30 NOV. 2024 Urtebete, Greba Feministatik: «Pilota zuen teilatuan dago» Greba Feminista Orokorraren urteurrenaren bezperan, erakunde publikoei dagokien ardura har dezatela exijitu zien Denon Bizitzak Erdigunean plataformak Iruñean eta Gasteizen egindako ekimenen bitartez: «Pilota zuen teilatuan dago, hartu ardura!» Atzo Lehendakaritzan egindako ekimena. (GARA) GARA GASTEIZ ”Denon bizitzak erdigunean” lelopean, 2023ko azaroaren 30ean milaka herritar kalera irten ziren, Greba Feminista Orokorrera batuz. Mugimendu feministak euskal gobernuei mahai interinstituzionala eskatu zien, baina, urtebete geroago, erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu zuten atzo. Nafarroako Foru Jauregian eta EAEko Lehendakaritza eraikinean egindako ekimenen bitartez, «pilota gobernuen teilatuan dagoela» azpimarratu zuten, eta egungo zaintza erregimena baliagarria ez dela azaldu zuten berriz ere. «Euskal Gobernuetan dauden alderdi neoliberal ultrakontserbadoreek, zaintza lanekin negozioa egin dute eta negozioa egiten jarraitzen dute, langileen zein erabiltzaileen bizkarrera. Azken hogei urteetan sistematikoki pribatizatu dituzte ahal izan dituzten zaintza zerbitzu publiko guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askoko etekinak ateratzeko, zaintzaren kalitate eza eta langileen lan baldintzen kontura. Izan ere, pribilegio posizioetatik, botere ekonomikotik, erakunde publikoetatik, enpresa pribatuetatik, gizontasunetik, zuritasunetik… zaintzaren erantzukizunari uko egiten zaio sistematikoki», adierazi zuten. Hortaz, «zaintza eskubide kolektibo bilakatuko duten neurri eraginkorrak» behar direla aldarrikatu eta erakunde publikoei dagokien ardura har dezatela exijitzen segituko dutela nabarmendu zuten: «Utzi iezaiozue zaintzarekin negozioa egiteari! Bizitza erdigunean jarriko duten politika publikoak eta urgentziazko egoerei berehalako erantzunak ematea behar dugu». «Bizitza erdigunean jarri nahi dugula diogunean, guztion bizitzak sostengatzen dituzten jardueren kontrolaz eta demokratizazioaz ari gara. Zaintzak erantzukizun kolektiboa izan behar du, eta zaintza sistema berriak bizitza sortzen den eremu guztiak egituratzeko gai izan behar du. Gizonek ardura berezia daukate, ez zaintzeko pribilegiotik mugitu eta ardura kolektiboen alde posizionatuz. Pasibotasunak ez digu balio, eraldaketa emateko bidea orain eta hemen behar dugu», ohartarazi zuten. Gaur bertan herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten: Bilboko ‘Zaintzen Herria’ mobilizazioetan, Gasteizko kalejiran, Iruñeko topaketetan, Donostiako elkarretaratzean zein Arabako eta Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetan egingo dituzten ekitaldietan. MOBILIZAZIOAK GAURGrebaren urteurrena dela eta, Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan mobilizazioak egingo dituzte. Gasteizen kalejira, Bilbon mobilizazioak, Iruñean topaketak eta Donostian elkarretaratzea, esate baterako.