GARA Euskal Herriko egunkaria
LAU ETA ERDIKO FINALA 2024

Unai Laso txapeldun, abiadurari oreka eta buru hotza gehituta

Unai Lasok Lau eta Erdiko bere lehen txapela jantzi du final gogoangarrian Peio Etxeberria 22-19 menderatuta. Partida bizi-bizian, 0-5 eta 10-14 galtzen joan arren, gai izan da oreka puntu bat topatu eta burua galdu beharrean lanean jarraitzeko, garaipena eskuratzeraino. Sei hilabeteko lesioaren ostean berragertu zenetik urtea betetzera doanean, Laso onena bueltan da.

Unai Laso, txapela jantzita garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Askotan falta izan zaion buru hotza eta oreka erakutsiz, Unai Laso gai izan zen Lau eta Erdiko final azkar eta bizian Peio Etxeberria 22-19 menderatzeko. 0-5 eta 10-14 galtzen joan arren, Bizkarretakoak ez zuen inoiz burua galdu eta azken txanpan aurkariak baino gehiago asmatu zuen.

Sei hilabetean frontoietatik kanpo eduki zuen lesioa gainditu eta kantxetara itzuli zenetik urtea betetzera doanean, pilotaren Olinpoan da berriz ere Laso. Bigarren txapel handia du, kaiolan irabazten duen lehena, eta atzo erakutsi zuen sendotasuna eta buru hotza erakusten badu, kalitatea eta gaitasun fisikoa aski frogatuak baititu azken urteotan, bere garaipen zerrenda loditzen joango da aurrelari nafarra datozen urteetan.

ETXEBERRIAREN HASIERA ONA

Baina ez gaitezen etorkizunera begira jarri oraindik, atzo Bizkaia pilotalekuan ikusitakoak ongi eta patxadaz gozatzea merezi duelako. Aspaldiko partez, final bikaina ikusi genuen, bi finalistak beren joko maila onena emanez, eta ez zen kasualitatea izan finalera iritsi arteko partidarik onena, hain zuzen ere, ligaxkan Laso eta Etxeberria nor baino nor neurtu zituena izatea.

Lehen sakearen jabe, hasieratik erakutsi zuen Peio Etxeberriak ere iazko kaiolako finalean Altunaren kontra erakutsitako urduritasun eta ezinegonak ez zirela aurtengoan errepikatuko. Kantxaren erdigunea bikain bereganatuz eta airez pilota ederki mugituz, 0-5 aurreratu zen markagailuan. Sakearekin ez zuen ikaragarri asmatu, baina bai bigarren eta hirugarren pilotakadarekin, eta zer esanik ez errematean -gantxo milimetrikoa 0-2koan, zabalean pilota ongi luzatu 0-3koan...- nahiz defentsan.

Lasok lehen atsedena eskatu behar izan zuen, eta balio izan zion erreakziorako. Etxeberriak punpa laster galdutako pilota bati esker eskuratu zuen sakea Bizkarretakoak, eta argi utzi zuen bera ere borrokarako zegoela. Aurkariarenak baino sake bizi eta motzagoekin, min egin zion Peiori, eta markagailua 7-8raino parekatzea lortu zuen. Egia da Peio Etxeberriak, etengabe aurrera egin nahi horretan, pilota batzuetan bere burua saldu zuela, baina ordurako ikusten zen ligaxkan emandako erakustaldia errepikatzeko prest zirela bi nafarrak.

Baina 7-8 horretatik lehen telebista-atsedenaldira iritsi bitartean Peio Etxeberria izan zen jokoan nagusitzen joan zena. Hortxe iritsi ziren partidako tantorik gogorrenetako bi -asko esatea da atzoko finala ikusita-, baita txalotuenetakoak ere: 8-10ekoan 34 pilotakada jo zituzten, minutu pasako tanto bizi eta ikusgarrian, Etxeberriak zabalean irekiz amaitu zuena; 8-11koan dejada zabalean eginda amaitu zuen beste tanto gogor eta nekagarria. Sake batekin 8-12 aurretik iritsi zen Peio Etxeberria geldialdi luzera.

UNE ZAILENARI ONGI EUTSI

Atsedenetik itzuli ere hobeto itzuli zen zenoztarra, eta 10-14 aurreratu zen. Lasori deseroso samar antzeman zitzaion tarte horretan, bere ezina erakusten zuten lehen keinuak eginez, baina sarri falta izan zaion patxada eta buru hotza erakutsiz gai izan zen une zail hori gainditu eta finalean sartuta jarraitzeko. Sartuta jarraitu bakarrik ez, jokoan nagusitzeko ere bai.

Alde horretatik, bereziki aipatu behar da Ion Mariezkurrenaren laguntza psikologikoa. Botileroak pilotan zerbaitetarako balio badu horretarako da, eta hori argi ikusi zen atzo, Berriozarreko atzelaria etengabe gainean izan zuelako Lasok une zail horietan. «Garrasi pare bat botatzeko esan dit, amorrua ateratzeko, eta hori oso garrantzitsua izan da. Egia esan, asko eskertu behar diot emandako laguntza. Une askotan berak gehiago sinetsi du nigan nik neuk baino, eta horri esker lortu dut partidatik ez ateratzea», eskertu zuen Unai Lasok ondorengo bere prentsaurrekoan.

Izan ere, estuasun hori gaindituta, eta tanto luze bezain gogorrak pilatzen joan ahala, Lasoren aukerek gora egin zuten nabarmen. Zehazki, txokoan aurkitu zuen bere altxorra Lasok. Peioren ezkerra bikain bilatuz, hiru tanto segidan sartu zizkion ezker horman, eta behin markagailua berdinduta -neurketa osoko lehen berdinketa 14-14koan iritsi zen- finalak koska bat egin zuen gora gogortasunean nahiz emozioan. Edo bi.

Partidako azken heren horretan sekulako norgehiagoka sinatu zuten bi aurrelari nafarrek, hitzez adieraztea oso zaila dena. Boxeoa balitz bezala neurtu ziren, kolpez kolpe, nor baino nor, lehenik zein eroriko. Eta borroka horretan Etxeberriak gehiago sufritu zuen, batez ere zabalean pilota batzuk eraman gabe utziz eta ia eginda zituen beste bi tantotan, 17-17an eta 18-17an, kale nabarmenak eginez.

NEKEAREN LANAK?

Ez da bidezkoa horrelako final bat jokatuta egindako hutsak nabarmentzea, baina hori ere partidak izan zuen erritmo biziaren ondorioa da. Etxeberriari dozena bat huts apuntatu genizkion, baina gehienak oso tanto gogorren ondorio izan ziren. Horietan mingarrienak, seguruenik gaur oraindik buruan bueltaka ibiliko dituenak, aipatutako 17-17 eta 18-17ko horiek. Dena alde eta tantoa erdi egina zuenean, airez kale handi samarrak egin zituen, aurkariari ekimena eta arnasa emanez.

Horren ondotik, 20-17 aurreratu zen Laso, eta izar handiek egin ohi duten legez, zail zegoen garaipena gertu ikustean ez zuen barkatu. Adibidez, historiarako geratuko da 21-18koan Etxeberriaren horma-bikoari eman zion erantzuna, beste horma-biko ikusgarri batekin. Peio Etxeberriak ohikoa duen abiadurarekin joan zen kontrakantxako aulkietaraino, baina ezin izan zuen pilota harrapatu.

Azken atseden bat eskatu zuen zenoztarrak, hiru tanto segidan egin behar zituen bere lehen txapel handia janzteko, baina ez zen posible izan. Unai Lasok txokoan amaitutako pilotakada batekin amaitu zen, akatsak akats, zaleen gogoetan iltzatuta geratuko den finala.

«Entrenamenduekin laguntzen didan lantalde guztiari eskaintzen diot garaipena, egun txarretan aurpegi txarrak jartzea barkatzen didatelako. Eta ni animatzera etorri diren lagun, senide eta zale guztiei. Bilbo urrun samar geratzen zaigu eta gastu dezentea egiten dute hona etortzeko». Esker ona bi norabidekoa da kasu honetan. Lasoren aldeko pankarta batek zioen moduan, “Gora Nafarroa”.