GARA Euskal Herriko egunkaria

Azkoiengo kale izendegia, ele bitan

Nafarroa erdialdeko eta Erriberako zenbait herritako kale izendegian areagotu egingo da euskararen presentzia aurrerantzean. Horren adibide da, besteak beste, Azkoien udalerria. Bertako Udalak erabaki berri du hiriguneko kaleetako 256 plakak ele bitan errotulatzea.

Azkoiengo sarrerako kartelak, herriaren izenarekin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Egitasmoa aurrera ateratzeko beharrezkoa izan da, batetik, Euskarabidearen finantzaketa, 16.916 euroko dirulaguntza; eta bestetik, UPEI eta PSN alderdien oniritzia. Modu horretan, Azkoiengo paisaia linguistikoak aldaketa nabarmena izango du etorkizunean, eta euskarak protagonismo handiagoa bertako karriketan.

Udalerri horretako alkate Juan Carlos Castillo Ezpeletak (Unión Peraltesa de Izquierdas) ez du uste erabaki hori justifikatu egin behar denik, irizten baitio egitasmo hori ez dela inondik inora inposaketa bat, PP alderdiak salatu zuen bezala. Haren hitzetan, «apustu horrek lekua ematen dio tokiko biztanleriaren zati baten eskaerari, eta euskara nafar gisa balioesten laguntzen du, gure bizimoduaren, gure kulturaren eta historiaren zati gisa, eta gainera Euskararen Foru Legearekin bat egiten du, euskara Nafarroa osoko berezko hizkuntza gisa aitortzen baitu, nahiz eta eremu batean soilik ofiziala izan».

EUSKARA, DENONA

Ez hori bakarrik, Castillok gaineratu du, Azkoienen euskara darabilten herritarren kopurua txikia izanik ere, hizkuntza hori babestu eta sustatu egin behar dela: «Badakigu non bizi garen eta euskara zenbat erabiltzen den. Baina badakigu, halaber, biztanleriaren zati bat euskara ikasten ari dela, hala nola haurrak ikastetxe publikoko A eta D ereduetan».

Euskara sustatzeko Agerraldia ekimenak, bestetik, Azkoiengo Udala zoriondu nahi izan du berriki egindako hautuagatik: «Urrats txikiak dira euskararen normalizazioan, baina aurrera egiten laguntzen duten urratsak dira azken finean». Hala, beste udalerri batzuk animatu nahi izan dituzte aldaketa horrekin bat egitera.

Azkoienen aurretik, ordea, beste batzuk izan dira kale izendegia ele bitan errotulatzeko erabakia hartu duten udalerriak. Sartagudak, esaterako, 2021ean egin zuen urratsa, eta geroxeago, berriz, Lodosa eta Berbintzanaren txanda izan zen. Etorkizunean ere Nafarroa erdialdeko eta Erriberako beste zenbait herritan ere prozesu berbera abian jarriko dute, besteak beste, Uxuen, Miranda Argan, Mendabian edo San Martin Unxen.

EGITEKO ASKO ORAINDIK

Bestalde, iragan maiatzean egindako aldarrikapenean AET Administrazioan Euskaraz Taldeak Iruñeko Udalari eskatu dio Nafarroako hiriburuko Konstituzio Plazako plaka eta Donejakue Bideko parkeko kartela euskaraz jartzeko eta errotulazio horretan euskarari lehentasuna emateko.

Elkarte horretako kideek gogorarazi nahi izan dute, Joseba Asiron Iruñeko alkatea oposizioan zegoenean, Konstituzio Plazako errotulua euskaraz ere egon zedin errekurtso bat jarri zutela, eta helegite hura aurrera atera zela, baina hartutako erabaki hori oraindik ez dela bete.

Donejakue Bideko parkeko kartelari dagokionez, aldiz, 2022an gaztelaniaz bakarrik errotulatu zutela diote, eta beraz, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo behar izan zutela, eta euren aldeko ebazpena lortu. Edonola ere, salatu dute Udalari izena euskaraz jartzeko agindu zaion arren, hark ez zuela ebazpena bete, gaur egungo gobernu taldeak egin ez duen bezalaxe.

AETk ohartarazi du Udal gobernu berriak kartel batzuk bi hizkuntzatan jarri dituela, baina 103/2017 Foru Dekretua bete gabe. Izan ere, dekretu horren arabera, «testu elebidunetan lehentasuna hizkuntza gutxituari eman behar zaio, lehenik euskaraz errotulatu behar baita».