03 DéC. 2024 Euskararen aurkako oldarraldia, gero eta bortitzagoa Iazko azaroaren 4an Bilbon euskararen kontrako oldarraldia salatzeko manifestazio jendetsua egin zenetik urtebetera, euskararen aurkako sententziek ez dute etenik izan, udal zein foru erakundeetako lan eskaintzen aurkako eraso larriekin. Kontseiluak «aurre egiteari utzi eta aurrera egiten hasteko garaia» dela nabarmendu du. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako Udalaren errekurtsoaren aurka emandaok epaia salatzeko irailean egindako elkarretaratzea. (Gotzon ARANBURU) JOSEBA SALBADOR GOIKOETXEA Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, epai horien bidez botere judiziala hizkuntza-politiken joko-arauak aldatzen ari da, euskararen ofizialtasunaren mugak murriztuz eta, beraz, normalizazio prozesua oztopatuz eta herritarren eskubideak kaltetuz. Urtea hasi eta gutxira, urtarrilean, Donostiako epaile batek atzera bota zuen hiriburuan udaltzain jarduteko bi lanposturako euskara eskakizuna. Helegitea jarri zuena udaltzain izan nahi zuen norbanako bat zen, eskatzen zen euskara mailarik ez zuelako. Eta epaiak errekurtso horren alde egin zuen. Otsailean, epaileek Bizkaiko Foru Aldundiko 227 lanposturen egonkortze, promozio eta esleitze prozesuak baliogabetu zituzten, euskararen ezagutza eskatzea «diskriminatzailea» zela iritzita. Argudio bezala, hautagai euskaldunen eta gaztelaniadun elebakarren proportzioak kontrajarri zituen, aintzat hartu gabe euskaldun guztiek gaztelania ere ezagutzen dutela eta bi hizkuntzetan lan egin eta harremana bermatzeko gai direla, euskara ezagutzen ez duten elebakarrek ez bezala. Sententziak, gainera, lanpostuen esleipena amaitzear zegoenean heldu ziren, lanpostu publikoa eskuratzera zihoazen berrehundik gora langileren etorkizuna kolokan jarriz. Otsailean baita ere, Nafarroako Kontseiluak herrialdeko Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko dekretuaren gaineko irizpena eman zuen. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gogor salatu zuten ebazpena, euskara eta hizkuntza-eskubideak mespretxatzen dituelako. Izan ere, eremu mistoko Osasunbideko zerbitzuetako lanpostuetan oro har euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertzen da baina, aldi berean, funtsezkoa iruditzen zaio ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza «Europar Batasuneko hizkuntzak direlako». PASAIA, EIBAR, DONOSTIA Bi hilabete geroago, apirilean, Donostiako bi epaitegik Pasaiako Udalak 2023an egindako kale-garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman zituzten. Epai horien arabera, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratu egiten dela argudiatuz. Apirila amaitu baino lehen, Donostiako epaitegi batek Eibarko Udalaren aurkako sententzia eman zuen, udaltzain bat 1992tik hizkuntza-eskakizuna zuen lanpostu baterako euskararen ezagutza egiaztatzeko betebeharretik salbuetsiz. Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen normalizazioaren eta herritarren hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi judizialean kokatu zuen epai berri hori, auzitegia juridikoki eztabaidagarria den 2023ko Laudioko beste sententzia batean oinarritzen delako. Maiatzean, berriz, jakin zen Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuela tramitera onartu Uliazpiko lan deialdiaren aurkako sententziaren aurka Gipuzkoako Diputazioak aurkeztutako helegitea. 2023ko martxoan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Uliazpi Fundazioak lan deialdian hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak zirela iritziz. Ekainean, Bilboko epaitegi batek Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian euskararen ezagutza eskakizuna baliogabetu zuen. Irailaren hasieran, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen 2021ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan behin-behinean udaltzain laguntzaileen lan poltsa bateratura sartzeko jarri zuten euskara eskakizuna, «diskriminatzailea» zela argudiatuz. Horretarako, euskararen normalizazio prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren bidez garatzen joan den jurisprudentzia berria erabili zuen argudio gisara; hain zuzen, 2021eko Irungo udaltzainen auziko sententzia. Besteak beste, sententziak dio «neurrigabea» dela lan poltsako hautagai guztiei euskara ezagutzea eskatzea, baina epai horren ondorioz lanpostu bakar baterako ere ez da beharrezkoa izango euskaraz jakitea. Irailean bertan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako Udalaren errekurtsoaren aurkako epaia argitaratu zuen, udaltzainek euskara ezagutzeko baldintza atzera botaz. Ebazpenaren bidez, 2022ko udaltzaingoko hainbat lanpostu egonkortzeko deialdiaren hizkuntza-eskakizuna baliogabetzeko Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Aretoaren erabakia berretsi zuen. Joan den urrian, Donostiako epaile batek bertan behera utzi zuen Gipuzkoako Kabia erakundeko egoitzako laguntzaileen egonkortze prozesua, bertan jasotako euskara ezagutzeko eskakizunak «gehiegizkoak» direla argudiatuta. Kabia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikitakoa organismo autonomoa da, adinekoen eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen dena. Egoitza ezberdinak ditu Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Bergaran, Eibarren, Elgoibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen, Lasarte-Orian, Oñatin, Ordizian, Pasaian, Tolosan, Villabonan eta Zumaian. Epai horrek, beraz, milaka erabiltzailek beren hizkuntzan zainduak izateko duten eskubidea urratu du, baina baita langile askoren bizi jardunak ere. Izan ere, asko izan dira zaintza duin bat eskaintzeko beharrezko euskara maila lortzeko ahalegina egin duten langileak, hori nahitaezko baldintza modura ulertzen dutelako. Urrian, baita ere, Donostiako auzitegi batek Gipuzkoako Foru Aldundiko aterpetxe garbitzaile lanpostuetarako eskatzen den hizkuntza profila «neurrigabea eta diskriminatzailea» dela adierazi zuen. KONTSEILUA, KEZKATUTA Egoera honen aurrean, Kontseilua kezkatuta agertu da: «Oldarraldiak ez du etenik izan; auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza-eskubideak gutxiesten jarraitu dute Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, gero eta interpretazio murriztaileagoarekin», nabarmendu du. Horren aurrean esperantza izpiak ere badaudela gaineratu du Kontseiluak. «Epai euskarafobo bakoitzeko, herritarren eta afektatutako langileen mobilizazioak ikusi ditugu, erantzun irmoak euskararen normalizazioaren defentsan». Alde horretatik, «aurre egiteari utzi eta aurrera egiten hasteko garaia» dela berretsi du. «Euskararen normalizazio eta biziberritzea atzeraldi arriskutik ateratzeko, ezinbestekoa da hizkuntza-politiketan jauzi sendo bat egitea». Hizkuntza-larrialdiaren aurrean, EHE-k Durangon mobilizatzeko deia egin du Euskarak bizi duen larrialdi egoeraren aurrean, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak mobilizazio nazionalera deitu du, abenduaren 7an Durangon, azokaren testuinguruan eta “Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” lelopean. «Euskarak, euskaldunok, urteak daramatzagu ez atzera, ez aurrera. Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako, eta beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera. Baina, handik urrun gaude, oso urrun oraindik. Jada ez da ikuspegi kontua, sendo frogatuta dago eta kontzientzia hartu behar dugu: gure hizkuntza larrialdi egoeran dago», adierazi dute EHEko bozeramaileek. Izan ere, euskararen aurkako oldarraldiak azkenaldian hainbat eremutik bizkortu egin direla salatu dute: «Epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik, zein hainbat sindikatu eta alderditatik». Oldarraldi hau ez dela fenomeno isolatua nabarmendu dute, eta «munduan zehar indartzen ari den olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren barruan» kokatu dute. «Logika berberaren baitan altxatzen dituzte olatu atzerakoiak: langileon bizi baldintzak kaskartu, emakumeon eskubideak murriztu, sexu disidentziak zigortu, etorkinekiko gorrotoa hauspotu, interes elitisten mesedetarako herriak zatitu eta suntsitu… Ez dugu mundu hori nahi. Ez dugu atzerapausorik onartzen. Faxismoari aurre egin behar diogu, euskaratik eta euskalgintzatik ere!», aldarrikatu dute. Egoera horren aurrean, erantzuteaz gain, EHEk aurrerapausoak emateko deia egin du, «gatazka egokiak piztuz, pedagogia eginez, bestelako borrokekin saretuz, eta espazioak irabaziz». Gainera, Euskal Herri euskalduna lortzeko «beharrezkotzat» jotzen du «euskara ardatz izanen duen independentzia lortzea; hau da, Euskararen Errepublika eraikitzea». «Ez dugu dagoenarekin konformatu nahi, ez dugu anestesia edo lasaigarririk behar, herri euskaldun eta burujabe bat nahi dugu. Aske zentzu guztietan. Eta horregatik, bide hori egin nahi duten mugimendu eta borroka guzti horiekin batera eraikiko dugu burujabetza. Ez gara zerotik hasten, asko da jada egin dena; beraz, gauden tokitik abiatuta eta aurrekoek egindako bidetik ikasiz, egin dezagun burujabetzarako bide hori, egunerokoan, intsumisiotik eta antolatuta. Euskal Herria izan dadin mundu ilun honetan itxaropen-argi, askapenerako bidean inspirazio-iturri». Hori guztia dela eta, “Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” lelopean, manifestaziora deitu dute abenduaren 7an, Durangon, 18.00etan Landako Gunetik abiatuta. J.S. urrian, Donostiako epaile batek bertan behera utzi zuen Gipuzkoako KABIA erakundeAREN egoitzako laguntzaileen egonkortze prozesua, bertan jasotako euskara ezagutzeko eskakizunak «gehiegizkoak» direla argudiatuta. Epai horrek milaka erabiltzailek BEREN hizkuntzan zainduaK izateko duten eskubidea urratu du, baina baita langile askoren bizi jarduna ere.