13 NOV. 2024 Bilbon euskaraz bizitzeko dauden oztopoak salatu ditu Guka-k Deustuko metro geltokian egindako ekintza baten bidez, Guka-k, herri mugimenduetako eta eragileetako euskaltzaleek osatutako taldeak, Bilbon euskaraz bizitzeko dauden zailtasunak salatu eta euskaraz bizitzeko aukerak ikusarazi zituen. Gukaren ekintza, Deustuko metro geltokian. (Mikel MARTINEZ | FOKU) GARA BILBO Bilboko hainbat herri mugimendutako eta eragileetako euskaltzale aktibistek osatutako taldea, Guka, aurkeztu zuten ekainean, eta atzo, Deustuko metro geltokiko eskailera mekanikoetan egindako ekintza baten bidez, Bizkaiko hiriburuan euskaraz bizitzeko egunero dauden trabak agerrarazi zituen, baita euskararentzako dauden arnasguneak ere. Ekintza sinboliko horretan, eskailera mekanikoaren kontrako noranzkoan, Bilbon euskara erabili ahal izateko korrontearen kontra aritu beharra dagoela nabarmendu nahi izan zuen Guka Bilboko euskaltzaleen plaza askeak. Hala, atzoko ekimenaren bidez gogorarazi zuten «euskara erabili ahal izateko dauden trabak une oro sufritzen dituela Bilbon euskaraz bizi nahi duen orok». Traba horietako batzuk irudikatu zituzten Deustuko metro sarrerako eskaileretan, hala nola euskarazko aisialdiaz gozatzeko zailtasunak, administrazioan beti euskaraz artatuak izateko mugak, euskaltegietako ikasleek euskara praktikatu ahal izateko guneak aurkitzeko dituzten oztopoak eta hiriko merkataritzan eta zerbitzuetan une oro euskarazko harremanei eusteko ezintasuna. Horretaz gain, «euskaldun komunitatea jasaten ari den oldarraldi judiziala» salatzeko ere baliatu zuten Deustun eginiko ekintza. ARNASGUNEAK Era berean, Gukak gogorarazi zuen Bilboko mugimendu euskaltzaleak eta euskaldunen komunitateak «arnasguneak eta euskarazko harremanak zaintzeko espazioak» eraiki dituela urteotan guztiotan. Ildo horretan, kulturgintzan, aisialdian, hezkuntzan, jai batzordeetan edo komunikabideetan, besteak beste, euskaraz lasai aritzeko sortutako guneen balioa azpimarratu zuten atzo, baita euskaltegien sarea egiten ari den ekarpena edo ostalaritzan zein merkataritzan sortu diren euskararentzako gune askeak ere. Gainera, Bilboko euskaldunentzako mezuarekin amaitu zuten atzoko ekimena: Gukako kideek batzeko eta ekiteko deia egin zieten Bilbon dauden milaka euskaltzaleei. ZER DA GUKA? Urte luzez euskararen normalizazioan lanean diharduten zein arnasa berria dakarten taldeak dira ekainean aurkeztutako Guka mugimenduko partaideak. Horien artean daude, besteak beste, Bira espazioa, Berbaizu euskara elkartea, Zenbat Gara elkartea, auzoetako euskara taldeak, euskaltegiak, jaietako eragileak, haur eta gazteen aisialdi taldeak, mugimendu sozialetako aktibistak, bai eta nazio mailako zein tokian tokiko proiektu komunikatiboetako kideak eta euskalgintza nazionaleko kideak ere. HELBURUAK Ekainean eginiko aurkezpenean nabarmendu zituzten Gukaren helburuak: «Bilbon euskaraz bizitzeko aukera erreal bilakatzera goaz, gero eta bilbotar gehiagok euskaraz egiteko hautua egin dezaten. Ez diezagula minorizazioak etsiarazi. Komunitate gisa hedatu eta sendotu behar dugu».