13 NOV. 2024 PROFILA [ MIREN ARZALLUZ ] #BasquingTheWorld, puntada berri bat Guggenheimeko oihalean Ariane KAMIO DONOSTIA Beti esango dut, izan nahi dudala aktore bat euskal kulturaren nazioartekotze horretan»/«Ni beti izan naiz #BasquingTheWorld eta beti izango naiz. Hashtag hori erabiltzen nuen Etxeparen hasi aurretik ere. Orduan freelance bezala aritzen nintzen lanean atzerrian, Parisen, Anberesen… Eta #BasquingTheWorld aspaldi hasi nintzen sarean erabiltzen»/«Ez dakit polita den hau esatea edo harrokeria den, baina jende askok transmititu dit herri harrotasun hori. Eta hori handia da niretzat. Sentitzea jendeak ez duela ikusten soilik lorpen pertsonal bat bezala, baizik ni ere euskal kultura naizela. Ordezkari bat naizela. Jendeak hori horrela sentitzea gauza oso handia da niretzat. Ez nuke nahi hori harrokeria gisa ikustea inork, baina nire barnean bada satisfazio bat». 2018ko martxoaren 4an egindako adierazpenak dira, Miren Arzalluz Parisko Palais Galliera Museora iritsi berri zela. Urtebete atzera, Etxepare Institutuko zuzendari izendatu zuten, eta aurretik Getariako Balenciaga Museoan ere Fundazioko erakusketa eta bildumaren arduradun gisa aritua zen. Izatez, Cristobal Balenciagaren obraren inguruan munduan dagoen espezialistarik handiena da. Historia izan da bere helduleku nagusia, eta moda izan du pasio. Atzerrian urte luzez lan egin izan du eta eskarmentu handiko pertsona denik ezin uka daiteke. Talentuak gainezka egiten dio zirrikitu guztietatik; bere curriculumak ez du inor engainatzen. Euskal kulturaren zabaltzaile izan da orain arte eta, hain zuzen ere, atzerriak, bere izate hutsagatik, norberagan uzten dituen jakituria hondar horiek etxera ekartzeko ganora iritsi zaio. Bai, badakigu, Xabier Arzalluz zenaren alaba da, baina bere zuhaitz genealogikoak suposa liezaizkiokeenak baino handiagoak izango dira parez pare izango dituen erronkak. Urdaibaikoa izango da horietako bat, zalantzarik gabe, baina kalibre horretako proiektu baten zerumuga arrunt zabala da, eta osotasunezko kudeaketa batek arestian aipatu dugun elementua are beharrezkoago egiten du: talentua. Guggenheim Euskal Herriko proiektu kulturalik nazioartekoena da, bai gurea kanpoan erakusteko, eta baita kanpokoa etxera ekartzeko ere. Elikagai bikaina da kultur zabalkundearen beharrak sortzen duen izurriari aurre egiteko. Eta makina intelektual horri jaten ematen jarraitzea ezinbesteko ariketa izango da aurrerantzean ere. Nolanahi dela, Miren Arzalluzen ibilbidea eta curriculuma errepasatzeaz harago, komenigarria da ere hausnartzea azken urteetan nazioarteko erreferentzia bat nola bihurtu den. Aurrerantzean egingo duen kudeaketa nolakoa izango den nekez iragar daiteke, baina jakina dena da euskal kulturaren ordezkaria izatetik euskal kulturaren muinera sartzea dagokiola orain, eta jostorratza ondo harilkatuta dakarrela dirudi.