19 NOV. 2024 LAU ETA ERDIKO FINALAREN ATARIAN Entrevue Unai Laso Baikoko aurrelaria «Laso helduago baten aurrean egon gaitezke, baina esentzia galdu gabe» Aurreko bost finaletan hitzordua Bizkarreta-Gerendiainen eta Corpus amatxiri ohiko bisita egin ostean lotu ostean, seigarren honetarako aitaren aldera jo eta Feliren, aitaren amaren, etxetik horren gertu dagoen -San Adrian auzoan bizi da- Bizkaia pilotalekura deitu gaitu. Han lortu nahi du bere ibilbideko bigarren txapela, kaiolako lehena. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Jon ORMAZABAL Grabagailuaren aurrean baino, kantxan hitz egitea gehiago gustatzen zaien horietakoa da Unai Laso, baina pixkanaka ari zaie neurria hartzen elkarrizketei. Kantxetan bezala, pausatuago sumatzen dugu Bizkarreta-Gerendaingoa, baina ohiko estilo zuzen eta bizi horri uko egin gabe. Kantxan ere hala izan du, helduagoa, baina esentziarik galdu gabe. Esan ohi da «hiltzen ez zaituenak indartsuago egiten zaituela». Zure kasuan hala gertatzen dela dirudi. Bai. Egia esan, nik beti aurrera egin dut, momentu txarrak pasa ditut baina beti aurrera begira, eta bai, hori da nire pentsamendua. Inoiz baino indartsuago sentitzen zara? Ez dakit inoiz baino indartsuago nagoen, baina orain momentu on batean nago eta etekina atera behar zaio. Ez nuke beste momentu batekin konparatuko; oraingo momentua da eta ongi nagoela aprobetxatu nahi nuke. Aldakako ebakuntza egitea erabaki zaila izango zen; orain begiratuta, egokia ematen du . Bai. Erabakia lehenago edo beranduago hartu beharra zegoen, ebakuntza egin, eta ahalik eta hobekien errekuperatu. Binakakoan ikusi zen ez nengoela oraindik oso ondo, baina errekuperatzen jarraitu nuen, errehabilitazioa egiten, Buruz Burukora ondo heldu nintzen eta uda gogorra izan da, partida asko izan ditut, eta bi asteko atsedena izan eta gero, orain oso ondo sentitzen naiz. Aldaka erabat ahaztuta? Ahaztuta ez, beti molestiaren bat daukat, baina lan izugarria egin didate. Ez da aurreko mina bezala, orain molestia txiki bat da eta nik uste lan handia egin dutela osagileek eta nik ere bai. Unai Laso patxadatsuago baten aurrean gaude? Jokoan eta erabakietan beste pausa bat duena? Ez dakit. Nik uste hori heltzen ari naizen seinale ere badela; bizitzaren prozesu bat da. Esperientziarekin, akatsak identifikatzen eta konpontzen joaten zara eta pilotari hobea egiten zara. Nik uste hori ez dela gaurko kontu bat, ibilbide bat dago atzetik eta orain egiten ari naizen lanarekin oso harro nago. Agian, Peioren aurkako partidaren amaiera aldera zerbait gehiago, baina oso pilota gutxi galtzen ari zara. Hori da sekretuetako bat? Bueno, beti galtzen ditut pilota batzuk ze asko arriskatzen dut, baina gakoetako bat bai izaten da hori, partidan egoten jakitea, beste pilotariak baino pilotakada bat gehiago eman eta, bueno, batzuetan ondo irteten da, besteetan ez, baina nik uste hori dela gakoa. Oreka bat bilatzea izango da gakoa; Lasoren esentzia ezin da galdu, pilotazale askok Unai bizi eta ausart hori maite du. Hori da, ezin dut bat-batean nire izaera erabat galdu, batzuetan ondo irteten da eta besteetan ez, baina esentzia ezin dut galdu. Arriskatze hori da nire esentzietako bat eta jendeak Laso hori nahi du. Ez dut uste galduko dudanik, bestela gaizki ibiliko naiz; oso beroa naiz jokoan, baina ikusten duzu 2019ko partida batean akats askoz gehiago, sartu behar ez den pilota askotara sartzen... orain agian hori hobeto kudeatzen dut. Barruko deabru horiek akabatu ez, otzandu dituzula... Bueno, bai hori ere, mentalki oso garrantzitsua da partidan egoten jakitea. Sakean izan duzu sekulako garapena. Sakearekin lan handia egin dut, ordu asko sartu ditut. Banekien ez nuela oso ongi askatzen eta orain asko pentsatzen dut ze sake egin behar dudan. Tantoko pilotakadarik garrantzitsuena da. Entrenatzen sake eta ordu asko izan dira eta jardun dira laguntzen pertsona batzuk, oso garrantzitsuenak direnak nire bizitzan eta oso eskertua nago haiei. Pertsona horiek nortzuk diren esaterik bai? Eneko Yoldik asko lagundu dit, afizionatuetako pilotari handienetako bat izana eta oraindik ere jokatzen duena. Oso sakatzaile ona da, oso lagunak gara eta asko lagundu dit. Badaukazu halako erritual bat sakatzeko orduan, pilotari botea eragin, modu zehatz batean hartu... Bai, bueno, batzuetan bote gehiago ematen dizkiot, ez da zehatzegia, baina ongi etortzen zait, sakean pentsatzeko eta sakera ongi joateko. Gehienbat buruko kontua da, kontzentratua egon eta sakera ondo joateko, sakea egiteko egiten dugun lasterkatxo hori ondo egiteko da gehienbat erritual guztia. Tantoa amaitutakoan ere askotan ikusten zaitugu gora begira. Hori ere kontzentrazioari eusteko da? Gehienbat arnasa ondo hartzeko, bularra gorantz hartuta arnasa gehiago hartzen da eta gehienbat horregatik da; ez da beste ezer. Peiok badu horretarako ohitura, arnasa sakon hartuta itzultzekoa. Aurrekoan epaileak atsedenaldia eman zion gehiegi luzatu zela-eta. Nola ikusten duzu hori? Nik errespetatzen dut. Pilotari bakoitzak bere erritual eta ohiturak ditu, nik badut nirea eta ez dakit besteek zer pentsatuko duten, nik errespetatzen dut bere buelta egiteko modua. Nik uste ondo datorkiola errekuperatzeko. Berez ez daukazue araututa itzuli eta sakea egiteko denbora zehatz bat, ala? Ez, ez dago ezer. Epaileek batzuetan, bai, esaten digute bizkortzeko; gero telebista hor dago gainetik, baina oraingoz ez dugu ez kronometrorik ez ezer, tenisean bezala, eta bakoitzak bere erremintak ditu. Peio Etxeberria gertukoa duzu, gainera. Zenbait urtez elkarrekin aritu zineten Uharteko klubean. Berezi egiten du horrek finala? Bai. Uharten jokatutakoa da hura ere eta han asko ikusten genuen elkar. Ez txiki-txikitatik, baina 10-12 urterekin elkar ezagutzen genuen, beti ongi eraman gara eta ilusioa egiten dit bere aurka jokatzeak. Berak nik baino urtebete gutxiago du, klub berean egon gara, ni bere debutera joan nintzen eta bera nirera etorri zen... eta azkenean oso ongi eraman gara beti. Afizionatuetan ez genuen askotan elkarren aurka jokatu eta biak aurrelariak izanda elkarrekin ere ez. Berak bere bikotekidea zuen eta nik nirea. Nola ikusten duzu Peio? Oso gogorra da; honi irabazi egin beha zaio. Bai, hori da. Ez da gaurko kontua; bigarren finala du segidan lau eta erdian, bere jokoa oso ondo egokitzen da distantzia honetara, posturak oso onak ditu eta gero fisikoki oso ondo prestatuta dago, min handia egiten du bolearekin, sakearekin... pilotari oso gogorra da bere aurka jokatzeko, azkenera arte borrokatu beharko dut. Zure jokoa oldarkorragoa izanda eta berak fisikoki duen ahalmena kontuan izanda, final motza komeni zaizu zuri txapela etxera eraman ahal izateko? Ez dakit. Niri komeni zaidana da nire jokoa egitea eta bera deseroso egon dadila kantxan. Bakoitzak bere partida jokatu behar du eta horretara joango naiz. Labriteko ligaxkako partidan 22-19 irabazi zizun Peiok. Balio izan dizu zerbait ikasteko? Bai, ikusteko zer egin nuen gaizki eta konpontzeko. Txapelketa hasterakoan esan zenuen kaiola dela gehien kostatzen zaizun modalitatea. Emaitzak ikusita, gustua hartu diozu? Bai. Azkenean banekien nire jokoa ateratzen banuen gustura jokatuko nuela, baina kostatzen zait; oso azkarra da, fisikoki oso ongi egon behar zara. Sakearekin aurrerapauso bat eman dut, ze lehen ez nuen oso ondo sakatzen, ez nintzen orain bezala joaten sakera eta egia da gustura nagoela lau eta erdiko honetan. Orain hau tokatzen da eta gero gerokoak. Sakeak gero eta garrantzi handiagoa dauka, batez ere lau eta erdiko txapelketa honetan. Gehiegizkoa ere bai? Bueno, gehiegi... takada handiak egin ahal dituzu, partida gehienetan daude, baina gero ere badaude tanto asko gogorrak, jokatu behar direnak. Egia esan, sakeak asko balio du. Jokin Altunari irabazi zenion, bere modalitatean, Eibarren eta nagusitasunez. Horrek errefortzua behar du zuretzat, ezta? Bai. Garaipen oso handia izan zen. Eta ez bereziki Jokin izateagatik, baina berari bere etxean irabazteak eta nola irabazi nion garrantzitsua da. Baina bereziki nire lana oso ondo egin nuelako eta beste final batera sartu naizelako, oso harro nago. SAKEA «Eneko Yoldik asko lagundu dit; afizionatuetako pilotari handienetako bat izan da, oraindik jokatzen duena; oso sakatzaile ona zen eta oso lagunak gara» LAGUNAK «Peiok eta nik Uharten jokatu genuen, ez txiki-txikitatik, baina 10-12 urterekin ezagutu genuen elkar, beti ongi eraman gara eta ilusioa egiten dit finala bere aurka jokatzeak»