18 NOV. 2024 [ TULSI GABBARD ] Presidentegai demokrata izatetik Trumpen gobernura (Charly TRIBALLEAU | AFP) Urtzi URRUTIKOETXEA Donald Trumpen izendapenen artean Alderdi Demokratan nabarmendu zen pertsona bat dago. Tulsi Gabbardek 2020ko hauteskunde primario demokratetan parte hartu zuen; asteon Trumpek Inteligentzia Nazionaleko Zuzendaritzako buru izendatu du Gabbard. Orain, izendapena Senatura joango da, eta batek baino gehiagok goi-ganberak ez berrestea eskatu dute. Duela lau urte, Kamala Harris baino urrunago iritsi zen primarioetan. Areago, Harrisen aurka ezkerretik gogorren jo zuena izan zen primarioetako debatean; San Frantziskon fiskal lanean ziharduela marihuana erabiltzaileak espetxeratu zituela leporatu zion. Primario haietan Gabbard erretiratzen azken-aurrekoa izan zen, Bernie Sanders eta Joe Biden baino geratzen ez zirenean. Lehia utzitakoan, Joe Bidenen alde egin zuen. Lau urte lehenago, Sandersen aldeko izan zen 2016ko primarioetan, eta ezkerreko jarrerak defendatu zituen, hala nola osasun publikoa, doako unibertsitate-ikasketak eta armen kontrola. Ordurako Hawaiiko ordezkari demokrata zen Kongresuan, lehen kongresukide hinduista. Lotura estua dauka Narendra Modi Indiako lehen ministroarekin, eta behin baino gehiagotan bildu da harekin. 2017an Siriara ere bisita sekretua egin zuen Baxar Al-Assadekin elkartzeko, eta hari leporatutako sarraskiak gezurra direla esan izan du. ESKUINERANTZ Militar ohiak (Irakeko gerran soldadu izan zen) gero eta eskuinerago jo du, 2022an Alderdi Demokrata utzi zuen arte, honako mezuarekin: «Ezin dut gehiago jarraitu ‘woke’ izpiritu koldarrak bultzatutako lobby gerrazale elitista batek erabat kontrolpean daukan gaur egungo Alderdi Demokratikoan». Era berean, zurien aurkako arrazismoa egitea leporatu zion bere alderdi ohiari Gabbardek, eta immigrazioari ateak irekitzea. Baina, batez ere, mundua «gerra nuklearrerantz» eramatea leporatu zien demokratei. Ordurako, demokrata eta errepublikano batek baino gehiagok leporatzen zioten Errusiaren aldeko propaganda egitea. Moskun zegoen Ukrainako inbasioa hasi zenean, eta NATOri egotzi zion gerraren erantzukizuna. Joe Bideni Errusia probokatzea ere leporatu zion. AEBko atzerri politikarekin kritiko, geopolitikaren gainetik bakearen aldeko pertsona gisa aurkeztu du bere burua urteetan Gabbardek. «Zaldi-ferraren» politikari deitu izan diote, batzuetan ohi baino ezkerrerago diruditen jarrerak hartuz eta besteetan eskuin muturrera joz. Hare Krishnaren “alt-right” eskuin muturreko adar gisa hartu ohi den Identitatearen Zientziaren Fundazioa (SIF) sektarekin lotu izan dute. Musulmanen, feministen eta homosexualen aurkako historia luzea dauka SIFek. Azken hamahiru hilabeteetan, Israelen aldeko defendatzaile sutsu bihurtu da Gabbard. Palestinaren alde unibertsitateetan eta kalean protestan ari zirenei “erakunde islamista erradikal baten txotxongilo” izatea leporatu die, eta Hamas “militarki eta ideologikoki garaitu” beharra defendatu du. Alderdi demokrata utzita independente gisa agertu arren, berehala hasi zen errepublikanoen kanpainan parte hartzen, itxura guztien arabera aurtengo kanpainan ikusi den ibilbideari ekiteko bidea prestatuz. Lehen ekitaldietako bat, agintaldi erdiko hauteskundeetako mitin bat izan zen Nevadan, euskal jatorriko Adam Laxalt eskuindarraren alde. Azkenean, Laxaltek ez zuen Senaturako aulkia lortu. Ordutik Fox katean parte hartu du, eta bere egin ditu errepublikanoen argudioetako asko. Iraileko eztabaida prestatzen lagundu zion Donald Trumpi. Handik gutxira, presidente ohiaren aldeko ekitaldi batean zen Ipar Carolinan, eta Alderdi Errepublikanoan izena eman zuela jakinarazi zuen. Hauteskundeak igarota, Trumpek hemezortzi inteligentzia-agentzia koordinatzen dituen zuzendaritzako buru izendatuz saritu du Gabbard. 2001eko irailaren 11eko atentatuen ostean sortutako bulegoa da, bere menpe 70.000 langile eta Segurtasun Nazionaleko agentzia garrantzitsuak daude, hala nola, FBI eta CIA. Lehen agintaldian Trumpen aholkulari izandako John Boltonek hau esan du: «Gure segurtasun nazionalarentzat mehatxu larria dela uste dut, azkenaldian bultzatu duen Errusiako propaganda kontuan hartuta». Ez da hori uste duen errepublikano bakarra. Duela lau urte, Kamala Harris baino urrunago iritsi zen primarioetan. Areago, Harrisen aurka ezkerretik gogorren jo zuena izan zen primarioetako debatean.