03 DéC. 2024 Euskaltzaindiaren Hiztegiak 50.535 forma berri jaso ditu Azken sei hilabeteetan egindako eguneraketarekin 1.103 sarrera, 434 azpisarrera eta 283 lexia arrunt gehitu ditu Akademiak, baita 2.524 forma moldatu edo findu ere. Hala, egungo hiztegiak, orotara, 50.535 forma, 68.198 adiera, 111.193 adibide eta 519 esaera zahar jasotzen ditu. Miriam Urkia, Euskaltzaindiako hiztegiaren arduraduna. (Jon URBE | FOKU) M.A. BILBO Euskaltzaindiak etengabe dihardu bere hiztegia osatzen eta berrikusten, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2024ko lehen urte-erdian eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu sareratu den azken eguneratzeak. Miriam Urkia Euskaltzaindiako hiztegiaren arduradunak azaldutakoaren arabera, «azken sei hilabeteetan egindako lanak hiztegia etengabe berrikusten dela erakusten du. Forma berriak jasotzen dira, baina horien erabilerari ere erreparatzen diogu. Kalitatezko hiztegia izatea hiztegi batek izan ditzakeen formen bolumena baino garrantzitsuagoa da». ETENGABEKO BERRIKUSKETA Urkiak, era berean, gogora ekarri du egiten duten lanak erakusten duela Euskaltzaindiaren hiztegia ez dela hitz bat behin jaso eta aurrera: «Hiztegia etengabe berrikusten da. Forma berriak jasotzen dira, eta hala behar du, baina horien erabilerari erreparatzeko garaia ere bada: hitzen konbinazioak, testuan nola erabili erakusten dutenak, adiera berriak, egungo beharrei erantzuten dieten adibideak...» Azken eguneratzean, esan bezala, forma berri asko gehitu dituzte hiztegian, 1.103, hain justu ere. Horietako asko Corpusetik eskuratutakoak dira. Azken eguneratzean gehitutako forma berrien artean, besteak beste, ondorengo hauek aurki ditzakegu: flexo, fobiko, enpaste, biorritmo, adimen artifizial, arrain urdin, arrain zuri, hezurrak hautsi, korronte alterno, lasaitua hartu, gaupasa egin eta greba egin. Baina horiek soilik ez, beste asko eta asko dira zuzendu, osatu edo moldatu dituzten formak. Esaterako, ohiko lexiak txertatu dira hiztegian, hau da, forma konplexu gardenak, definiziorik gabe ulertzen direnak. Adibidez: irratia piztu, irratia itzali, telebista piztu, betaurrekoak jantzi, gol(-)zaparrada, kreditua eskatu, kreditua eman… Edota Exonomastika Batzordeak berrikusitako arauetatik jasotako espainiar eta frantziar estatuetako herritarrak: aragoiar, huescar, zamorar, landestar, perpinyar, proventzar… WEBGUNEAN HOBEKUNTZAK Egungo eguneraketaz gainera, ezin ahaztu 2023. urteearen hasieran Euskaltzaindiak bere webguneko atal ezberdinetako edukiak hobetu eta indartu zituela eta, besteak beste, bilatzaile berri bat garatu zuela, funtzionalagoa eta bilatzeko aukera berriak eskaintzen dituena. Baina ez hori bakarrik, Euskararen Gramatika bezalako hainbat argitalpenen online bertsioak ere gehitu zituen. Era berean, iaz webgunearen gaztelaniazko bertsioa zabaldu eta berritu zuen, eduki eta funtzionalitate berriak eskainiz. Besteak beste, orri nagusia berritu zuen albisteak gaztelaniaz erakutsiz eta Euskaltzaindiaren informazio instituzional osoa gaztelaniaz eskainiz. Esan beharra dago, azkenik, onomastikako datu-baserik erabilerrazena kontsultatzeko aukera ere eskaintzen dela orain, baita sarbide zuzenak dituzten argitalpenen katalogoa kontsultatzekoa ere. forma berrien artean, ondorengo hauek aurki ditzakegu: flexo, fobiko, enpaste, biorritmo, adimen artifizial, arrain urdin, arrain zuri, hezurrak hautsi, korronte alterno, lasaitua hartu, gaupasa egin edo greba egin.