08 NOV. 2024 Entrevue AIORA RENTERIA Zea Mays taldeko abeslaria «Konturatu gaitezen zer nolako momentua bizi dugun» “Elektrizitatea” kantua aski ezaguna da Euskal Herrian eta ez da harritzekoa, 25 urteko bidea egin baitu Zea Mays taldearen eskutik. Hasierako gitarraren riff horretatik hasi eta bukaeraraino harrapatzen gaituen kantu horietakoa da eta mende laurdena ospatzeko bertsio berezi bat aurkeztu du Errekaldeko taldeak. (ZEA MAYS) IKER GURRUTXAGA DONOSTIA Azken egunetan ikusi ditugun irudietan jakin dugu ondoan emakume sorta zabala izan dutela eta gaur dagoeneko denon eskuragarri jarri dute plataforma digitaletan. Bideoklipa atzo, 19.30ean, kaleratu zuten eta gauerdian plataforma digital guztietan zabaldu. Aiora Renteria, ordea, atzo eguerdian izan zen NAIZ Irratiko uhinetan kantuari buruzko xehetasunak ematen. Kantuaren moldaketa berria egin duzue, aurretik ere bai baititu bertsio batzuk. Berriz ere Fernando Velazquezekin elkartu zarete, baina talde osoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean. Eginda zegoen aurretik lana esan duzun bezala, baina oraingorako gure plana zein zen kontatu genion, zati batetarako soilik behar genuela orkestraren zatia, eta berriz ere konponketa bat egin zuen, ideia asko gustatu zitzaiolako. Bertsio honen gauzarik bereziena ez baita Zea Mays edota BOS egotearena, baizik eta 33 emakume abeslari daudela gurekin batera. Sekulako bertsio berezia da. Gu oso hunkituta gaude horrekin. Halako ideia zoro bat izan zen eta aurrera eramatea lortu dugu. Esan duzun moduan 33 emakume batu zarete, baina ideia norbaiti piztu zitzaion. Nolakoa izan da hau guztia koordinatzea? Hasieran diskoaren 25 urteak zirela-eta zer egin eta zer ez pentsatzen ibili ginen eta modu potente batean ospatu nahi genuen. Brainstorming batean ibili ginen gora eta behera eta sasoi hartan ‘‘We are the world’’ dokumentala ikusten ibili ginen. Bada, hortik etorri zen ideia eta ‘‘Elektrizitatea’’ gure ‘‘We are the world’’ propioa bihurtzeko nahia piztu zitzaigun. Hortik abiatu, eta, argi izan genuen emakumeekin egingo genuela, ideia aurrera eramango bazen. Lan handia baina erraza izan zen. Pila bat jende dago, baina beste asko geratu dira kanpoan. Batzuk ez ditugulako abisatu, ez baitzegoen nahi beste emakume batzeko azpiegitura eta aukerarik, baina beste batzuk, ezin zutelako. Konturatzerako 33 batu ginen, baina auskalo zenbat batzeko aukera izan zitekeen. Konturatu gaitezen zer nolako momentua bizi dugun, halako proiektu erraldoi batean ere jende asko kanpoan geratu behar bada. Artistaz beteta gaude eta hori disfrutatu beharra dugu. Inportantea zen denak egun berean eta batera egotea, eta sekulako jaia izan zen, egun osokoa. Ariketa polita ere egin duzue, aurpegi batzuk ezagunak direlako eta beste batzuk, ordea, ez hainbeste. Adibidez, Zoe Igartibururena hor dago. Nik Mamen (Las Vulpes taldeko kidea) ezagutzen nuen, haren ama, eta berarekin hitz egitean aipatu zidan alaba ere musikan zebilela. Bada, etor zedila esan nion; emakumea da eta beste ahots bat eta hasiera bat ere bai. Nire lagun batzuen alaba ere badago, Izaro Altzaga, eta berak ere abestu egiten du eta lekua dauka beste Izaroren ondoan, Olatz Salvadorrekin, Afrika, Itziar Ituño eta daukagun zerrenda super indartsuarekin. Beste izen batzuk ere bazeuden, baina oso zaila da data bat jarri eta agendak lotzea. Ezin ziren 35 pertsona baino gehiago fisikoki estudioan sartu; hortaz, heldu zen une bat «honaino» esan genuena. Gero hasten zara pentsatzen eta konturatzen zara halakoa eta bestea ez ditugula deitu, baina ezinezkoa da. Emakumezkoen talentua Euskal Herrian sobera genuela bagenekien, baina honen bitartez errealitate-kolpe bat ere etorri da nolabait ere. Denok batera hor ikustea, zer nolako giroa sortzen den… Denborarekin ikusten nabil beti gizonezkoez inguratuta ibili naizela ia nire ibilbide musikal guztian, hasi taldetik eta inguru guztiraino. Orain, egia esanda, geroz eta gehiago behar ditut emakumeak nire ondoan, nire taldean, eta hori bai igartzen dudala. Beraz, lan oso interesgarria izan da egin dugun hau, eta etekin oso ederrak eman dituena; niretzat, pertsonalki, oso berezia izan da guztia eta asko zabaldu nau. IDEIA«Hortik etorri zen ideia eta ‘Elektrizitatea’ gure ‘We are the world’ propioa bihurtzeko nahia piztu zitzaigun. Hortik abiatu, eta argi izan genuen emakumeekin egingo genuela, ideia aurrera eramango bazen» KABITU EZIN«Heldu zen une bat «honaino» esan genuena. Gero hasten zara pentsatzen eta konturatzen zara halakoa eta bestea ez ditugula deitu, baina ezinezkoa da»