04 DéC. 2024 EUSKARAREN EGUNA Larrialditik indarraldirako bidean, ekintzez eta mezuz betetako data bat Euskararen Eguneko ekitaldi ofizial nagusia Bilbon egin zen, euskaldunak korrontearen aurka bizi diren hirian, korronte hori aldatzeko borrokan. Bertan sinatu zuten Euskaltzaindiak eta Madrilgo Kongresuak lehen hitzarmena ere. Baionan EHEko bi kide atxilotu zituzten, auzitegian «Justizia euskararentzat» marraztu ondotik. Eta Zaldibian euskara eta kulturartekotasuna batu ziren. Euskararen Eguneko ekitaldi ofizial nagusia Bilboko Euskaldunan egin zen. (M. MTNEZ DE TRESPUENTES | FOKU) Maider IANTZI GOIENETXE «2025a larrialditik indarraldirako bideari ekiteko urtea izango da», adierazi zuen Euskalgintzaren Kontseiluak Euskararen Egunaren karietara plazaratutako agirian. «Garaiz gaude euskararen eta euskal hiztun komunitateari etorkizun oparo bat bermatzeko». Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia eten dela erakusten duten zantzuak nabarmenak direla ohartarazi zuen: «Eremu euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea. Hiztunen %17,5 baino ez dira egunero euskara erdarak adina edo gehiago erabiltzen dutenak». Alegia, «erabilera soziala ahula da» eta «ahultasun horrek lotura zuzena du euskararen eta euskal hiztunen estatusarekin». Bere lurraldeko eremu zabal batean euskarari ukatu egiten zaio ofizialtasuna. Ofiziala den eremuan, aldiz, «oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko gogorra gertatzen ari da». Neurri egokiak epe laburrean hartu ezean, atzeraldia datorrela gaitzetsi zuen. «Bilbo euskaraz dator!», aldarrikatu zuen Guka! hiriko hainbat euskaltzalek aurten sortutako mugimenduak. «Bilbon korrontearen kontra bizi gara euskaldunok. Euskara ikasteko, erabiltzeko, lasai eta eroso aritzeko milaka oztoporen aurka ari gara. Baina korronte hori aldatzeko auzoz auzo eta hiri osoan ari gara». Bizkaiko hiriburuan sinatu zuten Euskaltzaindiak eta Espainiako Diputatuen Kongresuak lehen lankidetza hitzarmena ere, xede bikoitzarekin, sinbolikoa bata eta praktikoa bertzea: euskarari buruzko prestakuntza, jakintza eta zabalkundea sustatzea, bereziki hizkera juridikoaren arloan. Bilbon egin zen Euskararen Eguneko ekitaldi ofizial nagusia, Euskalduna Jauregian. Eta bertze jauregi batean, Baionako auzitegian, Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi ekintzaile atxilotu zituzten, atarian «Justizia euskararentzat» izkiriatu ondotik. Euskaltzaleek larunbatean Durangon eginen den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten. «Munduan hitza eta tokia dugula adierazteko modua, bagarela eta izan nahi dugula adieraztekoa» da euskara, idatzi zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Agurne Gaubekak sare sozialetan. «Har ditzala euskarak plaza berriak, aspaldi irabazitako eremuak, pantailak, jolastokiak, etxeko egongelak eta sormena. Euskararen Eguna egunero izan dadin lan egiten dugu», partekatu zuen Elhuyarrek. Eta Osasunak, «euskaraz gure izena eta gure izana!». ARNASGUNE SOZIO-FUNTZIONALAK SORTZEKO SAIAKERAK Zaldibia, euskara eta kulturartekotasuna egitasmoan parte hartzen ari diren 24 herritako eskola, udal eta talde eragileen topagunea izan zen. UEMAk antolatutako ekitaldian orain arte egindako lanaz eta etorkizunean hartu beharreko bideaz hausnartu zuten. EH Bilduk eta EH Baik «anbizio handiko hizkuntza politikak» martxan jartzeko unea dela defendatu zuten agiri bateratuan. Euskararen ezagutzaren unibertsaltasuna erdigunean jarri nahi dute. Horrez gain, «arnasgune sozio-funtzionalak sortzeko ahaleginak» handituko dituzte. EAJk, ordea, ardura euskal hiztunek hartu behar dutela azaldu zuen, instituzioei «konturik eskatu gabe». Ekintzez eta mezuz betetako datan, testuinguru honetan, larrialdian gaudela erratea ez da Kontseiluarentzat arrangurarako dei bat, are gutxiago etsipenerakoa: «Larrialditik indarraldirako bideari ekiteko lehen urratsa da». «OREKA»«Euskararen aldeko neurriek ‘oreka linguistikoa’ apurtzen omen dute. Ez al dira desoreka ikusteko gai? Euskararen ofizialtasunaren bosgarren hamarkadan gaude eta oraindik justiziak ez daki euskaraz, ezta euskarak justiziaz ere», adierazi zion Manex Mantxola Kontseiluko kideak GARAri elkarrizketan.