GARA
BARAKALDO

2.404 familia etxegabetu dituzte, Barakaldon Egaña zendu zenetik

Hamabi urte beteko dira gaur Amaia Egaña Barakaldoko auzokideak bere buruaz beste egin zuenetik, etxegabetuko zutelako. Horren harira, hainbat eragilek agerraldia egin zuten atzo, eta urte hauetan 2.404 familia etxetik bota dituztela salatu zuten.

Barakaldoko Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten.
Barakaldoko Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Azken hamabi urteetan Barakaldoko 2.404 familia etxegabetu dituzte, Amaia Egañaren heriotza gogoratzeko atzo egindako ekitaldian azaldu zutenez. Auzokide barakaldarrak bere buruaz beste egin zuen 2012ko azaroaren 9an, etxetik kanporatua izango zen egunean.

Gertakari tragiko horren harira, herri horretako hainbat eragilek, hala nola Argitan, Emakumeentzako Aholku Etxeak, prekaritatearen eta pobreziaren kontrako Berri-Otxoak plataformak, eta ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT eta CNT sindikatuek elkarretaratzea egin zuten Justizia Jauregiaren aurrean.

Bertan, Amaia Egaña gogoan hartu eta omentzeaz aparte, salatu zuten «hamabi urte pasa direnean, etxegabetzeek indarrean jarraitzen» dutela, baita ere hainbat familia barakaldarrek pairatzen duten «bizitoki-alternatiba faltak» ere.

Azken urteko datuei erreparatuta, 179 familia etxegabetu dituztela azaldu zuten, eta horietatik %88 alokairu egoeran zeudela. Horietako zenbaitzuek, gainera, logela bakarra zuten bizitzeko. «Horrelakoa da udalerri honetan etxebizitza bat eskuratzeko arazoaren larritasuna».

EHUN LAGUN KALEAN BIZI DIRA

Gaineratu zutenez, 7.678 familiak eskatzen dute etxebizitza eskuragarri bat, non eta alokairuaren batez besteko prezioa 880 eurokoa den eta logela bategatik hilabetero 425 euro eskatzen dituzten udalerrian. Hau horrela izanda, aipatu eragileek adierazi zuten ez dela harritzekoa Barakaldoko kaleetan etxerik gabeko ehun lagun bizitzea.

Testuingurua hori izanik, etxegabetzeen aurkako protokoloa aplikatzeko eskatu zuten; hain zuzen, Egañaren heriotzaren ostean, Lakuako Gobernuak, Eudelek eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2013an adostu eta 2019an berretsi zutena. Gogoratu zutenez, protokolo horretan zehazten da etxegabetze baten aurrean gizarte zerbitzuek berehala erantzun, tramiteak abiatu eta bizitzeko alternatiba bat bermatu behar diotela egoera horretan dagoen familiari.