10 NOV. 2024 KOLABORAZIOA Ura bere bidetik at Aster NAVAS Gero eta maizago, kendu dizkiogun espazioak erreklamatzen dizkigu urak. Padura eremu batzuetan eraikitzen ditugu gure etxeak. Bizi garen lurzoruaren ehuneko oso altua zigilatzen dugu, iragazgaitz bihurtuz. Norbaitek esan behar zigun lur eremu horien benetako jabeak itsasoa edo ibaiak direla; usurpazio horrek ondorioak ekarriko dizkigula. Azkeneko dana egundokoa izan da; orain arte hain gertu ikusi izan ez dugun zerbait. Amorrua, haserrea zegoen dena aurretik eramaten zuen korronte marroi horretan. Dena arrastatu eta urperatu du. Batez ere gaurkotasunik hurbilena; hedabideei elikatzeko ustelkeriari eta jazarpenari buruz erabiltzen genituen albiste haiek; guztiz murgildurik geratu dira Gazako sarraskiaz eta ezkerraren krisialdi gorriaz kronikak eta zutabeak. Ura erretiratuko denean, berriro azaleratuko dira, indar, zentzu gutxiagorekin, ahuldurik egongo balira bezala. Gertakarien kateatzea ere bitxia izan da. "Ura bere bidean" ospatu orduko, urak gainezka egin zuen, ura bere bidetik atera zen Valentzian eta Gaztela-Mantxan eta berrehun hildako baino gehiago eragin zituen. Gorpuak bilatzen, Halloweengo datetan… Bere aktualitatea alde batera utzita, bitxia da urarekin dugun maitasun eta beldur harremana. Eta bereziki hemen, ura denborari lotuta hautematen dugulako: hain zuzen ere “ur”-tik datozkigu “urtea” (e-ur-ia/ e-ur-ite/ urte), “urtarrila, aurten, urtaroa”... Azken finean, latitude eta kultura guztiak, baita gurea ere, baliatzen gara likido garden horretaz, metafora gisa, bizitzaren gorabeherak adierazteko: ura mugimenduan, geldituta, itsasora isurtzen, borborka. Ikara hori uxatzeko, urak eragindako zauriak sendatzeko, azalpenen bat topatzeko irudimenera jotzen dugu. Imajinario batean -han suarekin etengabeko lehian dago- espetxeratu behar izan dugu ura: Horra hor, Uholde Nagusia eta Atlantida. Horra hor, esate baterako, Juan Antonio Bayonaren filma, “The Impossible”, 2004ko Indiako ozeanoko tsunamiaren ondorioz gertatutako benetako istorio batean oinarritzen dena. Baita Kevin Costnerren film ezezagunenetako bat ere, “Waterworld”. 1995ean apenas hitz egiten zen oraindik klima aldaketaz, eta, hala ere, istorio horrek itsasoak urpean utzitako mundu bat erakutsi zigun. Literaturan ere adibide ugari ditugu. 1979an, James Grahamek “Lehortea”-n urik ezan oinarrituriko distopia imajinatu zuen. Antzeko ildoan garatzen da Emmi Itärantaren "Uraren memoria" eta Alberto Vazquez Figueroa ere ura hartzen du ardatz gisa, “El agua prometida”-n. «Urte asko geroago, fusilamendu tropelaren aurrean Aureliano Buendía koronelak gogoratu behar zuen aitak izotza ezagutzera eraman zuen arratsalde urrun hura», dio Garcia Marquezek “Ehun urteko bakardadea”-ren lehenengo paragrafoan. Ura… Ura beharrizan, ustekabe eta mehatxutzat. Fantasiaren ubideetara -han suarekin etengabeko lehian dago-, barruratu eta errealitateko lurraldea hondora ez dezan. Mediterraneoa sauna bihurtu dugu; zingira eta ibaietako ertzetaraino heltzen dira gure hiriak. Norbaitek azaldu behar liguke gurea ez den eremu bat inbaditzen ari garela eta larrutik ordainduko dugula. Gero eta maizago, urak imajinazioaren ibaibide guztiak gainezkatuko dituela. En fin Urak eragindako zauriak sendatzeko, azalpenen bat bilatzeko irudimenera jotzen dugu