03 DéC. 2024 Euskaraldia berrasmatu euskararen aldeko mugimendua aktibatzeko Euskaraldia, euskararen erabilera sustatzeko ariketa sozial erraldoiaren laugarren edizioa datorren urteko maiatzaren 15etik 25era egingo da eta “Elkar mugituz egingo dugu” izango du lelo. Oraingo honetako erronka herritarrengan ilusioa piztea eta euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortzea izango da. Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea, 2025eko edizio berriaren aurkezpenean. (Idoia ZABALETA | FOKU) MIKEL AGINAGALDE Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia urriaren amaieran egin zuten Iruñean eta edizio berriaren hainbat xehetasun plazaratu zituzten. Erronka handia aurreikusten dute antolatzaileek, hots, Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia egitea. Ekimenaren bultzatzaileek nahi dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala ez mugatzea soilik egun zehatz batzuetara, baizik eta euskararen lurralde osoan zabaltzea, denboran eta gizartean. Orain artean egin diren hiru ekitaldien ondoren, antolatzaileek ondorioztatu dute Euskaraldia beharrezko ariketa soziala dela, eta jakin badakite ariketa hori eragingarria izan dela, kasu askotan, hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean. Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen hitzetan, «Euskaraldia euskararen erabileran eragiteko dugun tresnarik, biderik eta modurik masiboena da. 320.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu du aurreko edizioetakoren batean». Hala ere, koordinatzailearen ustez, Euskaraldiak baditu oraindik orain zenbait muga, eta muga horiek gainditu behar omen dira orain arte lortutakoaz harago joan ahal izateko. Gauzak horrela, eta arestian aipatutako erronkak gauzatzeko asmoz, hainbat berrikuntza txertatuko dituzte datorren urteko edizioan. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimenari «reset» egin eta sistema berrabiaraztea erabaki dute Euskaraldia bera hobeto ikusi, ulertu eta bizitzeko. «Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dugu, euskaldun eta euskaltzaleak kalean mugiarazi. Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendearen dinamika soziala batu, prestatu, antolatu eta indartu, hain zuzen», adierazi zuen Urkijok iragan urrian Iruñean egindako aurkezpen ekitaldian. Eta aurtengo ediziorako aukeratu duten “Elkar mugituz egingo dugu” leloaren zergatia ere argudiatu nahi izan zuen Urkijok. Haren arabera, sloganak «jendartearen aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta pertsonek besteengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitzen du, eta besteak bata, inertzia linguistikoak eraldatuz». Izan ere, Euskaraldiko koordinatzailearen arabera, euskaraz emititzen den lehen hitzetik, edota euskara erabiltzen dugun bakoitzean, solaskidea eta gizartea bera mugitzen omen ditugu. «Elkarreragin bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta ekintza bera aldi berean milaka eta milaka pertsonek egiten badute, efektu biderkatzailea lortzen da», azaldu zuen. GUZTION EKARPENA Gisa horretako ekimen sozial erraldoia gauzatzeko, ezinbestean, gizabanako, gizarte eragile eta erakundeen aportazioa beharrezkoa da. Horrexen beharra azpimarratu eta aldarrikatu nahi izan dute Euskaraldiaren antolatzaileek. Zentzu horretan, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordeak proiektu horren bihotza elkarlana dela adierazi zuen aipatu aurkezpen ekitaldian. «Euskaraldian guztiok parte hartzen dute, bakoitzak bere esparruan asko eskain dezakegulako». Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, aldiz, euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa eman beharra dago: «Lanean jarraitu behar dugu euskara lan eremuan eta aisialdian presente egon dadin, bai eta euskararekin harremanik ez dutenengana hurbiltzeko ere». Bestalde, Maider Behoteguy Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari eta belarriprest hasiberriak euskal hizkuntzaren presentzia handitzearen eta euskara erabiltzeko espazioa zabaltzearen aldeko mezua helarazi nahi izan zuen. Zentzu bereko hitzak izan zituen Irati Iciar Euskaltzaleon Topaguneko presidenteak ere: «Euskararen erabilera eta mugimendu euskaltzalea hiri eta komunitatetik sustatzeko moduak berrasmatu nahi ditugu». Euskaraldia hasia da jada motorrak berotzen Datorren urteko maiatzean ospatuko bada ere, Euskaraldia martxan da jadanik. Ekimenean murgiltzen hasteko zenbait ekitaldi antolatu dituzte aurtengo urtean zehar hainbat herritan. Iragan irailean, esaterako, Euskal Herri luze zabaletik etorritako berrehun lagunetik gora bildu ziren Eibarko Coliseo antzokian, Euskaraldia ON! izeneko topaketan. Bertan, Euskaraldiaren antolaketan ibili diren edo ibiliko diren boluntario, teknikari eta eragileek herritarren aktibaziorako modu eta molde berrien proposamenak entzun ahal izan zituzten. Azaroaren 7an, bestalde, Euskaraldiaren enbaxadore izango den hamaikakoa aurkeztu zuten Bilbon. Besteak beste, komunikazioan, kirolean, musikan zein sukaldaritzan aritzeagatik Euskal Herrian ezagunak diren hamaika pertsonarekin osatu dute laugarren Euskaraldiaren enbaxadore taldea. Ekimenaren koordinatzaileek azaldu zutenez, talde «anitza» osatu dute, «inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldian parte hartuko duena». Honako hauek osatzen dute 2025eko Euskaraldiko enbaxadore taldea: Eneko Atxa sukaldaria, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria, Aitor Bengoetxea musikari eta break dantzaria, Lutxo Egia idazlea, Eneko Garcia (Albina Stardust) trabestia, Ana Goitia kazetaria, aurkezlea eta umoregilea, Itziar Ituño aktorea, Roberto Moso komunikatzailea, Zibel Untsain dantzaria, Esti Urresola zinemagilea eta Mikel Urrutikoetxea pilotaria. Euskaraldiaren laugarren edizioaren “Elkar mugituz egingo dugu” leloarekin bat eginez, hamaikakoa osatzen dutenek euskararen erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak. Halaber, enbaxadore diren heinean, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, kide edo ezagunei Euskaraldian parte hartzeko gonbitea luzatuko diete. M.A. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimenari «reset» egin eta sistema berrabiaraztea erabaki dute Euskaraldia bera hobeto ikusi, ulertu eta bizitzeko.