29 NOV. 2024 «Besterik ez», lehen disko dibertigarria plazaratu du Marte Lasarte taldeak Aurretik ere urte luzez elkarrekin ibili ondoren, Borja Anton eta Pello Armendariz musikariek Marte Lasarte proiektua abian jarri zuten duela hilabete batzuk. Hasieran bi ziren, orain lau. Debuteko lana eskuartean dutela joango dira Durangoko Azokara. Zortzi abesti fresko eta interesgarri dira talde donostiarrak argitaratutakoak. Taldearen logoarekin egindako tarta bat jan ondoren osatu zuten diskoaren azala. (XERRA ESTUDIOA) IKER GURRUTXAGA DONOSTIA Fenix hegaztiarena egin dutela esan dezake norbaitek, Marte Lasarte proiektuaren sorreran Skakeitan taldean elkarrekin ibilitako Pello Armendariz eta Borja Anton daudela jakiten dutenean. Egiari zor, taldearen azken etapako soinu batzuk topatu ditzakegu diskoan, baina beste bi taldekide batu zaizkie eta haiek ere ekarpenik egin dute proiektura. Belako taldetik ezagutzen dugun Lore Nekane Billelabeitia eta Skakeitanen bertan, En Tol Sarmiento, Gari edota La Oreja De Van Gogh taldeekin aritutako Alex Alonso dira proiektua laukote moduan ezagutzera eraman gaituztenak. Haritz Harreguyren estudioan grabatu dute diskoa, konfiantzazko tokian, eta ekoizpenerako Jon Badiren laguntza izan dute. ‘‘Besterik ez’’ deitzen da haien lehendadaziko diskoa, eta zuzenekoren batean aurkeztu dute. Bigarrenak azaroaren 30ean behar zuen, baina Alcalá Norte taldeko abeslaria gaixotu eta urtarrilaren 23ra atzeratu dute Donostiako Dabadabako kontzertua. Kontuak horrela, abenduaren 27an izango da hurrengo emanaldia, talde bera lagun dutela, Iruñeko Zentralen, Santas Pascuas jaialdian. GAI LURTARRAK Egunerokotasunean bizitako gaiak izan dituzte batez ere kantuen hitzetan. ‘‘Grabitaterik gabe’’ abestian, adibidez, nahikoa nabarmena da 30ak gainditu osteko fase horretan dabiltzala, halako krisi existentzial bat irudikatzen baitu Pello Armendarizek. Bereak dira kantuen hitzak. Bizitzeko modu alternatiboak, ez normatiboak, badirela aldarrikatzen du ‘‘Ez da besterik’’ abestiak; eta ‘‘Marte Lasarte’’ kantuak, taldeari izena ematen dionak, egoera pertsonal bat kontatu arren, badu askoren kezkatik. Donostiatik Lasartera bizitzera joan zeneko istorio bat kontatzen du abestiak, eta ez da batere harritzekoa diskoan Donostiaren inguruko hainbat erreferentziarekin topo egitea. Soinuaren alderdiaz gehiago arduratu da Borja Anton, nahiz eta Armendarizek konposizioan eta parte hartu duen. Hartara, ez da harritzekoa aurretik esan duguna, Skakeitan taldeko zenbait soinurekin topo egitea, alegia. Antonek garai hartan findu zituen gitarraren soinuak, eta marka propioa uzten du sortzen duen abesti guztietan, disko honetako zortzietan barne. Baina jolas asko egin dute Marte Lasarteren lehen lan honetan, testura asko dituzten kantuak, 8-bit soinuak, spoken-worda, moztutako konpasak, sokak, haizeak, atmosfera ugari eta punk-pop izpirituaren zatiren bat ere aurkitu baititugu. Freskotasuna duten eta era berean mimo handiz landu diren proposamenak. Lagun onak izatea garrantzitsua omen da eta Skakeitan lagun taldea zirela agerikoa da. Diskoan parte hartu dute Olatz Salvadorrek eta Aitor Valcarlosek. Horiez gainera, Juanjo Berasain edo Sara Zozayaren ahotsak ere entzun ditzakegu. Berasain, gainera, ezohiko erregistro batean entzun dugu, ahots leunago eta dotore batekin, ‘‘Anek ezagutzen zaitu’’ abestian. Zozayak diskoko kanturik hunkigarrienean, ‘‘Hileta’’ abestian parte hartu du, kanturako esaldi eder asko bat ere idatziz: «Bizitzeko lehenik hiltzen ikasi beharra dago». Barrua astintzen duen abesti horietakoa. Jonatan Quiñones, Maria Bustos eta Enekoitz Martinez musikariek ere jo dute diskoan. Horrenbestez, denak ere hurbilekoak dituzten artistak. ARTEAREN GARRANTZIA Askotan begietatik sartzen zaigu musika gaur egun eta, atal horren garrantziaz ohartuta, Marte Lasarte taldekoek asko zaindu dute iruditeria. Hiru bideoklip itzel dira horren seinale: Holyfire estudioak egindako ‘‘Ez da besterik’’ kantuarena bata, eta Muga etxeak egindako ‘‘Basamortua’’ eta ‘‘Marte Lasarte’’ kantuenak besteak. Denak ere ikusteko modukoak. Logoa deigarria da eta diskoaren azala haren bueltan dator. Arte zuzendari lanetan Jabier Rodriguez izan dute. Lehen pauso sendoa, zuzenean dibertigarria izango dela dirudien Marte Lasarte taldearena. Ea zer nolako bidea egiten duten. ZUZENEKOAKAlcalá Norte taldeko abeslaria gaixotu eta urtarrilaren 23ra atzeratu dute Donostiako Dabadabako kontzertua. Kontuak horrela, abenduaren 27an izango da hurrengo emanaldia, talde bera lagun dutela, Iruñeko Zentralen, Santas Pascuas jaialdian. MUSIKA BISUALAAskotan begietatik sartzen zaigu musika gaur egun eta, atal horren garrantziaz ohartuta, Marte Lasarte taldekoek asko zaindu dute iruditeria. Hiru bideoklip itzel dira horren seinale.