GARA Euskal Herriko egunkaria

Zaldibia, euskararen eta kulturartekotasunaren elkargunea

Euskara eta kulturartekotasuna egitasmoan parte hartzen ari diren 24 herritako eskolen, udalen eta talde eragileen topaketa egin dute aurten Zaldibian. UEMAk (Udal Euskaldunen Mankomunitateak) antolatutako ekitaldian, orain arte egindako lanari buruz eta etorkizunean hartu beharreko bidearen inguruan hausnartu dute.

Zaldibiako topaketan 24 herritako ordezkariak elkartu ziren: eskoletako zuzendariak eta irakasleak, gurasoak, udaletako ordezkariak eta teknikariak, eta talde eragileetako kideak. (UEMA)

Topaketa martxoaren 7an egin zen Zaldibian eta egitasmoaren arduradun Maialen Zuazok ordura arte egindako lana oroitu eta goraipatu nahi izan zituen, lehen-lehenik, eta elkarren berri izateko zein bidean ikasitakoak partekatzeko beharra nabarmendu zituen ondoren. «Orain arte batu den jakintza partekatzea da topaketa honen helburua», adierazi zuen.

Zuazok esandakoaren arabera, topaketaren erdigunea talde dinamika izan zen, bakoitzak bere esperientzia kontatzea eta zailtasunak eta erronkak konpartitzea izanik eurentzat interesgarriena eta aberasgarriena. «Egitasmo hau berri-berria da guztiontzat, ikasten eta bidea egiten ari gara. Batzuk bide horretan aurrerago doaz, eta hasi berrientzat lagungarriak izan daitezke euren aholkuak eta praktikak. Beste batzuek bidezidor ezberdinak jarraitzea aukeratu dute, eta horien kontakizunak ere seguru beste herri batzuentzat baliagarriak izango direla», esan zuen.

HARTU ETA EMAN

Izan ere, UEMAko ordezkariaren arabera, topaketa horren bidez lortu nahi dena da, batik bat, besteentzat interesgarriak izan daitezkeen praktika onak ezagutaraztea eta egoera zehatzen aurrean gainerako pertsonek eta eragileek zer nolako erabakiak hartu dituzten helaraztea. «Euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko lan honetan herri asko lanean ari garela irudikatu nahi izan dugu, eta eskolan egunez egun egiteko modu berriak martxan jartzen ari diren irakasle edo zuzendari horiek babes hau senti dezatela», nabarmendu zuen.

UEMAko ordezkariek ez ezik, Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako eta Ondarroako Zaldupe eskolako ordezkariek ere haien mezua helarazi nahi izan zuten. Hala, herri horietako eskoletan izan duten esperientzia eta ibilbidearen berri eman zuten, baita ekimenak ekarri dituen aldaketa eta onuren berri ere. Azaldu zutenez, egitasmoaren bitartez euskara erdigunean jarri eta kulturartekotasuna zein aberatsa den erakutsi dute.

Adierazpenen ostean, topaketara bertaratutakoak bost taldetan bereizi zituzten eta UEMAko ordezkariek eginiko zenbait galderaren inguruan gogoeta egin zuten, ondoren, adostutako erantzunak plazaratuz. Esate baterako, egindako ibilbideari buruzko edota prozesuan gainditu behar izandako oztopoen inguruan mintzatu ziren.

Bukaerako mezua, azkenik, UEMAko teknikari Elixabet Urzelaik eman zuen. Etorkizuneko erronkei buruz aritu zen, eta aurrerantzean hartu beharreko norabidearen xehetasunak ere zehaztu zituen; besteak beste, euskara eta kulturartekotasuna egitasmoa lantzeko eta sistematizatzeko irizpideak, prozesuaren nondik norakoak, eta eragile bakoitzaren funtzio eta zereginak zein izan beharko duten eta horiek nola kudeatuko diren aurrerantzean.

EKIMEN BALIAGARRIA

Egitasmo hori UEMAk eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak abiatu zuten 2021-2022 ikasturtean Zaldibian, bertako Udalarekin, eskolarekin eta beste zenbait eragilerekin batera elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. 2022-2023 ikasturtean, ordea, Aizarnazabal, Ibarra, Leitza eta Ondarroako eskolak batu ziren ekimenera, eta ondoren Alegia, Arbizu, Areatza, Asteasu, Azpeitia, Bera, Itsasondo, Legorreta, Lizartza, Markina-Xemein, Mutriku, Oñati eta Orioren txanda izan zen.

Denera, hogei talde eragile lanean ari dira herriotan, eta 600 guraso inguruk ere parte hartu dute egitasmoan. Horrez gainera, 600 irakasleri eman zaie ekimenari buruzko ikastaroa. Azpeitiaren eta Markina-Xemeinen kasuan, aldiz, egitasmoa ikastetxe bakarrean burutu ordez, herri horietako ikastetxe guztiak, udala eta herriko eragileak parte hartzen ari dira esperientzia pilotuan.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi UEMAk bideo bat sortu duela Zaldibiako topaketan parte hartu zuten eskola, udal eta talde eragileetako hamabi pertsonen testigantzak bilduz.

Ikus-entzunezko sorkuntza horretan, gizabanako horien ibilbidearen, prozesuari ekiteko motiboen edota etorkizunean aurreikusten dituzten erronken inguruan mintzatzen dira protagonistak.



Ekinbide berriak, erronka handientzat

Etengabe eraldatzen ari den errealitatea da euskal gizartea. Erronka demografikoak helburuak finkatu eta erronkei aurre egitea eskatzen du. Bide hori jorratzeko asmoz sortu zuen UEMAk Euskara eta kulturartekotasuna egitasmoa. Programa horren helburua bikoitza da; batetik, euskara izatea ikastetxeetako komunitateen komunikazio hizkuntza; eta bestetik, euskaraz ez dakiten atzerritarren ulermena erraztu eta euren parte hartze soziala sustatzea.

Azken erronka horri erantzuteko, besteak beste, itzulpena eskaintzen zaio behar duenari Telegram aplikazioaren bidez, eta modu horretan euskara ulertzen ez duten guraso guztiei ematen zaie parte hartzeko aukera, betiere bikoiztasunak saihestuta eta euskarari zentraltasuna kendu gabe. Baina ez hori bakarrik, ikastetxeetako gurasoek egitasmoaren informazioa biltzen duen diptikoa ere jasotzeko aukera izan dute, hezkuntza komunitatean gehien erabiltzen diren hizkuntzetan: euskara, espainiera, ingelesa, arabiera, urdua eta wolofa.

Esan bezala, egitasmoaren gakoa da euskaraz bizi diren herriak euskaraz bizitzen jarraitzea, baina hizkuntza ezagutzen ez duten familiak bazterrean utzi gabe, eta haien integrazioan positiboki eraginez. Helburu hori lortzeko bidean, ekimenaren arduradunek ezinbestekotzat jotzen dute espazio zehatz batzuk konpartitzea eta, ahal den heinean, konplizitateak bilatzea. Hala, bide berriak jorratu behar omen dira elkarrengandik ikasteko eta hobetu ahal izateko. Ondu beharreko alderdien artean aipatzen dira, besteak beste, aldibereko itzulpenak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak. M.A.