaten dela.

Horrekiko kritikoa izan da PSE. «Abenturaz» hitz egiten du eta bere indarra baliatzen du presioa eragiteko. Horren aurrean, Mendozak azaldu zuen gobernua osatu zuten momentuan bazekitela alderdi politiko bakoitzaren izaera zein den. «PSE-EEk eta EAJk ez dute berea alde batera uzten, inondik inora», esan zuen.

Zerga erreforma Bestalde, asteazkenean Denis Itxaso Lakuako Etxebizitza sailburuak esandakoa izan zuten hizpide. Alegia, espero duela foru aldundien zerga erreformak Etxebizitza Sailaren jardunarekin pareko joatea. Horren aurrean, Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi zuen «lan handia» dutela esku artean.

Azaldu zuenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek uztailaren 18an onartu zuten talde txostengilearen ondorio nagusia, eta han jasotzen zena zen zerga aldaketak «hainbat erronka» dituela aurrean eta horiei aurre egiteko «zergaren erreforma» egin behar zela.

«Horretan gabiltza buru-belarri Gipuzkoako Foru Aldundian. Talde txostengilearen ondorioak jaso eta fiskalitatearen forma eman diogu. Orain dagokiguna da jendaurrean jartzea, ekarpenak jasotzea, talde politikoekin horretan sakontzea eta adostasun batera iristea», zehaztu zuen Mendozak.

Berriki EAJk zein PSEk zerga arloko akordioa iragarri dute. Mendozaren ustez, «beharrezkoa» zen akordio hori. «Foru Gobernuaren izenean egiten da Foru Arau proiektua, eta hori Gobernuarena den heinean, PSE eta EAJ gobernuan egonda, adostasun bat egon behar da. Hori erabat naturala da». Hortik aurrera, Batzar Nagusietan proiektua aurkeztea da hurrengo pausoa eta, ondoren, talde politikoekin negoziazioa hasi.

Horretaz, Mendozak espero du negoziazio horietan alderdien arteko adostasunak aurkitzea. Horren harira, hurrengoa azpimarratu zuen ahaldun nagusiak: «Daukagun zerga sistemak lagundu du krisi garaietan ekonomia aurrera ateratzen: enpresak, autonomoak eta familiak. Beraz, orokorrean, esan dezakegu ekonomia hobeto dagoela krisi aurretik baino».

«Etorkizuneko Gipuzkoa» lantzeko aurrekontuak Atzo bertan aurkeztu zuten aurrekontuen proiektua Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eider Mendozaren ustetan, aurrekontu horiek «tresna» gisa erabiltzen dituzte «gipuzkoarrei ekarpen bat» egiteko. «Berrikuntza eta anbizioa nahi dugu, eta hori da eskaintzen duguna aurrekontuen bidez. Gu ez gara konformatzen zerbitzu publiko onak ematearekin. Desberdin egin nahi dugu, eta elkarlanean», esan zuen.

Hori azaltzeko adibide gisa, Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa aipatu zuen: «Jakinda automozioak zer nolako pisua duen gure barne produktu gordinean, hainbesteko aldaketa bizitzen ari den honetan, argi ikusten genuen segizio bat behar zela. Horregatik jarri dugu Mubil estrategia martxan». Bere ustez, honek «segizioa» emango dio «automozioari lotutako industria guztiari».

«Kuantika» ere aipatu zuen Eider Mendozak eta, zehazki, Hyperion izeneko superordenagailu aitzindariaz aritu zen: «Hemendik gutxira irekiko da eraikina, eta hemen superordenagailu bat egongo da martxan. Honek ikerkuntzari eta Gipuzkoako enpresei lagunduko die, aukerak biderkatzeko». Gaineratu zuenez, munduan horrelako sei superordenagailu daude, eta bat Gipuzkoan egongo da.

Beraz, horrekin guztiarekin nabarmendu zuen aurrekontu hauen bidez «etorkizuneko Gipuzkoa» lantzen ari direla Foru Aldunditik. Hala ere, aurrekontu horiek aurrera egin dezaten EH Bildu, Elkarrekin edo PPren babesa behar dute. Horren aurrean adierazi zuen herriak eskatzen duena dela «adostasunetara iristeko gaitasuna» izatea.

«Azken arnasara arte saiatuko gara adostasun horietara iristen. Konfiantza dut gainontzeko alderdi politikoek ere gauza bera egingo dutela», esan zuen argi Eider Mendoza diputatu nagusiak.