14 NOV. 2024 CELESTE Iruzur fiskala, thrillerraren bidetik Gaizka IZAGIRRE HERNANI Diego San Jose irundarraren telesail berriak - Elena Traperekin batera sortua- iruzur fiskalaren gai arantzatsuari helduko dio. Protagonista ez da Celeste, bere nemesia baizik. Thriller kostunbrista honen protagonista Sara Santano (Carmen Machi) da, eta bere aurretiko erretiroarekin hasten da kontakizuna; ogasuneko ikuskatzailea da. Bere azken lanegunean, nagusiak sorpresa bat gordeta dauka: Sara ate handitik joatea nahi du eta, horretarako, Celeste abeslari mexikarra Estatu espainiarrean gutxienez 184 egun bizitzen egon dela frogatzeko eskatuko dio. Lortuko balu, Celeste zergak ordaintzera eta Estatuko diru-kutxei 20 milioi euro baino gehiago itzultzera behartuko luke. Umore garratza eta thrillerraren tonu iluna bikainki uztartzen dira serie honetan, baita tentsioa satira sozialarekin ere. «‘Zodiac’ bezalakoa da, baina PFEZ-a tarteko», aipatu zuen San Josek berak aurkezpenean; telesaila esaldi bakar batekin laburbildu beharko banu, ez zait lerroburu hoberik okurritzen. Gidoi zorrotza eta oso originala oinarri duen zerga-thrillerra da, oso ongi egituratua dago eta, gainera, ezin hobeto zukutzen du proposatzen duen guztia. Gidoiarekin batera pertsonaia nagusiaren konposizioa nabarmentzekoa da. Izan ere, Carmen Machi ez da akziozko heroi bat, etorkizun nahiko gris eta aspergarri baten atarian dagoen 70 urte inguruko emakume arrunt bat baizik. Azken enkargu hori izango da bere bizitzako erronka liluragarri bezain kilikagarri berria. Sarak profesionaltasunetik harago doan zenbait erabaki eta ekintza burutuko ditu. Suspensea eta umorea oso ongi orekatzen dituen tonu nahiko berezi batean bilduta, pertsona ospetsuen jazarpen fiskalari eta botereari buruz gogoeta egitera bultzatzen duen telesaila da.