11 DéC. 2024 Emaginek ESIen artean dagoen kudeaketa ezberdintasuna oso larria dela salatu dute Osasun arlo osoan bezala, profesionalak falta direla salatu zuen Euskadiko Emaginen Elkarteak Legebiltzarrean. Leire Ascargorta eta Alaitz Garitaonandia honetaz mintzatu ziren NAIZ Irratian. Emaginek joan den ekainean Bilbon egindako protesta, langile falta salatuz. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA DONOSTIA Europan, 10.000 emakumeko 9,1 emagin baldin badaude, Euskal Autonomia Erkidegoaren datua 3,81ekoa da. Leire Ascargorta eta Alaitz Garitaonandia emaginek uste dute «pertsonal falta kudeatzeko moduaren» ondorioa dela gaur egungo egoera. Bi langileek NAIZ Irratiko elkarrizketan azaldu zutenez, urteak dira emagin falta dagoela. Orain dela 15 urte arazoa jada «oso larria» zen. Haien iritziz, aldatu dena pertsonal falta hori kudeatzeko modua da. «Lehen nola hala dena osatzen saiatzen ziren, baina orain ESIetako zuzendaritza bakoitzak erabakitzen du zelan kudeatu pertsonal falta hori. Horrek toki batetik bestera ezberdintasun oso handiak dakartza. Bai emakumeentzat bai eta langileentzat ere diskriminatzailea da, emakumeek zerbitzu ezberdina jasotzen dutelako eta langileok ere baldintza oso ezberdinak ditugulako lan egiten dugun tokiaren arabera», adierazi zuten. Oporraldietan profesional falta dagoenetan zer egiten duten galdetuta, hala erantzun zuten: «Anbulatorio batean bi emagin badaude, bat oporretan dagoenean besteak lan egiten du; eta bakarra badago, herri batean ondoko herrikoarekin konpondu behar du». Beste leku batzuetan egiten dutena da herri txiki askotakoa anbulatorio batean zentralizatu. Horrek ekartzen duena da eman ahal dugun arreta bakarra dela haurdunaldikoa eta haurdunaldi osteko kontrolekoa eta haurdunaldiko etenaldikoa. Beste ekintza guztiak ezin dira aurrera eraman, ez dagoelako aukerarik agendan. INSTRUKZIO BERA DENENTZAT Orain, gainera, duela aste batzuk sinatu den emergentzietako zerbitzuetako lan baldintzen instrukzioa Osakidetzako sektore guztietara ez zabaltzea «oso larritzat» jotzen dute. «Emergentziazko zerbitzuan ordezkapenak betetzeko erizain nahikorik ez dagoen moduan, ez dago ordezkapenak egiteko emagin nahikorik ere. Denok ditugu arazo berdinak; beraz, instrukzioa berdina izan beharko litzateke denontzat», eskatu zuten. Urteetan izan dituzten kexa eta eskarien aurrean entzungorrarena egiteaz kexu agertu ziren Leire Ascargorta eta Alaitz Garitaonandia. PAUSO GUTXI«Azken hilabeteetan gutxinaka aurrerapausoren bat» ematen ari direla adierazi zuten emaginek. «Entzuten digute, baina egunerokotasunean momentuz gauza handirik ez dugu nabaritu».