GARA Euskal Herriko egunkaria

Israelek 120 lagun hil ditu 48 ordutan Gazaren aurka egindako erasoetan

Israelgo Armadak gutxienez 120 palestinar hil ditu Gazako zerrendan 48 orduko tartean. Iragan urteko urrian oldarraldi militarra hasi zuenetik 44.200 biktima zenbatu ditu Gazako Osasun Ministerioak, genozidioaren erakusle. Bestetik, Libanoko hiriburuaren erdialdean atzo goizaldean izandako aire-eraso batean gutxienez hamabost pertsona hil eta 63 zauritu zituzten.

Israelgo Armadaren eraso baten ondorioak, Gazako Nuseirat hiriko errefuxiatuen kanpamenduan. (Omar ASHTAW | EUROPA PRESS)

Nazioarteko Zigor Auzitegiak Benjamin Netanyahuri gerra krimenak leporatu eta hura atxilotzeko agindua eman izanak ez du agintari israeldarraren jokamoldea aldatu, aitzitik, azken egunetan Israelgo Armada oso gogor oldartu da bai Gazako Zerrendaren bai Libanoren kontra.

Gazako Osasun Ministerioak atzo aditzera eman zuenez, 48 orduko epean bonbardaketen ondorioz 120 lagun hil dira lurralde horretan, eta dagoeneko 44.176 pertsona zendu dira iragan urteko urrian hasitako eraso militarrean. Datu horiei gehitu behar zaizkie epe berean zenbatutako 205 zaurituak -orotara ia 105.000 zauritu urte luze honetan- eta desagertuta dauden 11.000 lagun inguru. Triskantza sekulakoa izaten ari da, eta ez du ematen, Hagako Auzitegiak esaten duena esaten duela, Israelek ezer aldatuko duenik

ZERRENDAKO IPARRALDEAN

Bonbardaketak Gaza osoan gertatzen ari diren arren, azken hilabete eta erdian Israelgo Armada Zerrendaren iparraldean erasotzen ari da gogorren, Yabalia eta Beit Lahia hirietan batez ere, eta alde horretan bi mila hildako eta sei mila zauritu eragin ditu 40 bat egunetan.

Atzo Kamal Adwan ospitaleari eraso egin zioten berriro, ostiralean Israelgo drone batek sorgailu elektrikoa, ur tanga eta oxigeno biltegiak suntsitu ondoren. «Badirudi ez dagoela mugarik Gazan palestinarrei ezarritako krudelkerian. 40 egunez baino gehiagoz, iparraldeko biztanleria setiatuta dago: inguratuta, bonbardatuta, oinarrizko biziraupen baliabideak kenduta eta mehatxupean ihes egitera behartuta, salatu zuen Jonathan Humanitarioetarako Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako bulegoko burua den Whittal Gailek.

Whittalek aipatu zuen bere taldeek hilabete baino gehiago daramatela Yabalia, Beit Lahia eta Beit Hanun hirietara sartu nahian, hiri horiek baitira kaltetuenak, baina Israelgo agintariek atzera bota dituzte eskaera guztiak. «Emaitza? Jendea hondakinen azpian dago, erreskatatu gabe. Gaixoak eta zaurituak ezin dira ospitaleetara iritsi. Edateko ura eta elikagaiak bukatu egin dira. Bizitzak galdu dira», adierazi zuen. Erasoak, edonola ere, ez dira Gazara edo Palestinara mugatzen. Gutxienez 15 pertsona hil eta 63 zauritu zituen atzo Israelgo Armadak Beiruten, Libanoko hiriburuan, egindako aire-eraso batean, Libanoko Defentsa Zibilaren arabera. Erasoa Basta el Faouqa auzoan izan zen, hiriaren erdialdean, eta bilaketa eta erreskate taldeek lanean jarraitzen zuten, lurperatuta geratu direnak hondakinen artetik bizirik ateratzeko ahaleginean.

Erasoaren helburu nagusien artean zortzi solairuko bizitegi-eraikin bat zegoen, nahiz eta aldameneko zenbait higiezinek ere kalteak jasan zituzten. Al Arabiya kateko eta Kan Israelgo irrati publikoko iturrien arabera, erasoa Mohamed Haydar Hezbollahko goi-kargudun baten aurkakoa izan zen, erakundeko buruzagitza militarra den Jihad Kontseiluko kidea.

FINULEN SEGURTASUNA

AEBetako Defentsa idazkariak, Lloyd Austinek, Israeli eskatu dio ahal duen guztia egin dezala NBEk Libanon duen bake misioaren eta Libanoko Armadaren segurtasuna bermatzeko. Libanoko agintarien ustez, gutxienez 41 militar hil dira Hezbollahren eta Israelen arteko borrokak Libanoren eta Israelen arteko mugara hedatu zirenetik.