GARA
BILBO

Denon Bizitzak Erdigunean-ek zaintzak eraldatzea eskatu du

Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen du Denok Bizitzan Erdigunean plataformak. Erakundeei eta patronalei egiten dizkieten eskarien berri eman zuen atzo Bilbon.

Denon Bizitzak Erdigunean-en prentsaurrekoa.
Denon Bizitzak Erdigunean-en prentsaurrekoa. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Urtebete pasatu da Euskal Herrian Zaintza Eskubide Kolektiboaren aldeko lehenengo Greba Feminista Orokorra antolatu zutenetik. Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan segitzen dutela adierazi du Denon Bizitzak Erdigunean plataformak, hau da, «euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean epe ertaineko erronka horretarantz urratsak egiten jarraitu ahal izateko aliantzak eta konpromisoak garatzen».

Erakundeen arduragabekeria gaitzetsi zuten atzo Bilbon egindako prentsaurreko batean, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzeko egindako hautuagatik eta oraindik ere zaintzaren eremuan ematen diren egoera prekario eta kolapsatuen erantzule egiteko neurririk hartu ez izanagatik.

Egoera honen aurrean, erakunde publikoak eta patronalak interpelatu zituzten, arlo sindikalean negoziazio kolektibora premiazko neurri batzuk eramateko konpromisoa hartuz.

«Zaintza duin bat eta pertsonak osotasunean ondo zainduak garela bermatzeko, zerbitzu publikoak indartzea ezinbestekoa da. Gizarte zerbitzu, etxebizitza eta osasun sistema publiko, unibertsal eta eraginkorra lortzeko inbertsio handiagoak behar dira. Eta zaintza lanen egoera irauli nahi badugu, kontzientziazioa eta heziketa dira tresnarik eraginkorrenak. Horretarako, hezkuntza sistemaz baliatu behar dugu», azaldu zuten agerraldian.

MOBILIZAZIO UGARI

Bihar, Euskal Herriko hiriburu, eskualde eta herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten: Bilboko “Zaintzen Herria” mobilizazioetan, Gasteizko kalejiran, Iruñeko topaketetan, Donostiako elkarretaratzean eta Arabako eta Gipuzkoako gainerako eskualdeetan egingo diren mobilizazioetan.

«Zaintza eskubide kolektiboaren alde ekarpen sindikala egiten segitzeko konpromisoa hartu dugu. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz goaz, eta horretarako enpleguaren eremuan ere urratsak emateko tentsionamendua eta agenda markatzea da gure hautua», ohartarazi zuten plataformako kideek.