22 NOV. 2024 ESKUBALOIA Paris 92, Bensheim eta Fredrikstad aurkariez, multzo «ona» dute Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezen iritziz, bere taldeak aukerak ditu final laurdenetara sailkatzeko, «etxean sendo jokatuz gero». Araujo, pozarren, Lublinen aurkako partidan. (Jon URBE | FOKU) GARA Denboraldi honetako EHF European Leagueko multzo fasean izango dituen aurkariak ezagutu zituen atzo Super Amara Bera Berak: HSG Bensheim/Auerbach Flames alemaniarra, Paris 92 frantziarra eta Fredrikstad norvegiarra. «Zortea izan dugu», hori izan zen Imanol Alvarez entrenatzailearen lehen sentsazioa. «Hemen gaude, ez dakigu noiz sartu ahal izango dugun berriro bertan eta dena egin behar dugu sailkatu ahal izateko», adierazi zuen. Txapelketak geldialdia izango du urtarrilera arte, selekzioen Europako Txapelketagatik. Zehazki, Bera Berak urtarrilaren 11n edo 12an hasiko du bere ibilbidea Paris 92 taldearen pistan. Donostiarrek etxean jokatuko duten lehen partida, berriz, urtarrilaren 18an izango da HSG Bensheim/Auerbach Flamesekin. Astebete geroago, 25ean edo 26an, gipuzkoarrek Fredrikstad jasoko dute eta bigarren itzuliari hasiera emateko aurkari hauei bisita egingo diete donostiarrek otsailaren 8an. Ondoren, Paris 92 Gaskara etorriko da otsailaren 19an, eta hiru egun beranduago, 22an, Alvarezen jokalariek ligaxkari amaiera emango diote Alemanian. EHF European League jokatzeagatik, Bera Berak sei jardunaldi aurreratu beharko ditu Ligan: Granollers, Beti Onak, Elx eta Porriño, etxean; eta Rioja eta Malaga, kanpoan. ANALISIA Aurkariak aztertzeko garaian, Imanol Alvarezek esan zuen talde alemaniarren artean, «nahiago genuena» tokatu zaiela. Bundesligako zazpigarren sailkatua da HSG Bensheim, hiru garaipen eta lau porrotekin. «Ikusi beharko da zein erritmotan jokatzen duten. Baina ikusita partida bakoitzean 30 gol sartzen dituztela baina 29 sartzen dizkiotela, argi dago sartzera jokatzen dutela eta ez zaiela axola golak jasotzea», aztertu zuen prestatzaile ermuarrak. Paris 92ri dagokionez, «ezagutzen dugu», aitortu, eta alderdi psikologikotik, behintzat, aprobetxatu beharko luketela nabarmendu zuen. Azkenik, Norvegian jaitsiera postuetan dagoen Fredrikstadek «potentziala galdu duela» argi dago, baina bidaia luzeak eragina izan dezakeela aipatu zuen. BETEBEHARRAKBera Berak zenbait baldintza bete beharko ditu EHF European Leaguen. Gerflor pistan jokatzeaz gainera, EHFk eskatzen du 80 metroko led publizitatea ipintzea, marketin eta komunikazio arloko beste gai batzuekin batera.