02 DéC. 2024 Etxebizitza-politika ezagutzeko, dirua jarraitu Lakuako Gobernu berria osatu zenetik sei hilabetera goazenean, Etxebizitza Sailetik egin denari -eta, batez ere, egin ez denari- errepasoa egin dio egileak. Eta kezkatuta ageri da, nabarmentzen duenez, «2025erako aurrekontuetan egiaztatu baita zertan inbertituko den egiazki: gastuaren igoera osoa prestazioetan pilatuta dago». (Gorka RUBIO | FOKU) Ia urte erdia pasa da Jaurlaritza berria osatu zenetik, eta, etxebizitzaren alorrean gutxienez, ez da apenas ezer egin, iragarki mediatikoez harago. Urduri sumatzen da Itxaso etxebizitza-sailburu berria, gauza gehiegi egin daitezkeela adieraziz, baina ezer gutxi zehaztuz. Legebiltzarrean lurzoruaren legea aldatu zitekeela bota zuen, esaterako, baina ondoren aldaketa hori ez da agertu Jaurlaritzaren lege-egutegian. Jaurlaritza honek benetan egin nahi duena ezagutzeko, hobe da dirua jarraitzea, 1976ko “All The President’s Men” filmean egia aurkitzeko gomendatu zuten bezala. 2025erako aurrekontuetan egiaztatu baita zertan inbertituko duen egiazki Etxebizitza Sailak. Publikoki esaten dutenaren kontra, gastuaren igoera osoa prestazioetan pilatuta dago: soilik etxebizitza-prestazio ekonomikoan eta Gaztelagun programan 60 milioi euro gastatzea aurreikusi dute (etxebizitza-programarako aurrekontuaren % 20 baino gehiago da hori!). Nola ez dituzten etxebizitza parke publiko nahikoa osatzeko politika eraginkorrak aurrera eraman nahi, prestazio osagarri horiekin ordezkatzen dute etxebizitza-eskubidearen gauzatzea. 60 milioi euro, guztion artean ordainduko ditugunak eta alokairu libreko errentadunen esku pribatuetara zuzenean joango direnak. Gehi beste 53 milioi euro, Emantzipa programakoak, Ongizate sailak aurrekontuan sartu dituenak, alokairu libreak ordaintzera ere joango direnak, hein handi batean. Alokairuaren prezioak berotuz, noski. Burbuila oraindik gehiago puztuz. Diru publikoarekin. ZALANTZAZKOA Alabaina, alokairu merkatua aurrekontu publikoarekin are gehiago berotzeaz gain, Jaurlaritza honen beste burutazio bat finantzen merkatuarekin berdina egitea da, etxebizitzak erosteko abalak jarriz. Horretarako, hipotekak eskuratzen laguntzeko, 4 milioi euro bideratuko dituzte datorren urtean, Etxebizitza sailburuak zehaztu duenez. Politika hau bereziki zalantzagarria da, dagoeneko aski frogatuta dagoelako hipoteken prezioa igoarazten duela eta bakarrik laguntzarik gabe ere etxea eros dezaketenei laguntzen diela. Hori gutxi balitz, legez kanpokoa ere bada: EAEko 2015eko Etxebizitza Legeak halakoak egitea debekatu zuen, 2000tik Administrazio Publikoek ezin baitute bideratu baliabide publikorik etxeak salerosketan sustatzeko. Jakina da EAJk lege horren kontra bozkatu zuela, PPrekin, eta haren gauzatzea ahal beste galgatu duela... baina legea urratzea? Bitartean, babes publikoko etxeak lehentasunez erosteko eskubidea behingoz aplikatzen hasiko direla enegarrenez ziurtatu dute. Baina horretara bideratutako aurrekontua 2 milioi euro eskasekoa da. Aurreko urteetako berdina, alegia, azkenean inoiz gastatzen ez dutena. Jaurlaritzak sistematikoki uko egiten diolako tanteo eta erretraktoa erabiltzeari. Itxaso sailburu berriak iragarri du nahiago dituela etxe libreak erosi. Eta horretarako 2,5 milioi euro gorde ditu 2025erako aurrekontuan, eta beste 15 milioi euro 2026rako konpromiso-kredituan. Baina, adi: kale egindako etxe-promozioak erosi nahi ditu EAJ-PSEk. Alegia, sustatzaileak eta bestelako erakunde batzuk erreskatatzeko erabili nahi dute diru hori. Hori bai kolaborazio publiko pribatua! Eta ez litzateke lehen aldia, gainera: aurreko legealdian, merkaturatu ezin zituzten hainbat etxebizitza jada erosi zizkieten, kasualitatez, Apezpikutzari, 2 milioi euroren truke, eta Amenabar promotoreari, 3 milioi euroren truke. Neurrira egindako erosketa-politika horretan sakontzen jarraitzea al da Lakuaren «asmo berria»? GUZTIONA, 1.000RI Eta erosketa-politika oso zalantzagarri horri salmenta politika negargarria gehitu behar zaio. Jaurlaritzak berriz iragarri duelako azalera-eskubideen salmenta masibo bat, sinesgaitza bada ere. EAJ eta PSEri bururatzen zaien gauza bakarra delako 2010eko eta 2011ko azalera-eskubideen salmenta lotsagarriak errepikatzea. Oraingoan, 1.000 etxejaberi saldu nahi baitiete guztiona den zoru publikoa. Eta jada 20 milioiko diru-sarrera aurreikusi egin dute 2025erako aurrekontuan. Ondare publikoaren deskapitalizazio eta pribatizazioa. Gero Vienako ereduaz hitz egingo digute, argituz, hori bai, han dagoeneko 100 urte daramatzatela lanean. Baina kontua da EAEn jada 43 urte pasa direla Jaurlaritzak etxebizitza-eskumena hartu zuenetik, eta ondare publikoa saltzen jarraitzen duela, epe ertain-luzerako inolako ikuspegirik gabe. Dirua jarraituz benetako politika «berria» atzematen da: prestazionismo iraunkorra, jabegoaren sustapen legez kontrakoa, kolaborazio publiko-pribatu opakoa eta ondare publikoaren pribatizazioa. Zaharrak berri. Dirua jarraituz benetako politika «berria» atzematen da: prestazionismo iraunkorra, jabegoaren sustapen legez kontrakoa, kolaborazio publiko-pribatu opakoa eta ondare publikoaren pribatizazioa