15 NOV. 2024 AZKEN ERROMANTIKOAK Iraganaren zama G.I. HERNANI David P. Sañudo bizkaitarraren lan berria da, eta Txani Rodriguez idazle laudioarrak 2020an idatzitako “Los últimos románticos” eleberrian oinarrituta dago; lau eskuz egokitu dute testua zinemarako. Aurrez hainbat film labur egin ostean, 2020an aurkeztu zuen Perez Sañudok bere lehen lan luzea: “Ane”. Donostiako Zinemaldiko euskal gidoirik onenaren eta euskal zinemaren Irizar sariak jaso zituen hari esker, eta hiru Goya ere bai. Euskaraz filmatu zuen lan hura, eta ETB1 katerako sortutako “Alardea” telesailean ere lan egin zuen. “Azken erromantikoak” izango du bigarren lan luzea. Miren Gaztañagak Iruneren rola jokatzen du; segurtasunik gabeko emakume bakartia da, eta joera hipokondriakoak ditu. Langile klaseko herri industrial baten kanpoaldean dagoen paper-fabrika batean lan egiten du. Bere bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: lankideak, auzokide bat eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko langile bat. Irune iragan pisutsu batean ainguratuta dago, geldirik. Ikuspegi filosofiko batetik, malenkonia erromantiko batean bizi dela esan daiteke. Bere oreka hauskorra lehertu egingo da, bular batean koskor bat detektatzen diotenean.