GARA Euskal Herriko egunkaria

«Klera»: gerraren kontrako deia, artearen begirada ezberdinetatik

«Klera» gerraren aurkako aldarri bat da, goxoa, geruza ugarikoa eta hagitz beharrezkoa, atzo Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egindako aurkezpenean definitu zutenez. Jon Mayak Leire Bilbao idazlearekin partekatu zuen ideia, eta honek galdera bat egin zion, erantzuna berarekin zekarrena: «Ausartuko gara haurren heriotzari buruz hitz egiten?». June San Sebastian, Kukai Dantza, Maite Larburu eta David Bernues kide izan dituzte bidean.

June San Sebastian, Jon Maya eta Maite Larburu, «Klera» liburua eskuetan, atzo, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. (Jon URBE | FOKU)

Ilusio bereziarekin eta toki berezi batean aurkeztu zuten atzo “Klera”, egitasmoa ere halakoxea baita. Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoko mahai biribiletako batean jarrita, musika lasaia lagun eta argi baxuarekin, giro hurbil eta goxoan barneratu ginen, Elkarrek eta Kukai Dantzak plazaratutako liburua eskuetan. Jon Mayak kontatu zuenez, Leire Bilbaok eta biek orain urtebete izan zuten solasaldi batetik sortu zen proiektua. Aipatu zuten arteak kontzientzia astindu behar duela. Gainera, Kukain bertze formatu batzuetara eraman nahi zuten beren lan egiteko modua.

Lehenengo pausoa Bilbaoren «testu zoragarri» bat izan zen, hagitz antzeko gelditu dena. June San Sebastian ilustratzaileak irudia jarri zien, Maite Larburuk musika, Kukaik dantza eta David Bernuesek bideoak, «paraleloan eta goxo» lan eginez. Jende anitzen begi, buru eta bihotzak jasotzen ditu, hortaz, obrak.

«Sentsibilizazio eta kontzientziazio lanaz gain, estetikoki ariketa ederra egin dugu. Oso pozik eta zoriontsu nago emaitza artistikoarekin», aitortu zuen bultzatzaile eta zuzendari artistikoak.

Esker hitzak erran zituzten “Klera” osatu duten artista guztiek. Idazleak ere dantzariarekin izandako deia aipatu zuen. «Jonek esan zidan dantzarien jardun eszenikoa oholtzan hasi eta amaitzen zela askotan, eta bazuela euskarri fisiko bat edukitzeko gogoa».

«Askatasun osoa» eman zion idazteko. «Ukrainako gerra puri-purian zegoen, Gazako bonbardaketak ere bai. Eta hala galdetu nion Joni: ‘Ausartuko gara umeen heriotzaz hitz egiten?’». Hala sortu dute gerra baten erdian harrapatuta dagoen ume baten kontakizun fikzionatua.

San Sebastianentzat lehen argitalpena izan da, «oso gozagarria». Koloreen garrantzia nabarmendu zuen, gai hain gordina izanik, haurrengana hurbiltzeko behar izan ditu, zuri-beltzarekin batera. Ume zehatz bat da protagonista, baina anonimotasuna mantentzen du.

OPAKOTASUNA ETA DISTIRA

Larbururentzat «opari bat» izan da “Klera”. «Nire ustez, bete-betean jo dugu dianan. Liburuak dantza egiten du, hotsa du, begiak itxita ikus liteke».

«Musika egiteko opakoa eta distira erabiltzen saiatu naiz, June bezala. Arramazkak larru gainean, harriak, pausoak. Mundu perkusibo opako bat. Palestinan hartutako benetako bonba hotsa errepikatuak, eta horien gainean hasten den armonia ziklo bat. Haur kanta bat, Imanol Larzabalena. Elementu kontrajarri horiekin jolastu naiz. Zorionez, guk jasangarri egin genezake gerra objektu honetan».

Liburuan badira lau bideo, baita bi audio ere. Larbururentzat hagitz garrantzitsua da hori, eta «arnasgune bat» ematen dute, begiak itxi eta nork bere baitan ikusteko.

Biolina aditzen da, a capela anitzetan, hagitz biluzik, Ekialdeko soinu bat ekarriz. Ahotsak ez dio hitz garbirik. Bigarren audioak martxa militar bat iradokitzen du eta zenbakiak erraten ditu, baina bokalak soilik erabiliz, kontsonanterik ez. Izan ere, esplikatu zuenez, bokalak zabalagoak dira; kontsonanteak, berriz, hagitz zehatzak.

Haur baten ahotsa nahi zuenez, Higer Otegi Esnal 9 urteko bizilaguna gonbidatu zuen Larburuk. «Oso ondo kantatzen du. Baiezkoa eman zidan eta udan entseatzen ibili ginen. Oso eskertuta nago. Berak aukeratu zuen Larzabalen kanta hori. Bukaera ederra ematen dio lanari».

Orain, obra hau irakurleentzat beraientzat izan den bezain gozagarria izatea nahi dute artistek.