GARA Euskal Herriko egunkaria

Duela 75 urteko euskararen aldeko agiria gaurkotu du Eusko Ikaskuntzak Baionan

1948an Biarritzen antolaturiko VII. Kongresuaren barnean, Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zuen Eusko Ikaskuntzak. Euskal Herri osoko agintarien babesarekin, adierazpena berritu eta gaur egunera ekarri zuten atzo Baionan. «Politika sendoak» aldarrikatzeaz gain, abenduaren 3ko ospakizunarekin bat egitera animatu zuten.

Euskal Herri osoko agintariek babestu zuten adierazpen berria, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna mundu osoan hedatu eta ezagutarazteko adierazpena plazaratu zuen Eusko Ikaskuntzak (EI) 1948an, Biarritzen antolaturiko bere VII. Kongresuaren bukaeran. Adierazpen horretan oinarrituta dago, hain zuzen, Euskararen Nazioarteko Eguna.

Hizkuntza aldarrikatzeko Frantzisko Xabierkoaren eguna hautatu zuten, eta 1949ko abenduaren 3an ospatu zen, lehen aldiz, Euskararen Nazioarteko Eguna. Aurten, 75 urte beteko dira Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikatu eta aurrenekoz ospatu zenetik. Urtemuga hori markatzeko, Eusko Ikaskuntzak garaian onarturiko adierazpena berritu eta «gaur egunera» ekarri zuen atzo.

Garai hartan euskararen unibertsaltasunaren alde eginiko deia zabaldu zuen, eta orain euskara gizartearen kohesiorako elementu gisa aldarrikatu zuen.

Ekitaldi instituzionalean presente izan ziren Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidentea eta Baionako auzapeza, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Aitor Aldasoro Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Eusko Ikaskuntzaren izenean, Ana Urkiza lehendakariak eta Claude Mehats Ipar Euskal Herriko lurralde arduradunak parte hartu zuten.

ORAIN, ASKOZ HOBETO

Urkizak irakurri zuen adierazpena. Oroitu zuen zer testuingurutan hartu zen abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egun izendatzeko deliberoa, «Espainiako Estatuan hizkuntzaren jazarpena bete-betean pairatzen ari zela». Hala ere, 1949tik goiti, Eusko Ikaskuntzak euskararen unibertsaltasuna munduari ezagutarazteko eginiko deia errealitate bihurtu zen. 75 urte geroago, «askoz egoera hobean» gaudela nabarmendu, eta 1949ko izpiritu hura «egun ere baliokoa» dela azaldu zuen, «euskara biziberritzeko nahi eta behar hark bizirik jarraitzen duelako».