16 NOV. 2024 EDITORIALA COPen eredua agortzen ari dela gero eta argiago dago Egunotan klima aldaketari buruz Nazio Batuen Erakundeak urtero egiten duen Konferentzia (COP) burutzen ari da Azerbaijanen. 29. goi-bilera da, 1995ean Berlinen lehen biltzarra egin zenetik. Klima aldaketa baden ala ez jada ez da eztabaidatzen. Alta, Lurraren gainazaleko tenperaturaren igoerari aurre egiteko neurrien eta konpromisoen inguruko eztabaidak askoz sofistikatuagoak bihurtu dira. Hori da, hain zuzen, munduko Iparraldeko herrialdeek beren erantzukizuna lausotzeko, beren konpromisoak murrizteko eta aurretik lortutako akordioak birformulatzeko erabiltzen duten moduetako bat. Beste eremu batzuetan erabiltzen duten estrategia bera da, hala nola merkataritza librean edo kanpo inbertsioen babesean. Ez da harritzekoa ia hogeita hamar urteotan berotze globala apenas ez moteltzea. Petrolio eta gas-enpresen lobbystek laguntzen dute bereziki blokeo horretan. Dubain egin zen aurreko gailurra eta 2.456 lobbysta akreditatu ziren. Oraingoan, Bakun, 1.773 lobbysta baino ez daude; hala ere, laugarren ordezkaritza ugariena osatzen dute, anfitrioiaren, Brasilen (hurrengo goi-bileraren antolatzailea) eta Turkiaren atzetik. Baina are lotsagarriagoa da klima aldaketaren aurrean ahulenak diren hamar nazioen ordezkaritzek 1.033 ordezkari baino ez izatea, erregai fosilak erauzten dituzten enpresek baino %42 gutxiago. Desoreka horrek eztabaidetan, erabakietan eta herrialdeen konpromisoetan duen pisua nabarmen geratzen da, erakunde ekologistek salatzen dutenez. Testuinguru horretan, ez da harritzekoa, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusi ohia buru, pertsona ospetsuen talde batek ikuspegi aldaketa bat eskatu izana, COPek adostutako konpromisoak bete eta trantsizio energetikoa bermatzeko. Besteak beste, proposatzen dute energia fosila desagerraraztearen alde ez dauden herrialdeak baztertzea; topaketa txikiagoak eta sarriagoak antolatzea eta konponbideetara bideratuta egotea; kontuak ematea hobetzea eta ordezkaritza bidezkoagoa bultzatzea, hain zuzen, lobbysten presentzia murrizteko. Proposamen arrazoizkoak eta beharrezkoak, erregai fosilen erabilera ezabatzen aurrera egin nahi bada.