22 NOV. 2024 Trumpek Justiziarako hautatutako Matt Gaetz, erori den lehenengoa Fiskal nagusia izateko Donald Trumpek aukeratu zuen pertsonak uko egin behar izan dio. Matt Gaetzek oso zail zeukan Senatuaren oniritzia jasotzea, Washingtonen errepublikano ugari aztoratzeaz gain, adingabe batekin sexua izateko ordaindu zuela ezagutu baita. Matt Gaetz, Atlantan. (Robin RAYNE | CONTACTO) U. URRUTIKOETXEA WASHINGTON AEBetako presidente hautatuak egindako izendapen gehienak polemikoak izan dira, baina badira bereziki nabarmendu diren batzuk. Matt Gaetz izan da denetan muturrekoena. Atzo karguari uko egin zion, bere izendapena «bidegabeki distrakzio bihurtzen» ari zela argudiatuta. Donald Trumpek ohar labur bat argitaratu zuen Gaetzi eskerrak ematen, Floridako kongresista ohiaren ildo beretik: «Oso ondo egiten ari zen, baina era berean ez zuen administraziorako distrakzio bihurtu nahi. Horregatik errespetu handia diot. Mattek etorkizun bikaina dauka». Trumpek Justizia saila zuzentzeko izendatu zuen Gaetz joan den astean; ardura handiegia, abokatu bezala bi urtez baino aritu ez den pertsona batentzat. Gaetz ez da, ordea, eskarmentu handirik gabe kargu baterako aukeratutako bakarra. Eta Trumpek eskrupulu handirik gabeko norbait nahi du, azken urteotan bera ikertu eta auzipetu duten pertsonen aurka jotzeko, Justizia saila goitik behera aldatu eta bere zerbitzura jartzeko. Alarmak piztu zituena eta azkenean Gaetz bere burua baztertzera eraman duena, adingabe batekin (bigarren bat omen dago, CNNren arabera) sexua izateko ordaindu izana da. Gobernuko kide izateko aukeratutako pertsonek Senatuaren onarpena behar dute. Urtarriletik aurrera Ganberan gehiengo errepublikanoa izango den arren, azken egun bietako bilerek Gaetzi agerian utzi diote ez zeukala senatari errepublikano guztien babesa. Kongresuko Ordezkarien Ganberan eman ditu Gaetzek azken urteak. Legealdi honetan errepublikanoen artean ere nabarmendu da, besteak beste, Kevin McCarthy speaker errepublikanoa kanporatzeko matxinadaren buru izan zelako. Historian Kongresuko burua kargugabetzen zen lehen aldia zen. Horrek bakarrik alderdikide askoren etsaitasuna ekarri zion Gaetzi. Lehen ere eskuin muturreko elkarte supremazisten ingurumarian ibilitakoa da. ADINGABEEKIN SEXUA Hori guztia ez da oztopo izan Trumpek Gaetz fiskal nagusi kargurako izendatzeko. Ezta Ordezkarien Ganberako Batzorde Etikoak Gaetzi buruzko ikerketa abiarazita izatea ere. Joan den astean argitaratzekoa zen txostena, baina dimisioa eman zuen izendapena ezagutu bezain laster, eta ondorioak plazaratu gabe geratu da batzordea oraingoz. Ikerketaren motiboak Gaetzen aurkako salaketa ugariak izan ziren, hala nola drogekin eta «sexu jokabide desegokiekin» lotura izateagatik. Floridan antolatutako jaietan internet bidez aurkitutako neskei sexua izateko ordaintzen zieten sare batekin lotu dute Gaetz. Kongresista ez zen ezkutatzen askorik saiatu. Egunotan zenbait hedabidek Gaetzek mugikorrarekin egindako ordainketen agiriak argitaratu dituzte, urte eta erdian hamar mila dolar baino gehiagoko ordainketak bi emakumeri. Bi emakumeek Kongresuaren Etika Batzordean aurrean deklaratu zuten Gaetzekin sexua izan zutela diru truk, “The New York Times’-en arabera. Horietako batek esan zuen Matt Gaetz 17 urteko neska batekin sexu harremanetan ikusi zuela. Floridan egindako jaietan droga eta sexurako ordaindu izana aspaldi da ezaguna, Joel Greenberg, Gaetzen lagun ohia, hamaika urteko espetxe zigorra betetzen ari baita orain, sexu trafikoarengatik eta beste delitu batzuengatik. BI EMAKUMEDiru truk Matt Gaetzekin sexua izan zutela deklaratu zuten bi emakumek Kongresuko Etika Batzordearen aurrean, “The New York Times”-en arabera. Horietako batek adierazi zuen 17 urteko neska batekin sexu harremanetan ikusi zuela Gaetz.