03 DéC. 2024 Euskararen presentzia ikusgarri egiteko semaforoa Elikagaietan egin ohi den antzera, «euskararen semaforoa» jarri du abian Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak ekitaldi edo jarduera batean euskaraz aritzeko dauden aukerei buruz informazioa emateko. Ekimenak oihartzuna izan du Aiaraldetik harago eta Aguraingo Udalak tresna berritzaile honekin etiketatu du jaietako egitarau ofizial osoa. Jarduera bakoitza zein hizkuntzatan den azalduz, agerian geratzen da euskararen eskaintza handitzeko beharra. (GARA) M.A. Euskararen semaforoa izeneko egitasmo berritzailea abiatu du aurten Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskaraz egiten den kontsumoa, eskaintza eta eskaria bultzatu eta sustatzeko, euskarari presentzia handiagoa emateko eta hizkuntza eskubideak erdigunera ekartzeko. Modu horretan, urte osoan zehar Aiaraldean aurreikusitako aisialdiko ekintzek, ikastaroek, argitalpenek, egitarauek eta abarrek eskaintzen duten hizkuntza aukerei buruz informatuko du semaforoak. Ekimena urte hasieran abiatu zuten, eta orain artean harrera ona izan duela esan daiteke, hainbat erakunde eta elkarte batu baitira dinamika berri horretara martxan daraman denboran. Kontseilutik azaldu dutenez, elikagaien balio nutrizionalei buruz informatzeko balio duen «nutri-score» sistema hartu dute oinarri gisa ekimena sortu eta garatzerako garaian. Erakunde horrek zehaztu du, halaber, iniziatiba hori herritarren, elkarteen, entitateen, antolatzaileen eta instituzioen eskura egongo dela, eta praktikoa, argia eta zuzena izango dela, berehalako informazioa eskainiz, programatutako eskaintzaren hizkuntza aukerei buruz. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak balioan jarri nahi izan du berriki eratutako egitasmoa eta bertako ordezkariek adierazi dutenez, «euskarazko eskaintza eta kontsumoa bultzatzeaz gain, alor batzuetan euskararen eskaintza handitzeko beharra nabarmen eta agerian utziko du». Izan ere, erakunde horren arabera, «ekintzak programatzeko orduan hizkuntza eskubideetan arreta jartzea beharrezkoa da. Bide berriak zabaldu behar dira, adibidez, erdaraz eskaintzen den hitzaldi batean publiko euskaldunak galderak bere hizkuntzan egiteko aukera bermatuz; edo erdaraz eskaintzen den ikastaro batean, ikasleari euskaraz mintzatzeko aukera emanez, irakasle elebidunak kontratatuz». Modu horretan, berriki sortutako tresna hori erabiltzeko deia luzatu nahi izan die Kontseiluak, besteak beste, Aiaraldeko elkarte, instituzio, programatzaile, antolatzaile eta sortzaile desberdinei. Era berean, herritarrak ere gonbidatu nahi izan ditu erakundeak euskarazko kultura, aisialdia, ekintzak eta ikastaro eta dena delakoak eskatu, bultzatu eta kontsumitzera. Hala, #euskararenSemaforoa traola jarri dute eskuragarri herritar, erakundeek eta gainerako erabiltzaileek tresna berria eskura izan dezaten. Halaber, Euskararen Semaforoa erabili ahal izateko argibideak, diseinuak eta adibideak denon eskura izateko webgune bat ere sortu dute. LEHEN ATXIKIMENDUAK Semaforoa berde jarri, eta aurrera doa egitasmoa. Aiaraldeko Euskararen Kontseiluak martxan jarritako tresna berritzaileak oihartzuna izan du dagoeneko eta eskualde horretako udalek bat egin dute jada egitasmoarekin (Arespalditza, Amurrio, Artziniega, Okondo eta Laudio). Eskualdetik harago, beste eragile batzuk ere interesa azaldu dute ekimena bere egiteko. Horien artean Aguraingo Udala, Aguraingo Txosnagunea, Arabako Foru Aldundiko eta Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zerbitzuak. Aguraingo Udalak, esaterako, euskararen semaforoarekin etiketatu ditu aurten herriko jaietako egitarauko ekitaldi guztiak. Horrela, jarduera bakoitzarekin batera semaforoaren irudi bat agertu da, jarduera hori zein hizkuntzatan den azalduz: euskara hutsean, nagusiki euskaraz, elebidunez, erdaraz baina euskaraz egiteko aukerarekin, edo erdara hutsez. Hauetako egoera bakoitza «nutro-score» sisteman oinarritutako letra eta koloreekin adierazten da. Esan bezala, arrakasta izaten ari den dinamika da euskararen semaforoa, eta Aiaraldetik Euskal Herri osora hedatzea espero dute bultzatzaileek.