08 NOV. 2024 «House»: 20 urte Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Azaroan 20 urte betetzen dira “House” telesaila estreinatu zenetik. Hugh Laurie aktorea izan zuen protagonista ahaztezinaren rola jokatzen eta, Sherlock Holmesen antzeko dedukzio ahalmenari esker, kasu mediko bitxiak eta ezohikoak argitzen zituen. Lehen mediku antiheroia dela esan daiteke. Umore beltza helduleku gisa erabiliz, medikuntzaren munduan girotutako telesailek ordura arte jorratzen ez zituzten hainbat gai mahaigaineratzen zituen, sakonak zein polemikoak; sendagaien gehiegizko erabilera, buru-osasun arazoak, gaixotasun arraroen aurrean nola jokatu edota medikuen etikari buruzkoak, esaterako. Telesailak 177 atal eta zortzi denboraldi izan zituen guztira, eta azken atala 2012an eman zuten. “Scrubs” telesailarekin ere asko gozatzen nuen, baina ospitaleetan girotzen diren serieen artean “House” izan zen ziurrenik harrapatu ninduen lehena; gai horri loturikoak ez dira sekula nire gustukoak izan, galbana eragiten zidaten. Gregory House ezagutu nuenetik, ordea, nire ikuspuntua apur bat aldatu da eta geroztik badira oso gustura ikusi ditudan zenbait izenburu: “Polseres vermelles”, “Nurse Jackie” eta bereziki “This Is Going to Hurt” eta “The Knick”. Azken bi horiek, jorratzen duten gaiaz harago, hizkuntza zinematografikoak eskaintzen dituen erremintak ezin hobeto zukutzen dituzte. Nortasun handikoak eta bikainak dira.