10 DéC. 2024 Mugikorrik gabeko guneak, haurrek merezi duten arreta jaso dezaten Sarri besteengan jartzen dugu fokua, baina Ibarran sortu duten mugikorrik gabeko guneen ekimenak begirada norberarengan jartzea eskatzen du. Aldi berean, txikiak arriskuetatik babestea du xede. Harrera bikaina izan du eta, abiatu berri bada ere, eragina sumatzen da jada. «Parkean zaudenean, panela ikusiz gero, mugikorra poltsikora doa». Mugikorrik gabeko guneen bultzatzaileak, Ibarrako paneletako bat erakusten. (Maialen ANDRES | FOKU) Maider IANTZI IBARRA Ibarrako haurrek gehien erabiltzen dituzten guneetan panelak jarri dituzte: jolas parke guztietan, pilotalekuan, baita anbulatorioan ere. Hamabi kartel guztira. Honako esaldia irakur daiteke: «Mugikorrik gabeko gunea, eskerrik asko!». Ibarrako Udala, Gaztezulo eta Zugatik Gugatik taldearen artean gauzatutako ekimena da. Itziar Saizar Zugatik Gugatik taldeko amak adierazi duenez, egitasmo honen ideia haur eta nerabeek helduoi askotan egiten diguten galdera batetik sortu zen. «Helduok maiz esan izan diegu pantailekin gehiegi ibiltzen direla, ez direla onak. Eta haiek galdera batekin erantzun izan digute: orduan, zergatik erabiltzen dituzue zuek hainbeste?». Galdera horrek zer pentsatua eman zien eta gogoeta horretatik sortu zen ideia: erre ezin daitezkeen guneak dauden bezala, zergatik ez sortu mugikorrik gabeko espazioak? Hala jarri ziren harremanetan Udaleko Gaztezulo zerbitzuarekin. EREDU ONAK Helburua eredu onak izatea da. «Haurrek ematen diegun hori jasotzen dute, gehiago ikasten dute ikusten duten horretatik esaten diegunetik baino. Ondorioz, herritar orok ardura handia dugu gure jokaerekin. Xedea haur eta gazteak ondoan ditugunean gailu hauek ahal den neurrian ekiditea da, begiradak altxatu eta merezi eta behar duten arreta eskaintzea. Aurrez aurreko harremanak berreskuratzea». Izaskun Urrestarazu Gaztezuloko langileak azaldu duenez, ikasleekin landu zuten gaia, eta marrazki lehiaketa bat egin zuten. Taldeka, irudi ezberdinak marraztu zituzten, eta denen artean bat aukeratu zuten. Panelen marrazkiak debekuaren ikurra daraman arren, lorez apaindua dago. «Gazteek hala irudikatu nahi izan zuten eta asko gustatu zitzaigun. Loreak natura osasuntsu baten parte dira eta guk espazio hauek horrela ulertzen ditugu». Ondoren, esaldia pentsatu, eta halaxe sortu ziren panelak. Udala hasieratik egon da ekimenaren alde; bere babesa adierazi zien eta berak atera eta jarri ditu kartelak. Oraindik goiz da, baina eragina izan du. «Hasieran kosta egiten zaigu ohitura berrietara egokitzea, baina parkean zaudenean, panela ikusiz gero, mugikorra poltsikora doa!», agertu du Saizarrek. «Askotan nahi gabe edo errazegi ateratzen dugula iruditzen zait, beharrik gabe, aspertuta gaudelako edo… Menpekotasun handia daukagu gailu hauekiko. Eta nork bere buruaz hausnartzea ezinbesteko ariketa izan beharko luke. Noiz, nola eta zertarako erabiltzen ditugun jakitea, harremana osasuntsua izan dadin. Erabileran dagoelako gakoa; hau da, zuk gailua nahieran erabiltzea eta ez alderantziz. Baina hori zaila da oso, gu harrapatuta edukitzeko sortuak eta diseinatuak daudenean. Guri zaila egiten bazaigu, zer esanik ez 9, 10, 13 urteko haurrei». ALDAKETAK BADATOZ Zugatik Gugatik taldeko amaren ustez, besteek egiten dutena oso erraz ikusten dugu; alabaina, kosta egiten zaigu gurea ikusi eta onartzea. Fokua norberarengan jartzea eskatzen du ekimenak. Txikiak arriskuetatik babestea. Lehen gailua emateko adina ahalik eta gehien atzeratzea dela egokiena uste dute taldean. «Gurasook gero eta gehiago pentsatzen dugu lehen mugikorra ematerakoan. Ibarrako Uzturpe Ikastolan duela bi urte %98k mugikorra zuten DBH1en; orain, %80k ez dute». Urrestarazuk dioenez, txikitatik hezi behar ditugu haurrak eta erakutsi, digitalizazioak onurak badituela, baina arrisku handiak ere bai, sare sozialek bereziki. Gainera, «pantailen aurrean gauden ordu horietan, oso osasuntsuak diren gauza asko egiteari uzten diogu». Ibarrako ekimenak «harrera oso ona» izan du. Zorion eta eskertza mezu ugari jaso dute eta inguruko herrietatik ere deitu diete interesa agertuz eta informazio eske. OFFLINE BIZITZAGaztezulon egingo duten hurrengo formazioan, online eta offline bizitzaren arteko aldeak aztertuko dituzte, jabetzeko zer ematen diguten pantailek eta zer kentzen diguten eta dinamika ezberdinak egiteko gazteek offline bizitza aberatsa, erakargarria eta jostagarria dela ikusi eta bizi dezaten.