14 NOV. 2024 Pisu turistikoetarako baimen berririk ez Bilbon urtebetez Erabilera turistikoko etxebizitza bat Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) Asier ROBLES BILBO Juan Mari Aburto alkateak urteetan errepikatu du Bilbon «oraindik ez dagoela arazorik turismoarekin», baina azkenean, eta auzo elkarteen hainbat eskaeraren ondoren, Udal Gobernuak horren inguruko neurriak hartzea erabaki du. Pisu turistikoen inguruko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa abiaraziko du eta, bitartean, hiri osoan ez du lizentzia berririk emango. Gobernu Batzordeak urriaren 30ean hartutako erabakia da, eta aste honetan argitaratu du Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Zehazki, HAPOren aldaketa formulatzen hastea erabaki du, «ostatu turistikoei eta etxebizitza kolektiboei dagokienez, Herritarren Partaidetza Programarekin batera». Baina erreforma hori burutu arte, «kautelaz etenda» utziko ditu, urtebetez gehienez ere, Bilboko udal-mugarte osoan erabilera turistikoko etxebizitzak eta erabilera turistikorako etxebizitza partikularretako logelak ezartzeko adostasun txostenen bidez eman diren baimenak». Erabaki hori Lakuako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari jakinarazi dio, Bilboko udalerrian erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak EAEko Enpresen eta Turismo Jardueren Erregistroan inskribatzeko eskaera berriak heltzen direnean «aintzat har ditzan». Gaur egun, Bilbon erabilera turistikoko 1.074 etxebizitza eta 291 logela erregistratuta daude, lizentzia ez dutenak eta apartamentu turistikoak zenbatu barik. Horietako %46 azken hiru urteetan erregistratu dira. Hau da, 632 etxebizitza eta logela turistiko erregistratu dira 2022ko urtarriletik hona. Maiatzean, Alde Zaharreko Bihotzean auzo elkarteak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak pisu turistikoei mugak jartzeko neurriak eskatu zituzten mozio baten bitartez. Zehazki, lizentziak emateari uztea eskatu zuen. Udal Gobernuak neurri batzuk hartzeko konpromisoa hartu zuen, baina turismoaren arazoa hainbesterako ez zela esanez, luzamenduari uko egin zion. Xabier Otxandiano Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak «demagogia» egitea leporatu zion Bihotzean auzo elkarteari. Sei hilabete geroago, Udal Gobernuak iritzia aldatu du eta, orain bai, lizentzia berriak emateari utziko dio. Bihotzeanek salatu duenez, sei hilabete hauetan 150 erregistro berri izan dira. «Bilboko Udalak, utzikeriaz, lobby turistikoaren interesei begira, arazoari hazten utzi dio, eta gaur egungo egoera jasanezin honen arduraduna da», salatu du. Izan ere, atzo bertan, Bihotzeanek eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak presio turistikoaren muga auzoz auzo zehazteko eta desazkunderako neurriak hartzeko eskatu zion Udalari. Etxebizitza alorretik haratago, kaleetan erabilera ekonomikoa mugatzeko neurriak ere exijitu dituzte Bilboko auzo elkarteek, zehazki free tour-ak erregulatzea eta turismora bideratutako dendak arautzea. EH Bilduk ere turismoaren afera bere osotasunean hartzeko neurriak proposatu zituen iraileko udaleko osoko bilkuran eta Gobernuarekin adostu zuen auzoetan turismo-plazen banaketa orekatzea eta tasa turistikoa sustatzea. Izan ere, etxebizitza turistikoez gain, Bizkaiko hiriburuan 34 apartamentu, 17 aterpetxe eta 99 hotel daude. Orotara 18.000 turismo-plaza inguru daude. DATUAKBilbon erabilera turistikoko 1.074 etxebizitza eta 291 logela erregistratuta daude. Horietatik %46 (632) azken hiru urteetan erregistratu dira. Horretaz gain, 34 apartamentu, 17 aterpetxe eta 99 hotel daude. Orotara 18.000 turismo-plaza ofizial inguru daude hirian.