GARA Euskal Herriko egunkaria

Irregulartasunak atzeman dituzte EAEko aldi baterako 10.300 kontratutan


Lakuako Gobernuko Lan Ikuskaritzak balizko irregulartasunak antzeman ditu lanaldi partzialeko 10.300 kontratazio baino gehiagotan aurten. Hori dela eta, 5.310 jakinarazpen bidali dizkie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresei, lanaldi partzialeko lan kontratuetan izan diren iruzur zantzuen berri eman dezaten.

Lan eta Enplegu Sailak atzo azaldu zuenez, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Tresnaren bidez antzeman dira irregulartasun horiek. Halakoetan, gutunak bidaltzen zaizkie lanaldi partzialeko kontratuak dituzten eta lan araudia urratzen duten enpresei, eta ohartarazten zaie Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari aitortutako partzialta- sun-koefizienteak errealitatearekin bat ez datozenean, «berehala jakinarazi behar dituztela datuen aldaketak, langileek benetan egindako lanaldiaren arabera, aitortutako lanaldiaren eta benetan egindakoaren arteko desegokitasuna egiaztatu den egunetik aurrera».

Era berean, jakinarazten zaie Gizarte Segurantzaren likidazio osagarriak sartu beharko dituztela, desoreka horiek gertatu diren denbora tartearen ondoriozko kotizazio diferen- tziengatik. «Lanaldia eta kotizazioa erregularizatzen ez badira, enpresei jakinarazten zaie berrikusi egingo direla eta, hala badagokio, Lurraldeko Lan Ikuskaritzak ikuskatuko dituela».